Dena aldatu nahi dute

Dena aldatu nahi dute

Edurne Elizondo

Helduen boterea zera da: botere konkretu bat, ezarrita dagoen sistemari bermatzen diona eskulan otzana produzituko dela seriean, behar denean zapaltzeko modukoa”. Iñaki Gil de San Vicente pentsalariak idatzitakoak dira hitzok. Haren hitzaldiarekin hasi ziren, astelehenean, Gazte boterea eraiki izenburuko jardunaldiak. Gazte botere hori artikulatzeko antolatu dituzte, hain zuzen ere. Iruñerriko gazte mugimenduko hamaika kidek eta taldek bat egin dute jardunaldiotan. Ezarrita dagoen sistema horren hesiak apurtu nahi dituzte; ezarritako sistema horren mugak gainditu. Helduen botereari aurre egin, eta dena aldatu.

Gazteek gizartea eraldatzeko duten gaitasuna nabarmendu du Amets Castellek (Iruñea, 1990), hain zuzen ere. “Gazteok gai gara, gaur eta hemen, gure bizitzari buelta emateko; zapalkuntzak pairatzen ditugu, baina gai gara espazioak askatzeko”. Hura da jardunaldion antolatzaileetako bat. Eraikuntza lanetan ari gara dinamikako parte hartzailea ere bada. “Jardunaldiotan bat egin dugu dinamika horretan ari garenok eta Iruñerriko auzo eta herrietan lanean ari diren beste hainbat gaztek”. Gazte horien egungo errealitatea da abiapuntua. Eta errealitate hori jarri dute mahai gainean, aldatzeko gakoak garatzen hasi ahal izateko. “Prekaritatera kondenatuta gaude, gure bizitzako arlo guztietan”, laburbildu du Nahia Fernandezek (Iruñea, 1991).

Prekaritatea hezkuntzan, bai eta lanaren esparruan ere; etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak; kapitalismoak eta patriarkatuak ezarritako baldintzen pean bizi behar izatea. “Langile gisa zapaltzen gaitu kapitalismoak; emakume gisa patriarkatuak; gazte gisa helduen botereak. Bete-betean dago sartuta gure bizitzetan, esparru guztietan. Zapalkuntzak lantzea beharrezkoa da, zapalkuntza horiek identifikatu egin behar ditugulako, gure proiektuak garatu eta espazio askeak eraiki ahal izateko”, erran du Fernandezek.

Horretan ari dira Iruñerriko gazteak, haren ustez, eta, alde horretatik, azken urteotan gazte mugimenduan gertatu den “berpiztea” nabarmendu du. Onartu du krisiaren testuinguruak behartuta gertatu dela, neurri handi batean, baina gaineratu du egoerari buruzko analisia ere egin dutela, eta egin diren urratsak hausnarketa horren ondorio izan direla, hain justu. “Egon da halako geldialdi bat; gero eta gutxiago ziren antolatuta zeuden gazteak Iruñerrian. Baina egoera horri buelta emateko gaitasuna erakutsi dute; eraikuntzaren esparrura salto egiteko beharraz jabetu gara gazteok; gazte garelako, hain justu, gauza handiak egin ditzakegula ohartu gara”.

Ezagutu eta partekatu

Gazteei elkarren berri izateko aukera eman nahi diete astelehenean hasitako jardunaldietan. Batek bertzea egiten ari den lana ezagutzekoa; esperientziak eta bideak partekatzekoa. Antolatzekoa, azken finean. “Erreminta kutxa jarri nahi dugu gazteen esku, nolabait esanda, haien proiektuak zehazten eta garatzen lagundu ahal izateko”, azaldu dute Fernandezek eta Castellek.

Gazteen arteko hartu-eman horiek bultzatu nahi dituzte. Iruñerriko hainbat tokitan ari dira, auzo eta herri guztietako proiektuak eta esperientziak jaso nahi dituztelako. Jorratzeko hainbat gai jarri dituzte mahai gainean, jada garatuta dauden proiektuak ezagutzeko eta irakaspenak partekatzeko, bai eta proiektu berriak sortzeko ere. “Etxebizitzari buruz, adibidez, lan handia egin da. Balia dezagun. Ez dugu zertan hutsetik hasi”, azaldu du Castellek.

Gogoetagai eta proiektu horien guztien bidez, ahalduntze prozesuan urratsak egitea da helburua. “Ahalduntzea da kontua; gazteon boterea da gaitasun bat; gure bizitza garatzeko gaitasuna; asmoa da gazteon arteko elkartasunaren bidez eta elkarrekin antolatuz ahalduntzea, gure bizitzako esparru guztiei buelta emateko”, berretsi du Castellek.

