Kalean ez ezik, sare sozialetan ere arrazakeria dago. Sare sozialetan gaur egun mezu arrazistak eta xenofoboak zabaltzen dira, gero erabiltzaileen barruan errotzen diren irainak. Mezu horietako batzuk bildu dituzte zenbait ikerlarik Xenometer tresna erabiliz. Bat-batean mezu xenofoboak kuantifikatzeko aukera eskaintzen du tresnak, sare sozialetan dauden gorroto patroiak identifikatuz. Mezu arrazistak detektatzeko, adimen artifiziala baliatzen du tresna horrek, haien bilakaera mapa geolokalizatuen bidez irudikatuz. Xenometer proiektua NUPek apirilaren 29an antolatutako jardunaldietan aurkeztu zuten: Adimen artifiziala eta gizarte ikerketa: ikuspegi berritzaileak antagonismo formak aztertzeko.
AEBetako Cornell Unibertsitatea, El Salvadorko UCA, Kolonbiako Unibertsitate Kooperatiboa eta NUPeko I-Communitas erakundeak parte hartzen ari dira egitasmoan. «Radar digital moduko bat» garatzea da asmoa, gorroto patroiak detektatzeko, haien hedapena aztertzeko eta halako diskurtsoak nola eraikitzen diren hobeto ulertzeko.
Adimen artifiziala, edukiak gomendatzeaz edo zereginak automatizatzeaz gain, gorroto diskurtsoak detektatzeko tresna ere izan daiteke. Donald Trump AEBetako presidentearen lehen presidentetzaren ondoren sortu zen Xenometer, Beth Lyon AEBetako Cornell Unibertsitateko Zuzenbideko irakaslearen eskutik: «Nire ikasle batek esan zidan: ‘Zergatik ez dira sare sozialetako mezu xenofoboak monitorizatzen?’. Uste nuen ezinezkoa zela, baina orduan hasi ginen lanketan. Mapa bat sortzea da gure helburua, online mezuen aldaketei erreparatzeko».
«Xenofobia arrazakeria mota bat da, atzerritartzat hartzen direnen aurkako gorrotoa. Eta sare sozialetan are handiago bihurtzen da»
BETH LYON AEBetako Cornell Unibertsitateko Zuzenbide irakaslea
Hortik aurrera, ikerketa sozialari aplikatutako adimen artifiziala garatzen hasi zen Lyon, arreta berezia jarriz polarizazioari, xenofobiari, desinformazioari eta bestelako fenomeno batzuei. Hizkuntzalariak, informatikariak eta politologoak aritu dira proiektuan lanean, sare sozialak miatuz eta mezuak sailkatuz. «Xenofobia arrazakeria mota bat da, atzerritartzat hartzen direnen aurkako gorrotoa. Eta sare sozialetan are handiago bihurtzen da. Nire herrialdean ikusten ari naizena da gobernuak hori sustatzen duela», kontatu du Lyonek.
Beth Lyon, Leyre Lekunberri, Mikel Ferrero, Piedad Barreto eta Karla P. Ramos, apirilaren 29an, Xenometerren aurkezpenean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
AEBetan hasitako proiektua beste herrialdeetara zabaldu zen, eta 2024an Leyre Lekunberri NUPeko Soziologia Aplikatuko ikasleak proiektua koordinatzeko ardura hartu zuen. «Helburu nagusia mapa bat sortzea izango litzateke, X sarean aurkitutako xenofobia mota guztiak detektatu ahal izateko. Horretarako, lurralde bakoitzak laborategi propioa izan beharko luke, txioak bere testuinguruan aztertu ahal izateko», azaldu du Lekunberrik. Ironia, mezuaren tonua eta beste elementu batzuk asko aldatzen dira herrialde batetik bestera, eta esanahia guztiz alda daiteke. Hori kontuan hartu dute adimen artifiziala entrenatzeko erabili dituzten ia 5.000 txioak hautatzean.
Sailkapen prozesua
Lekunberrik hitz arrazisten laino handi baten berri eman zuen aurkezpenean, laino bat sare sozialetan gehien aipatzen diren irainekin osatutakoa. Ikerlariek hitz gakoak bilatzen dituzte X sarean, mezu horiek deskargatu egiten dituzte, eta eskuz sailkatu; oraingoz, ingelesez eta gaztelaniaz dauden hitzak bildu dituzte soilik. Bildutako txioak zazpi kategoriatan sailkatzen dituzte: -3tik 3ra. Lehendabizikoak oso mezu xenofoboak dira; azkenak, berriz, kontrakoa. Behin mezua puntu horietako batean edo tarteko batean kokatzean, ikertzaileek justifikatu egin behar dute beren hautua, Lekunberrik azaldu zuenez: «Bakoitzaren joerak ezabatzen saiatzen gara, eta eztabaida ireki bat egiten da, non, mezuak irakurri dituztenek ez ezik, edonork parte har dezakeen. Argitalpena beste norbaitekin eztabaidatuz gero, mezua beste modu batean irakur daiteke».
