Feminismoa idazteko eta irakurtzeko tokia

Feminismoa idazteko eta irakurtzeko tokia

Edurne Elizondo

Gaurkoa, azken hiru urteotako egunik zoriontsuena da”. Silvia Fernandezenak dira hitzak (Iruñea, 1958). Historialaria da Fernandez, eta GITE elkartea duela 40 urte sortu zutenetik, erakunde horrek izan dituen kide ezagunenetako bat. Asteon, elkarteak lanean jarraitu ahal izanen duela ospatu du Fernandezek, elkarteko gainerako kideekin; ez dutela itxi beharko, murrizketen ondorioz, duela 31 urte martxan jarritako emakumeari buruzko liburutegi eta dokumentazio zentroa. Iruñeko Udalak tokia utzi die, Kultura Sailak Descalzos karrikan duen egoitzan. “Gureak eginen zuela uste genuen. Gogorrak izan dira urteok. Baina aurrera eginen dugu”.

Martxoaren 8 batean hasi zuen bere bidea GITEko liburutegi eta dokumentazio zentroak, elkartea lanean hasi eta handik bederatzi urtera. Feminismoa idazteko eta irakurtzeko tokia izan da GITE, geroztik. Silvia Fernandezen ahizpa Blanca Fernandez (Iruñea, 1951) izan zen erakundeko bultzatzaileetako bat, duela 40 urte. Zazpi urtez egon zen GITEn soziologoa, bertzeak bertze Elena San Julian kide ohiarekin, handik Nafarroako Unibertsitate Publikora joan zen arte. “Harremana, halere, ez da inoiz eten”.

Unibertsitatean generoari buruzko graduondokoa sortu eta zuzendu du, 60 urterekin erretiroa hartu zuen arte. Begirada atzera bota, eta fresko ditu gogoan GITEn emakumeen egoerari buruz Carlos Vilches soziologoarekin egindako lehendabiziko ikerketa haiek. Prostituzioaz, emakumeen aurkako tratu txarrez eta abarrez aritu ziren, 1970eko hamarkadaren amaieran. Bertze inork egiten ez zituennean, alegia. Generoari buruzko granduondoko Fernandezen ikasleek baliatu ahal izan dituzte, gero, lan horiek.

Udalak utzitako egoitzara mugitu arte, Telleria karrikan zabalik jarraitzen du GITE elkarteko ateak. Salgai dute egoitza. Hasierako ikerketa lan horiek berreskuratu, eta erakusketa txikia osatu dute taldeko kideek, liburutegiak egun hartzen dituen bi aretoetako batean. Ale gehiagorentzako tokirik ez dute. “14.000 erreferentzia bibliografiko ditugu”, azaldu du Silvia Fernandezek.

Boluntario gisa aritzen da orain, GITEn, osasun arazoengatik lana utzi eta gero. “Nik uste dut azken urteotako egoerak gaixotu nauela”. Haren ordez, Amaia Barandikak (Bilbo, 1955) hartu du liburutegiaren eta dokumentazio zentroaren ardura. Raquel Burguete (Iruñea, 1974) lagun izaten du, astean bitan. Jone Lajos ere aritzen da (Iruñea, 1944); GITErekin liburutegia martxan jarri zutenean egin zuen bat, hain zuzen ere. Nafarroako Unibertsitateko liburutegian aritu da urte luzez, eta, GITEko kideek haiena martxan jarri nahi zutela jakin zuenean, berehala erabaki zuen proiektuan murgiltzea. “Elkarteak 25 urtez antolatu dituen bibliotekonomia ikastaroen arduradun ere izan naiz”. Harro mintzatu da egindako lanaz, eta elkarteko paretek gordetzen duten “altxorraren” garrantzia nabarmendu du.

Opus Deiren unibertsitatetik ailegatu zen Lajos GITEra. Duela 40 urte elkartea sortu zutenean, hain zuzen ere, Iruñeko testuinguruan erakunde hori bakarra eta nagusi zela gogoratu du Blanca Fernandezek. “Orain Opusen eragina handia bada, are gehiago orduan! Kulturaren arloan hutsune handia zegoen”. Eta edukiz betetzeko asmoz sortu zuten GITE: “Langileria trebatu nahi genuen, ikuspuntu marxista batetik; ezagutza sortzea zen gure helburua, langileen esku jarri, eta frankismoaren aurka borroka egiteko”.

Gizarte zientziei lotutako edukiak izan dira beti nagusi GITEn. Ekonomia, historia, soziologia, politika, feminismoa, euskara eta bertze landu dituzte, hamaika ikastaroren bitartez. “Hartzen ahal genituenak baino pertsona gehiagok parte hartu nahi izaten zuten beti, hasierako urte haietan. Bertze ikasketarik ez zutenei ematen genien lehentasuna”, gogoratu du Blanca Fernandezek.

