Trikornio beltzen egoitza iluna

Trikornio beltzen egoitza iluna

Ion Orzaiz / Nafarroako Hitza

Egutegiari desafioka ariko balira bezala, NO-DOren artxibotik edo Berlangaren film batetik atereak dirudite irudiek: herrialdeko presidentea, Madrildik ailegatu berri den ministroa eta sotana luzedun gotzaina, hisopoa astintzen. Aldamenean, guardia zibilak dozenaka. Gala-uniformeak eta txarolezko trikornioak. Botere politikoa, erlijiosoa eta militarra, elkar hartuta, ospakizun nazional-katoliko betean. Eszena hura, baina, ez da pelikula zoldatsu batetik ihes egindako pasartea; ezta propaganda frankistak zabaldutako dokumentu grafikoa ere. XXI. mendeko Nafarroan grabatu ziren irudiok (2015eko martxoan, zehazki), Fiteroko Guardia Zibilaren kuartel berriaren inaugurazio ekitaldian. Egun hartan, Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek ezinbestekotzat jo zuen proiektua, “herritarren aldarrikapen historikoa” zela argudiatuta. Eta hitzok entzunda, topa egin zuten gonbidatu denek, “Viva España!” eta “Viva la Guardia Civil!” oihukatzen zuten bitartean. Guztira, bi milioi euro gastatu zituen Espainiako Gobernuak, ia erabilerarik ez duen (eta inork eskatu ez zuen) kuartel bat eraikitzeko. Ospakizunetan dirutza gastatu ostean, bestondoa nagusitu da orain Fiteron. Eta txarolezko distiraren atzean trikornioaren beltza besterik ez da gelditu.

Aurtengo irailean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ohartarazpena egin zion Fiteroko Udalari, lur publikoen doako eskualdatzea irregularra izan zela argudiatuta, eta 30 eguneko epea eman zion, transferentzia hori berrikusteko. Ez da udalak jasotzen duen lehen abisua. Maiatzean ere antzeko eskaria egin zion auzitegiak, baina udal gobernu taldeak ez zuen ezer egin. Orain, ikerketa abiatzeko erabakia hartua du auzitegiak, eta prozesua ez oztopatzeko exijitu du. Heldu den astean amaituko zaio epea Fiteroko Udalari, auzitegiaren oharrari men egin eta kuarteleko lanen lizentzia udalbatzan eztabaidatu eta okerrak zuzentzeko. Hori egin ezean, Nafarroako Gobernuak esku hartu beharko luke, eta beharrezkotzat joko balu, lizentzia baliogabetu.

Momentuz, errezel zurrun eta opaku batek estaltzen du Fiteroko kuartelarekin zerikusia duen guztia. Egiazki, osasun etxea eta mediku kontsultategia eraiki behar zituzten orube hartan, baina Yolanda Barcinaren gobernuak ezarritako “doikuntza neurriek” bertan behera utzi zuten proiektua. Nafar exekutiboak ez ei zuen dirurik halako azpiegitura bati ekiteko, eta zer egin erabaki ezinik, lur saila Espainiako Barne Ministerioari oparitzea aukerarik onena zela otu zitzaien Fiteroko agintariei. Urte hartan, hamaika zinegotzik osatzen zuten udalbatza. UPNkoak dira denak.

Orduantxe hasi ziren irregulartasunak, legearen arabera, lur dotazionalak ezin baitira besterik gabe transferitu. Halako operazio bat egiteko tenorean, udal hirigintza plana aldatu beharra dago, baina UPNri ez zitzaion iruditu tramite hura betetzea beharrezkoa zenik, eta beraz, aurrera egin zuen. Udalbatza osoa kontrolatzearen abantailak.

Horrez gainera, udal ordenantzek ezarritako betebeharrei ere muzin egin zieten agintariek, eta etxebizitza bakarra eraikitzeko baimena izan arren, bost etxebizitza eta beste hainbat egoitza altxatu zituzten. Trabarik gabe. Oposiziorik gabe.

Fiteroko Udalaren eta Barne Ministerioaren jarrera harroak, ordea, ezinegona eragin zuen zenbait herritarren artean. “Kasualitate hutsez ohartu ginen. Guardia Zibilaren kuartela eraikitzeko proiektua argitaratu zenean, arkitektoa den lagun batek susmo txarra hartu zion eta bere kabuz ikertzen hasi zen, eta hari horretatik tiraka hasi ginen korapiloa askatzen”, dio Eva Calleja fiteroarrak. Hark aurkeztu zuen kuartelaren kontrako salaketa Nafarroako Administrazio Auzitegian, eta epaileek arrazoia eman diote… kuartela eraikia izan ostean.

UPNko eta PPko buruzagien arteko hartueman opakuek eragindako haserrea akuilua izan zen Callejarentzat eta beste zenbait fiteroarrentzat. AFI Fiteroko Elkarte Independentea sortu zuten, eta ezustekoa eman zioten UPNri maiatzeko udal hauteskundeetan, bost zinegotzi lortuta. Zerrendan hirugarrena zen Calleja. “Haiek baino 120 boto gutxiago lortu genituen, eta sekulako marka da hori herri honetan”, dio. Udalbatzan egoteak kuartelaren auzia gertuagotik ikertzeko aukera emanen ziela uste zuten AFIko kideek, baina Patxi Yanguas alkatearen jarrera itxiarekin egin zuten topo: “Ez du batzorderik antolatu nahi, ez digu informaziorik helarazten, eta ahal duen heinean, oztopatu egiten du gure lana”.

