Espioi prismatikodunak

Espioi prismatikodunak

Epela da giroa, eta zerua garbi samar dago. Etienne Rogeau eta Robin Petit gora begira dira. Prismatikoak lagun, Lindus gainetik urtero hegoaldera bidean pasatzen diren hegazti errarien zain dira, Auritzen. Milaka pasatu dira jada migrazioa hasi zenetik. Uztailean hasten ohi dute bidea goiztiarrenek, eta azaroan, berriz, berantiarrenek. Zaleek eta adituek bat egiten dute, urtero, Lindus tontorrean, iparraldetik hegoaldera bidean hegaztiei so egin ahal izateko; migrazioaren ikuskizunarekin gozatzeko.

LPO Akitania elkartearentzat ari dira migrazioa jarraitzen Petit eta Rogeau; soldatapean ari da Petit; Rogeau, berriz, boluntario gisa, bigarrenez. “Iaz ere egon nintzen. Toki zoragarria da hau hegaztiei so egiteko. Espezie anitz ikus daitezke, eta hagitz gertu. Ederra da, adibidez, milaka miru gorri batera ikustea”, azaldu du Rogeauk, prismatikoak utzi gabe. Goiz bakar batean, erraterako, 3.600 miru gorri pasatu ziren Lindus tontor gainetik, joan den astean.

Nafarroan, Ornitolan etxeko kideek dute Lindusen migrazioaren jarraipena egiteko ardura. Nafarroako Gobernuarentzat eta Aurizko Udalarentzat jasotzen dituzte datuak. Hamabi pertsonako lantaldea ari da zeregin horretan, txandaka. “Zer espezie pasatu diren, zenbat hegazti eta noiz, halako datuak jasotzen ditugu; bai eta hegaztiok pasatu direnean zer-nolako eguraldia genuen, haizerik edo hodeirik ote zegoen edo ez… halakoak ezagutzea garrantzitsua da migrazioa hobeki ulertzeko; jakiteko, adibidez, zergatik egun zehatz batean milaka eta milaka hegaztik bat egiten duten, elkarrekin toki beretik pasatzeko”, azaldu du Ornitolan etxeko Gabi Berasategi biologoak.

Jatekoa bilatzeko beharra

Berasategik LPOko kideen teleskopioen ondoan jarri du berea, hegaztiak hobeki behatu ahal izateko. Orduak eman dituzte jada elkarrekin Lindusen. Lana ere elkarrekin egiten dute. “LPO, Nafarroako Gobernua eta Aurizko Udala batera ari dira; datuak partekatzen ditugu; benetako elkarlana da gure artekoa”, nabarmendu du Berasategik.

Miru beltzak, amiamoko beltzak, kurriloak, arrano arrantzaleak, zapelatz liztorjaleak… hamaika espeziek egiten dute Lindusetik hegoalderako bidea, eta haiei so egoten dira ornitologoak; eguzkia ateratzen denetik ezkutatzen denera arte. Jatekoa bilatzeko beharrak mugitzen dituela nabarmendu du Berasategik. Europako iparraldetik Afrikara bidea egiten dute anitzek. Bertze zenbait Iberiar penintsulan gelditzen dira. Hegazti handi eta txiki, Pirinioetako Linduseko tontorra baliatzen dute anitzek milaka kilometrokoa izan daitekeen bidaia egiteko.

Usoek ere bai. Urriaren 1etik, hegaztiei so eginez gozatzen dutenekin batera, ehiztariak ere badituzte hegazti horiek zain. Rogeauk onartu du: “Ez da samurra gu gure prismatikoekin hegaztiei so garen bitartean ehiztarien tiroak entzutea”.

Garai bateko liskarrak jada ez direla gertatzen azaldu du Berasategik. Lindusen ehiza egiteko ordaintzen zutenez, han egoteko eskubidea haiena zela aldarrikatzen zuten zenbait ehiztarik, eta saiatzen ziren naturzaleak handik botatzen, hori egiteko eskumenik eta euskarri legalik ez izan arren. “Elkar errespetatzen dugu orain”, erran du Ornitolan etxeko kideak. Eskopeta gutxiago omen dago orain, gainera. “Ehiztarien kopuruak behera, eta prismatikoekin hurbiltzen direnenak gora egin du”, azaldu du Berasategik.

Tiroen hotsa, hala ere, ez da isildu, oraindik. Ibañetatik Linduserako bidean Luzaideko eta Aurizko ehiztarien postuak ageri dira. Luzaidekoek saldu egiten dituzte postu horietako zenbait, eta Madrildik ere etortzen dira ehiztariak Nafarroara, usoei tiro egiteko. Autoak ezkutatzeko egindako hesi berdeen atzean badira hainbat. Postuetan dira ehiztariak. Pagauso bat pasatu da Lindusen diren ornitologoen gainetik, eta tiro hotsek bete dute mendi tontorreko isiltasuna, berehala. Ezin jakin hegazti bakartiaren bidaia Lindusen amaitu ote den.

Pagausoen eta bertzelako espezieren bidaiak gero eta jende gehiago erakartzen du. Eskopetarik gabeko jendea. Euskal Herriko eta hemendik kanpoko hamaika zalek eta adituk egiten dute bat, urtero, Lindusen. Aurizko Udala ere ohartu da horretaz, eta turismo ornitologikoaren alde egin duela nabarmendu du Berasategik. “Hegaztien migrazioa ikustera etortzen den jendeak inguruko herrietako ekonomiari egiten ahal dio mesede, argi eta garbi”, erran du.

Eguzkia oraindik ez da sartu. Egun lasaia da Lindus gaineko zeruan, baina hari so jarraitzen dute Rogeauk, Petitek eta Berasategik. Espioi prismatikodunak dira, zelatan.