Analisia: Erdibidean batzuk, bestea nora ezean

Joxerra Senar

Abenduaren 20ko hauteskundeei begira, aldaketa indartzeko aukera zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, baina, azkenik, erdibidean geratu dira. Interesgarria da Senaturako hautagaitza bateratuaren alde apustu egin izana, baina pena da akordio hori bera ezin errepikatu izana Kongresurako. Dena den, maiatzarekin alderatuta testuingurua desberdina da, eta, horregatik, ulergarria bada Ahal Dugu-k, esate baterako, Kongresurako bakarrik joatearen alde egitea. Sorreratik bere estrategia abenduaren 20ko hitzorduan oinarritu badu, ezin zuen berehalakoan Nafarroan beste plataforma batean joatearen alde egin. Dena den, Senatura begira egindako apustuak Nafarroako Ahal Dugu-ren ausardia eta autonomia erakutsi du.

Geroa Bairen kasuan, Kongresurako bakarrik joateak bere logika eta arriskua du. Alde batetik, bere eremua berretsi nahi du, baina, duela lau urte, Uxue Barkosekin ozta-ozta lortu zuen diputatua, eta, oraingoan kale eginez gero, ahuldadea erakuts dezake. EH Bilduk nahiago zuen denak elkarrekin joatea, baina galtzeko gutxiago du. Hala ere, ezingo da lokartu, diputatua errepikatu nahi badu.

UPN eta PP, berriz, elkarrekin aurkeztuko dira. Itxuraz, PPk bere etsian dena oparitu dio UPNri, baina epe ertainera akordioa ez da hain onuragarria UPNren interesentzat. Lau urte barru boterera ailegatu nahi badu, estrategia argitu beharko du, eta PPrengana hurbiltzeak noraeza adieraz dezake. Izan ere, zer egiten du Itun Ekonomikoa jomugan jarri duen alderdiarekin elkartuta? Eta Moncloara heltzeko Ciudadanos eta PP elkartzen badira, UPN non geratuko da?