Ibaia bizirik nahi dute

Ibaia bizirik nahi dute

Edurne Elizondo

Ega ibaiari kezkaz egiten diote so Murietako, Antzingo eta Egaibarreko bertze hainbat herritako bizilagunek. Montejurrako Mankomunitateak Lokiz mendizerrako akuiferoak baliatzen ditu eskualde hori hornitzeko. 1985. urtetik ari dira Antzingo putzua ustiatzen; 2005etik, berriz, Mendazakoa. Ega ibaiari eragin dio egoera horrek, eta azken urteotan, udan batez ere, hainbat iturri lehortu egiten direla salatu du Ega Bizirik plataformak; emari ekologikoari nekez eusten ahal diola ibaiak, urteko hilabeterik beroenetan. Okerrera egiten ahal du egoerak, gainera, mankomunitateak orain artekoaren bikoitza ustiatzeko eskaera egin baitio Ebroko Ur Konfederazioari.

“2011. urtetik ari gara Egaren alde borrokan; eta segituko dugu. Bertzela, bide beretik jarraitzen badute, urte txar batean ibairik gabe geldituko gara”. Horixe nabarmendu du Ega Bizirik plataformako presidente Felipe Ajonak. Murietakoa da bera, eta esaldi bakar batean laburbildu du arazoaren funtsa: “Ahal dena baino ur gehiago ateratzen ari dira”.

Auziaren mamia hori da, baina baditu hainbat adar. Batetik, Ajonak agerian utzi du Montejurrako Mankomunitateak ez duela akuiferoetatik ura ateratzeko kontzesiorik. Bertzetik, Antzingo edo Mendazako putzuek eman dezaketen ur kopuruaren inguruko inolako ikerketarik ere ez dela egin salatu du; akuiferoak ustiatzeko lanak ingurumenean duen eraginari buruzko txostenik ez dagoela, alegia.

Orain, ikerketa bat aurkeztu dute EHUko irakasle Iñaki Antiguedadek eta Ane Zabaletak. Ega Bizirik plataformak eskatuta egin dute, Ega arroko ur fluxuen joerari buruz. “Datuak kezkagarriak dira”, azaldu du Ajonak. Antzin herritik behera, adibidez, Ega ibaiaren ur emariak behera egiteko joera du, ikerketa horren arabera, akuiferotik gero eta ur gutxiago jasotzen duelako ibaiak, tarte horretan. “Santikurutze Kanpezutik (Araba) Antzin herrira, ibaiak ematen dio akuiferoari; Antzin herritik Murietara, berriz, akuiferoak ematen dio ura ibaiari. Putzuak egin, eta gero eta gehiago kentzen badiote, ordea, nekez lortuko du akuiferoak ibaiak behar duena ematea”.

Ajonaren kezkarekin bat egin du Sustrai Erakuntza Fundazioak ere; nabarmendu du Antzingo putzutik bost hektometro kubo ateratzen dituela mankomunitateak egun, eta erakunde horren asmoa dela 12 ateratzea. “Orain jada arazoak badaude iturburuetan, zer gertatuko da gehiago ateratzen badute?”.

Ebroko Ur Konfederazioak, behintzat, ez dio galdera horri erantzun. Alderantziz: zabaldu du mankomunitateak ur gehiago hartzeko egindako eskaerari alegazioak aurkezteko epea. “Mankomunitateak hainbat urtez kontzesiorik gabe egindakoari nolabaiteko euskarri legala eman nahi diote orain”, salatu du Ajonak. Berretsi du akuiferoetatik ateratzen duen ur kopurua bikoiztu nahi duela mankomunitateak. “Helburua da merindadeko ia herri guztiak hornitzea”.

Hori egiteko, udalerriz gaindiko eragina duen planaren figura (UGEP) erabili zuen Nafarroako Gobernuak, 2011. urtean. “Murietaren gisako herriak ez zituzten auziak kalte egindako erakundeen artean sartu, eta planaren berri ere ez genuen jaso. Ezin izan genuen alegaziorik aurkeztu”. 2011tik, ur gehiago ateratzeko obrak egiten ari da Montejurrako Mankomunitatea. “40 milioi euroko proiektua da”, azaldu du Ajonak.

Gobernuaren zain

Egun Nafarroako Gobernua babesten duten Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek ur baliabideen inguruko ikerketa egiteko beharra jaso zuten haien akordio programatikoan. Horixe gogoratu du Ega Bizirik taldeko presidenteak, eta etsita agertu da gobernuak auziari buruzko urratsik ez duelako egin, orain arte. “Bertze aldera begiratzen du”.

Gobernuak zer eginen duen zain dira plataformako kideak. Ajonak argi du mankomunitateak ur gehiago atera ahal izateko prozesua bertan behera utzi beharko luketela, akuiferoen gaitasunari buruzko ikerketa zorrotza egin arte, behintzat.

Epaileek zer errateko ere badute akuiferoen auzian. Izan ere, Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Ega Bizirik plataformak epaitegietara jo zuten 2011an, UGEPa onartu zutenean. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat jo zuen proiektua. Ondorioz, Sustrai Erakuntzak eta ibaiaren aldeko elkarteak helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Haren erabakiaren zain dira. Eta Ega ibaiari so, bitartean. “Ibaiari begiratzea nahikoa baita gertatzen ari denaz ohartzeko”. Euri gutxiko negu honek zer uda ekarriko duen beldur da Egaibar.