iritzia: Nire bizilaguna

Lohizune Amatria

Bost eguneko oporraldia izan zuen nire bizilagunak duela hamabi urte. Espainia hegoaldera joan zen, autobusez, eta primerako egunak igaro zituen senideen etxean. Geroztik, baina, ez du besterik izan. Seme-alabak haren lehengusuak ezagutzera eraman zituen, eta horretarako esfortzu berezia egin behar izan zuten haren etxean. Enplegua duenetik horiek izan dira izan dituen opor bakarrak. Baserritarra da. Emakume baserritarra.

Nafarroako Pirinioetako ohiko irudia da: emakumea baserrian lanean. Baserriko lanak aurrera atera ahal izateko ezinbestekoa da emakumea. Baserriko lanez gain, egiteko gehiago ere izaten dituelako, soilik emakumea izateagatik. Familiaren zaintza hartu du bere gain nire bizilagunak, esaterako; eta etxeko lanak ere egiten ditu. Goizeko seietan hasten dira lanean haren baserrian. Haren bikotearekin batera abereen lanak egiten ematen du goiza, eta bazkaria prestatzera joaten da eguerdian. Arratsaldean baserriko lanekin jarraitzen dute biek, eta gaueko hamarretan bukatu ohi dute jarduna. Afaldu ondoren, oheratu bitarteko orduetan egin behar ditu etxeko lanak. Beranduegi itzaltzen dute gehienetan sukaldeko argia.

Pirinioetako bizitza gogorra da orokorrean, baina, bereziki, baserrian. Bultzatu diren eredu ekonomikoek kalte egin diote eskualdeari, eta gero eta biztanle gutxiagok erabakitzen dute mendialdean bizitzea. Urteko egun guztietan dute lana baserritarrek, eta prezio oso baxuekin egin behar diote aurre merkatuari. Egoera, beraz, zaila da nire bizilagunarentzat. Kanpora begira, gainera, oztopoak ere baditu. Askotan, gizonezkoen mundua balitz bezala irudikatu da-eta baserrikoa.

Eskolan izan zuen haren lanaren gutxiespenik gogorrena. Seme-alaben tutorearekin bilera zuten guraso denek; eta bertan zen, haren semearen aulki txikian eserita. Seme-alabei eskolako etxeko lanekin laguntzea oso garrantzitsua dela esan zien tutoreak gurasoei; eta zenbaitek horretarako denborarik ez zutela esanez erantzun zuten. Nire bizilaguna jarri zuen adibide horietako batek. “Zuk erreza duzu, ez duzu lanik egiten”, esan zion. Sekulako kolpea. Baserria eta Pirinioak, baina, ezin dira ulertu emakumeek egindako lana aintzat hartu gabe.

Eten bat egin zuen aurreko larunbatean haren jardunean. Urteroko ezinbesteko etena: Pirinioetako emakumeen topaketara joateko hitzordua. Aldarrikatzeko. Pirinioetako bizimoldeak, ohiturak eta hizkuntza transmititzen lan garrantzitsua egin dutelako emakumeek. Denek. Pirinioetako emakume guztiak direlako nire bizilaguna. Baserritarrak direnak, eta ez direnak ere bai. Egunero eskualde honetan bizitzeko gogoz lanean jarraitzen dutenak. Irribarrez. Haien eskubideez ahaztu gabe, horiek eskuratzeko borrokan jarraitzen dutenak.