“Helburua da baldintzak sortzea eta eraldaketarako gaitasun hori zabaltzea”, erantsi du Fernandezek. Zabaltze hori lortzeko jarri dituzte abian jardunaldiak. Egoitzetako bat da Iruñeko gaztetxea. Espazio huts bat baino gehiago da, hala ere. “Beti da ona gazteok antolatu ahal izateko espazioak zabaltzea. Gazteok kudeatutako gune bat da, eta horretara goaz”. Bat egin du Fernandezen hitzekin Irune Irozek ere (Burlata, 1991). “Gaztetxea izan daiteke tresna bat edo abiapuntu bat bestelako borrokak ere piztu ahal izateko. Zubi lana egin dezake, nolabait esanda”, nabarmendu du. Borroken arteko harremana eta elkar elikatzeko aukera ere jarri nahi dituzte agerian jardunaldiek.

Compañia karrikan da egun gaztetxea, joan den abenduan okupatu zutenetik. Iruñeko Udalarekin negoziazio prozesua hasi zuten orduan, eta gaztetxea bertze eraikin batera mugitzea adostu zuten, udalarena den Caparrosoko txaletera, hain zuzen. Hilaren 18an dute egitekoa gaztetxeko kideek toki aldatzea.

Erakundeekin duten harremanari buruz, hala ere, ez da iritzi bakarra gazteen artean; ez dute irizpiderik adostu. “Jardunaldiak egiteko prozesuan soslai ezberdineko hainbat gaztek bat egin dugu; era askotako soslaiak badira, baina bada denok partekatzen dugun ideia bat, nire ustez: uste dugula, aldaketaren aro honetan, gazteok aldaketa horren alde egiten dugun ekarpena direla gaztetxea, jardunaldiok eta gazte mugimendutik etor daitezkeen beste hamaika ekinbide”, erran du Amets Castellek.

Etxebizitza, autogestioa, prekaritatea, enplegua, feminismoa… proiektuak sortzeko gogoetagaiak ez dira gutxi. Animalien askapenari buruzkoak ere jaso dituzte gazteek jardunaldietan. “Iruñeko gaztetxean ari dira gai hori nahikoa garatzen; proposatu zuten, eta zerrendan sartu dugu; iruditzen zaigu Iruñeko gazteen artean badela benetako interesa auzi hori jorratzeko”, azaldu du Fernandezek.

Astelehenean hasi, eta hilaren 11n amaituko dituzte jardunaldiak. Larunbat horretarako egitaraua berezia izanen da. Egun nagusitzat jo dute antolatzaileek. “Auzo eta herrietan jendea bi mailatan ari da lanean; tokian tokiko gazte mugimenduak daude, batetik; eta gai zehatzei lotutako gazteak, bestetik. Bi maila horiek uztartu nahi izan ditugu, eta azken eguneko egitarauaren bidez, jasotako ideiak eta proposamenak batu, gazteen esku uzteko”, azaldu du Fernandezek. “Motibatu nahi ditugu gazteak, olatu txikien bidez olatu handi bat sortzeko”, erantsi du Castellek.

Eraikitzen hasteko urratsak egiteko oinarria jarri nahi dute antolatzaileek hilaren 11ko ekitaldiaren bidez, nolabait erranda. Bidearen zati bat egina dutela argi dute gazteek, dena den. “Jendea ez da konturatzen, bakoitza bere tokian ari delako, baina ari gara sekulako lana egiten; denok ari gara norabide berean. Burua altxatzeko ordua dugu oraingoa, besteak egiten ari direna ezagutzeko, elkarri irakasteko. Inposatu diguten ereduarekin ez gaude ados, eta gure esku dago gauzak aldatzea”, nabarmendu du Fernandezek. “Proiektuak martxan jartzeko gai gara”, erantsi du Irozek.

Bihar zortzi arloz arlo antolatutako eztabaida saioak eginen dituzte, 10:00etatik aurrera, Iruñeko Compañia plazan. Bazkaria eginen dute gero, eta, jardunaldiei amaiera emateko, kalejira. Jardunaldiotako lanak, hala ere, izanen du segida. Hori da asmo nagusia. “Garatzen hasteko proiektuak eta ideiak adostea”, azaldu dute antolatzaileek. Eraikuntza lanetan ari gara dinamikaren barruan, halaber, gisako topaketa eginen dute, urte bukaeran, Euskal Herriko gazte mugimenduko kideek. Ahalduntzeko bidean urratsak egiten jarraitu nahi dute. Gazte boterea eraikitzen. Aldatzen.