«Helburu nagusia mapa bat sortzea izango litzateke, X sarean aurkitutako xenofobia mota guztiak detektatu ahal izateko»
LEYRE LEKUNBERRI NUPeko Soziologia Aplikatuko ikaslea eta proiektuaren koordinatzailea
Modeloak egiten duen lehen urratsa mezu bakoitza token izeneko talde txikiagoetan banatzea da, adimen artifizialak aztertu ahal izan ditzan. Modeloak hitzak konparatzen ditu, haien artean konexioak ezartzeko, eta horren arabera sailkatzen ditu. Gaur egun, zuzena da adimen artifizialaren erantzuna: ikertutako mezua xenofoboa den edo ez erabakitzen du. Mezuek ezaugarri jakin batzuk izan behar dituzte modeloa prestatu ahal izateko: ikertzaileek immigrazioarekin zerikusia duten hitz gakoak bilatzen dituzte. Gainera, profil desberdinak begiratzen dituzte: alderdi politikoenak, elkarteenak, eragin handiko profilenak, eta pertsona anonimoenak. Lekunberrik zehaztu duenez, igorlearen arabera «asko» aldatzen da mezua helarazteko modua; alderdi politikoen profiletan mezu xenofoboak modu «sotilagoan» zabaltzen direla ikusi dute, eta argazkirik gabeko profil bat duenak modu bortitzagoan idazten duela normalean.
Lurraldetasuna
Baina testuinguruaren edo lurraldearen arabera ere alda daiteke hitzen esanahia. Horregatik, Piedad Barreto Kolonbiako Unibertsitate Kooperatiboko Jabetza Intelektualeko irakasle eta doktoreak Xenometerrekin lan egin du, modeloa Kolonbiako testuinguruarekin elikatzeko: «Kolonbia migratzaile herrialde bat da. Baina Venezuelako migrante asko etortzen dira gure herrialdera. Horiei buruz zuten pertzepzioa aztertzen hasi ginen, eta ikusi genuen kolonbiarrek venezuelarrenganako enpatia sentitzen dutela».
Baina Kolonbiako txioak aztertzean, Barretok beste elementu bat aurkitu zuen, xenofobiarekin lotuta dagoena: aporofobia. «Aporofobia ez da immigranteen inguruko beldurra, pobreen arbuioa baizik. Biztanle batzuk jokabide xenofoboak izaten hasi dira horregatik», ondorioztatu du Barretok. 1.718 txio deskargatu zituzten ikerlariek, eta horietatik 1.400 aztertu zituzten. 1.400 txio horietatik 45 mezu aporofoboak ziren.
«Aporofobia ez da immigranteen inguruko beldurra, pobreen arbuioa baizik. Biztanle batzuk jokabide xenofoboak izaten hasi dira horregatik»
PIEDAD BARRETO Kolonbiako Unibertsitate Kooperatiboko Jabetza Intelektualeko irakaslea
Karla P. Ramos El Salvadorko Unibertsitate Zentro Amerikarreko (UCA) Komunikazio eta Kultura Saileko ikertzaileak bide bera hartu zuen. Ramosek eta haren taldeak El Salvadorko jarraitzaile gehien duten profilak ikertu dituzte; orain arte, 3.592 txio bildu eta ikertu dituzte. «Mezuak irakurtzean, ikusi dugu turistari lehentasuna ematen zaiola eta deportatutako pertsonak mespretxatu egiten direla», ondorioztatu zuen aurkezpenean Ramosek. Aztertu dituzten profiletan, AEBetako herritarrentzako ekitaldi turistikoak sustatzen dituztela ikusi du Ramosek, batez ere; hala ere, migratzailea ez da subjektu interesgarri gisa agertzen, garrantzitsua ez den gai gisa baizik: «Isiltasuna dago gaiaren inguruan».
«Adimen artifiziala ez da demokratikoa izango dekretuz, baina izan daiteke, baldin eta ondasun komunak, bizikidetza, berdintasuna eta giza duintasuna babestera bideratuko dituen erakundeak eta ezagutza sareak eratzen baditugu», esan du Juan Maria Sanchez-Prieto NUPeko I-Communitas erakundeko zuzendariak. Xenometer merkaturatu baino lehen, ikerlariek modeloa gehiago entrenatuko dute, bakoitzak bere testuinguruan. Oraindik erantzunik ez duten galdera ugari ditu Lekunberrik: «Adimen artifiziala gai izango al da mezu horien testuingurua ulertzeko? Ñabardurak antzemateko? Oraingoz, azaleko irakurketa egiten du. Lagin orekatu bat behar dugu adimen artifiziala behar bezala entrenatu ahal izateko».
«Mezuak irakurtzean, ikusten dugu turistei lehentasuna ematen zaiela eta deportatuak mespretxatu egiten direla»
KARLA P. RAMOS El Salvadorko Unibertsitateko Zentro Amerikarreko Komunikazio eta Kultura Saileko ikertzailea
Lagin orekatu bat lortzeko txioak biltzen eta sailkatzen jarraituko dute. Lekunberrirentzat «harrigarria» izan da mezu gehienak «oso negatiboak» direla ikustea, eta adierazi du «zaila» eta «gogorra» dela halakoak irakurtzea: «Jendea nitaz gogoratzen da X sarean mezu arrazista bat irakurtzen duenean. Badakigu gizartearentzat onuragarria den zerbait egiten ari garela, baina gogorra da etengabe mezu xenofoboak irakurtzen aritzea».
