E. Elizondo
Hego Euskal Herriko 52 ikastolatan ezarriko dute eskola jazarpenari aurre egiteko Kiva plana, urtarriletik aurrera; Nafarroan ere bai. Finlandian sortu eta garatu dute programa hori. Zazpi urte dira hango eskoletan martxan dutela, eta emaitzak ikusgarriak izan dira: urtebetean %78 gutxitu ziren bullying kasuak. Egun, hamar eskoletatik bederatzitan ezarrita dago Kiva, Finlandian. 2017ko urtarriletik aurrera, 52 ikastolatan jarriko dute martxan, Lehen Hezkuntzan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara hedatzea da asmoa. Nafarroako Gobernuak ere aztertu du plan hori herrialdeko ikastetxe publikoetan ezartzeko aukera, eta Kiva kudeatzen duten arduradunekin ere harremanetan izan dira. Oraingoz, hala ere, aukera hori bazter utzi du Hezkuntza Departamentuak, “garestiegia” delako.
Finlandiako Hezkuntza Ministerioak eskatuta prestatu zuen Kiva plana Turku Unibertsitateak. Erakunde horrek, gainera, programaren ebaluazioa egiten du. Kiva ezarri eta handik urtebetera egin zuten emaitzen azterketa, lehen aldiz, eta datuek agerian utzi zuten ongi ari zirela: jazarpen mota guztiek egin zuten behera. Bertzalde, 2009an, programa ezarri zuten mila eskoletatik %98etan nabarmendu zuten zentroko egoerak hobera egin zuela, lehen urtean.
Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk argi eta garbi erran du: “Eskola jazarpen kasu bakar bat egotea oso larria da. Gizarteak egin bezala, ikastolen komunitateak ere aurre egin behar dio”. Horregatik egin dute ikastolek Kivaren alde. Bost urterako hitzarmena sinatu dute. Ikastoletako ordezkariak hasiak dira prestakuntza jasotzen. Bi saio egin dituzte jada Turku Unibertsitateko langileekin. Gainera, talde bat Finlandiara joanen da datozen asteetan.
Komunitate osoa lanean
Munduko hezkuntza sistema onenen arten dago Finlandiakoa. Badira hainbat datu argigarri: herri horretan, estatuaren eta udalen aurrekontuaren %11-12 bideratzen da hezkuntzara. Familien %80 joaten dira liburutegira asteburuan; eta formakuntza onena duten irakasleak Lehen Hezkuntzan daude.
Eskola jazarpenarena mundu osoan gertatzen den arazoa da. Finlandian, gobernutik egin nahi izan diote aurre, eta, batez ere, aurrea hartzeko neurriak bultzatu dituzte. Ahalegin horren emaitza da Kiva, eta, gaur egun, Italian, Belgikan, Suedian eta Alemanian erabiltzen dute plan hori bera, bertzeak bertze.
Erasotzaileei eta erasoak jaso dituztenei egiten die so plana. Baina ez haiei bakarrik. Ikasgeletako kide guztiei eragiten die. Eskolako komunitate osoa inplikatzen du planak. Erasoa jaso eta egin dutenak, bai eta haren aurrean isildu direnak ere. Gurasoak ere bai, haien parte hartzea ere funtsezkoa baita, Turku Unibertsitateko adituek erran dutenez.
Ikasleei eskola jazarpena zer den azaltzeko eskolak ematen dizkiete, eta materiala banatzen diete, gaia lantzeko. Enpatiaren gisako balioak garatzeko jokoak baliatzen dituzte, bertzeak bertze. Eskoletan, gainera, Kiva talde bat dago, eta haien ardura da jazarpen kasu bat antzematen dutenean egoera bideratzeko urratsak egitea.