Alderantzizko mundua

Lohizune Amatria

Salatzen bada, baina ez bada zigortzen, ez da torturarik gertatu”. Bai, bada hori sinesten duenik. Telebistan entzuteko aukera izan genuen, gainera; eta esaldia bota zuen pertsonari ahotsak ez zion dardararik egin. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albarenak dira hitzak, eta beraz luze batekin amaitu zuen esaldia, tortura gure asmakeria bat dela iradokiz edo.

Nafar Telebistako kazetariak zuzenean galdetu zion. “Espainian torturatzen da?”. Eta beste erantzun irmo bat eman zuen Albak: “Ez, demokrazian ez da inor torturatzen, eta ez da inor torturatu”. Iraingarriak suertatu zaizkit bere hitzak. Ezagutzen ditugu adibideak, gehiegi. Ez al zituen Guardia Zibilak Lasa eta Zabala demokrazian hil? Ez al du Amnesty International taldeak tortura kasurik salatu? Ez al du Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenen berri?

Euskal Herrian torturatzen da. Bai. Baina ezin da hori esan, adierazi edo idatzi. Iñigo Iruin abokatuak aurreko astean EHUn antolatutako mahai inguruan esan bezala, epaileak Poliziaren laguntzaile dira, alderantzizkoa baino. Isiltasun arau batek babesten du torturatzailea, eta estalki horren pean zigorgabetasunez joka dezakete. Auzitegiek, gobernuak, estatuak eta sistemak berak egiten dute posible hori gertatzea; eta legeen babespean, bai, esan dezakete tortura salatzea “gezurra” eta “irain” bat dela. Torturatuaren hitza sistemaren aurka jartzen dute, eta dena du galtzeko.

Aztnugal kanpainak piztu egin du azken hilabeteotako eztabaida. Mural batetik hasi, eta ehunka ditugu orain Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Agoitzen dago horietako bat, Merkatuko plazan. Tortura hitza ezabatuta azaltzeaz gain, Agoizko mural horretan, gainera, Mikel Zabalza gogoan! leloa, haren aurpegia, eta 1960 eta 2013. urteen bitartean Euskal Herrian 3.587 tortura salaketa izan direla azaltzen da.

Delitua. Bai. “Terrorismoari gorazarre egitea” izan daitekeela adierazi dio Carmen Albak Agoizko Udalari. 30 eguneko epea eman dio instituzioari margoketa ezabatzeko, Espainiako Auzitegi Nazionalaren 2009ko uztailaren 7ko instrukzio baten arabera, “ETA erakunde terroristarekin erlazioa duten sinbolo denak (ETAko kideen argazkiak, pankartak eta anagramak edo erakunde terroristaren aldeko babes leloak dituzten afixak…)” kendu behar dira eta. Egunero igarotzen naiz horma horren paretik, eta oraindik ez diot ETArekiko loturarik aurkitu.

Euskal Herrian bizikidetza baketsu bat lortzeko, ezinbestekoa da egiaren aitortza. Guardia Zibilaren eskuetan hil zen nire osaba Mikel Zabalza, torturapean, duela 30 urte, eta demokrazian. Eta estatuak hori onartzen ez duen bitartean edo hormetatik haren irudia, memoria, ezabatzen duten bitartean, ez gara bakean biziko.

“Alderantzizko munduan” kokatu zuen bere burua Carmen Albak Nafarroako Parlamentuak haren dimisioa eskatu zuenean. Eta esanen nuke ez dabilela oker: alderantzizko munduan bizi gara.