Iragan asteko osoko bilkuran, adibidez, kuartelaren inaugurazio ekitaldi erlijiosoaren harira eginiko gastu guztien ordainagiriak eskatu zizkion oposizioak UPNri, baina ordutik, zinegotziek ez dute erantzunik jaso. “Justifikatu gabeko 20.000 euro daude hor, eta hori ere argitu nahi dugu. Gure susmoa da bazkari eta halakoetan gastatu zutela”, dio AFIko bozeramaileak.

Guardia zibilak ere, kontra

Kuartelaren kontrako salaketak eta Administrazio Auzitegiaren ikerketa bera “ezker abertzalearen boikot” gisa aurkeztu zituen UPNko alkateak: “Ez dute Espainian integratutako Nafarroa foralean sinisten, eta proiektua boikotatu besterik ez dute egin orain arte, Nafarroako Parlamentuan eta Espainiako Kongresuan ekinbideak aurkeztuta”.

Diskurtso horrekin, zaku berean sartu zituen Yanguasek ezkerreko alderdiak, AFI, Fiteroko herritar kritikoak eta baita guardia zibilen elkarteak ere. Izan ere, AUGC Guardia Zibilaren sindikatu nagusiak berak gogor kritikatu zuen proiektua. “Diru xahutze alferrikakoa” eta “fabore tratua” salatu zituen elkarteak ohar batean: “Krisiaren testuinguruan, funtzionarioei soldataren %5 murriztu dieten unean, beste kuartel bat eraikitzea ezin da inolaz ere lehentasuna izan”. Fiterotik oso hurbil —Cintruenigon eta Corellan— Guardia Zibilak beste bi egoitza dituela gogorarazi zuen sindikatuak, eta zalantzan jarri zuen proiektuaren bideragarritasuna: “Fiteroko kuartel zaharra 1991. urtean itxi zen, lan karga eskasa zuelako, eta ez dugu uste egoera aldatu denik”.

Fernandez Diaz ministroaren ustez, baina, proiektua “behar-beharrezkoa” da herritarrentzat: “Enplegua sustatuko du, Fiteroko ekonomia indartu eta inbertsioak erakarri. Izan ere, inbertitzeko aukeren bila dabiltzan enpresentzat, segurtasuna da faktore garrantzitsuenetako bat. Fiteroko etorkizunarekin zer ikusia duen guztiak bultzada jasoko du kuartel honi esker”, esan zuen inaugurazio ekitaldian.

Hala ere, kuartela zabalik egon den hilabeteetan, Fiteroko herritarrek ez dute hobekuntzarik nabaritu. Nafarroa Garaiko langabezia tasarik altuenetakoa du oraindik herriak, eta Guardia Zibilaren egoitzak ez du inbertsiorik erakarri. “Gezur hutsa zen dena”, laburbildu du Eva Callejak. “Kuartelak herriko merkataritza sustatuko zuela, inbertsioak areagotuko zituela… Halakorik ez da gertatu, noski”.

Aitzitik, salaketak eta bizilagunen kontrako auzibideak izan dira ugaritu direnak. “2.000 biztanleko herri batean kuartel bat eraiki izana justifikatu nahian dabiltza, eta hortaz, jazarpena areagotu egin dute”, dio Callejak.

“Nire semea eta bere lagun batzuk, adibidez, atxilotu egin zituzten herriko igerilekuan baimenik gabe sartzeagatik. Guztiok txikitan egin dugun bihurrikeria da piszina itxita dagoenean bainatzearena. Garai batean, errieta egiten ziguten eta kito. Orain, berriz, delinkuenteen gisara tratatzen dituzte, eta salaketa jartzen diete, adingabeak izan arren”. Isunen kopuruak ere gora egin duela nabarmendu du fiteroarrak. “Itogarria da, eta jendea nazkatzen hasia da”.

Egoera pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari den arren, ordea, Fiteroko giro itxiak ustelkeriaren betierekotzea bermatzen duela uste du Callejak: “Zentzu askotan, 1940ko hamarkadan iltzatutako herria da hau. Erlijioa, tradizioak, Guardia Zibila… Askorentzat, normala da hori guztia, eta kostako da aldatzea”.

Ministroaren interesak

Jorge Fernandez Diaz ministroa bera giro atzerakoi eta militarista horretan hazi eta hezi zen, Fiterokoa baitu aita, eta ama ere herriko zaharren etxean bizi da. Gainera, hango balnuetxean igarotzen du uda Fernandez Diazen familia osoak. Jaime Ignacio del Burgoren enpresa batek kudeatzen du igerilekua.

Hain zuzen, ministroak Fiteron izan ditzakeen interes partikularrak salatu dituzte oposizioko zinegotziek eta guardia zibilen sindikatuek orain arte. “Patxi Yanguas alkatearekin eta herriko enpresa batzuekin dituen tratuek baldintzatu dute Espainiako Gobernuak Fiteroko kuartelean eginiko inbertsio neurrigabea. Finean, apeta bat besterik ez da”, salatu zuen AUGC guardia zibilen sindikatuak iaz.

Amaiur eta Geroa Bai koalizioetako diputatuek ere behin baino gehiagotan eskatu dituzte azalpenak Espainiako Kongresuan. Orain arte, emaitzarik gabe. “Azken urteetan, Fiteroko populazioa ez da nabarmen aldatu, eta delinkuentzia maila ez da igo; gainera, oso deigarria da halako gastu itzela egin izana, hain zuzen, administrazioek austeritate planak sustatzen dituzten garaian”, esan zuen Amaiurreko diputatu Sabino Kuadrak.