Lehen urratsa, 1983an

Emakumea eta feminismoa ardatz izan ditu beti GITEk, eta jorratu dituen auzi guztiei egin die so generoaren ikuspuntutik. Apustu hori duela 31 urte berretsi eta sendotu zuten elkarteko kideek, emakumeari buruzko liburutegi eta dokumentazio zentroa martxan jarri zutenean. 1983. urtean egin zuen lehen urratsa proiektuak: Madrilgo Emakumearen Institutuak 400 liburu eman zizkion GITEri. “Guk ez genekien liburu haiek nola sailkatu, nola antolatu, jendearen esku jarri ahal izateko”, azaldu du Silvia Fernandezek. Jone Lajosek taldearekin bat egin, eta martxan jarri ziren, ordea. Sailkatzen, antolatzen eta zabaltzen hasi ziren. Egun dituzten 14.000 dokumentuak pilatu arte. Bertze 40 erakunderekin sarean egiten du lan GITEk, gainera. “Dena dago gure erabiltzaileen esku”, nabarmendu du Barandikak.

Ez dira gutxi erabiltzaileak. Iazko datuak mahai gainean jarri ditu arduradunak: 3.647 pertsonak erabili zuten GITEren liburutegi eta dokumentazio zentroa. “Azken urteotan, 80 erabiltzaile berri izan ditugu urtean”. Etxera eramateko mila liburu baino gehiago utzi zituzten iaz, eta egoitzan bertan 2.100 kontsultatik gora egin zituzten. “Ez gaitu iraganak elikatzen; zentro bizia da gurea”, erran du Barandikak. Urterik zailenetan ere, dokumentu berriekin hornitu dituzte liburutegiko apalategiak.

Horregatik egin zaie hain zaila azken urteotako egoera GITEko kideei. Zentro bizi hori hiltzekotan egon delako, 2012. urtean Nafarroako Gobernuak elkartearekin zuen hitzarmena bertan behera utzi eta gero. “Kultura Departamentuak %40 murriztu zuen bere aurrekontua; gure laguntza, berriz, %100”.

Egoera prekarioan egin dute lan GITEko kideek, eutsi ahal izateko. Gobernuaren laguntza galduta, Iruñeko Udalarena ez baitzen nahikoa. Sei langile izan zituen elkarteak garai batean; orain, bi, lanaldi erdiz. Herritarren babesa, hala ere, beti sumatu dute. “Feminismoaz ikasi edo irakurri nahi izan duenarentzat erreferente izan gara beti”. Horixe uste du Silvia Fernandezek, eta bat egin dute gainerako kideek. Raquel Burguete aritzen da elkarteko egoitzan informazio bila joaten diren horiek artatzen. “Era askotako pertsonak heldu dira: ikasle gazteak, etxeko andreak, langileak; sexista ez diren ipuinen bila ere etortzen dira aitatxi-amatxiak”.

Teoria feminista lantzen dute liburutegiko dokumentu anitzek. Teoria hori egin duten egileak ere GITEtik igaro dira, elkartea sortu zutenetik. “Estatuko eztabaida nagusiak eta haien protagonistak gurera ekartzeko ahalegina egin dugu beti”, azaldu du Blanca Fernandezek.

Saiakera ez da, halere, GITEn aurkitzen ahal den material bakarra. Emakumeek egindako narratibari ere tokia egin diote liburutegian; horrek bilakatzen ditu berezi, emakumeari buruz sortutako bertze hainbat dokumentazio zentroren artean. “Liburu horiek izan dira zubi bat emakume anitzentzat; eleberriekin hasi, eta saiakerekin jarraitu dute gero”, erran du Barandikak. “Trebatu ditugu”.

Bertzeentzat eredu

Azken urteotako zailtasunen aurrean, sentsazio bera izan dute GITEko kide guztiek: etxetik kanpo hemen baino gehiago estimatzen dutela egin duten eta egiten duten lana. Diru laguntzen murrizketak interes falta erakusten duela argi dute. Hemen. Nazioartean egoera bertzelakoa dela nabarmendu baitute. Silvia Fernandezek, hain zuzen, GITEren liburutegi eta dokumentazio zentroaren eredua Erdialdeko Amerikan garatzeko proiektua egin zuen duela hainbat urte. Hainbat herritan sortu dituzte gisa horretako zentroak, ondorioz, eta 100.000 erreferentzia bibliografikoak dituen funtsa jarri dute herritarren eskura. “Europan ere, GITEk egindako lana hartu dute eredu, emakumeari buruzko dokumentazio zentroen arloan. Hemendik kanpo gure egoera larriaren berri ematen genuenean, nekez sinisten zigun jendeak; ezin zuten ulertu”, erran du Silvia Fernandezek.

Bertze datu bat eman du interes falta horren adierazgarri: “2015eko zinema jaialdirako gobernuak eman behar zigun laguntza oraindik ez dugu jaso”. Emakumeen eta giza eskubideen inguruko zinema jaialdiari eutsi ahal izan dio GITEk, zailtasunak zailtasun. Duela hamar urte martxan jarritako feminismoen eskolari ere bai. Hilaren 22an eginen dute aurtengo azken saioa. Blanca eta Silvia Fernandez aritu dira, boluntario gisa. Feminismoa jorratzen jarraitzen dute. Idazten, irakur dezaten.