Edurne Elizondo
Sorterrira itzuli da asteon Miren Pastor argazkilaria (Iruñea, 1985). Uharteko Arte Garaikideko Zentroan zintzilikatu ditu bere irudiak. Atzo, gainera, hitzaldia eskaini zuen han, bere lanari buruz. Madrilgo Blank Paper eskolan ari da lanean, eta, haren eskutik, hamaika kultur proiektutan murgildu da. Argazkigintzara kasualitatez iritsi zen, baina ari da bide sendoa egiten, urratsez urrats.
Bilbora Ikus-entzunezko Komunikazioan izena ematera joan, baina Arte Ederretan egin zenuen matrikula, azkenean. Nolatan?
Nire bidea izan da intuiziozkoa, oro har. Ikus-entzunezko Komunikazioan izena emateko asmoa nuen, baina nahastu nintzen, eta Arte Ederretako ikasgaiak ikusi nituenean, aldatzea erabaki nuen.
Eskulturaren bidetik hasi, baina argazkigintzaren alde egin zenuen gero. Intuizioz, berriz ere?
Eskulturak erakarri ninduen. Asko interesatzen zitzaidan espazio publikoetako eskultura, adibidez, naturan eta espazio publikoetan esku hartzen duen 1960ko hamarkadatik aurrerako eskultura. Aukera izan nuen Cristina Iglesias artistarekin praktikak egiteko, eta Madrilera etorri nintzen. Orduan sortu zitzaidan Blank Paper eskolan argazkigintzari lotutako ikastaro bat egiteko aukera, lau hilabetez, eta haren eskutik ezagutzen ez nuen mundu bat deskubritu nuen argazki liburuetan eta erakusketetan: argazkiekin historiak kontatzen ahal zirela ohartu nintzen.
Zer eman zizun ikastaro horrek argazkigintzaren aldeko apustua egiteko?
Konturatu nintzen idazle batek liburu batekin egiten duena egiten duela argazkilari batek bere lanaren bidez; ez argazki bakar batekin, ez gehiago edo gutxiago maite duen argazki batekin. Proiektu bat garatzen duzunean inportanteena da argazkiak atzetik zer kontatzen duen, zenbat kontzeptu maila egon daitezkeen proiektu baten atzean.
Madrilek lehen ikastaro hura eman zizun; Italiak, berriz, lehen reflex kamera.
Erasmus programaren bidez joan nintzen Italiara. Argazki kamera erosi, eta hasi nintzen argazkiak egiten. Egunerokotasuna islatu nahi nuen. Kanpora zoazenean denak ematen dizu atentzioa, erakartzen zaitu. Argazki asko egitea erraza da, baina, aldi berean, azalkeria ikusten da. Ez duzu horko errealitatea ezagutzen, eta turista baten begirada duzu. Blank Paper eskolan ikasi nuen, hain zuzen, ez duzula urruti joan behar argazki proiektu bat garatzeko. Nahikoa dela, askotan, zure inguruko errealitatea beste modu batera begiratzea, proiektu oso interesgarriak garatzeko.
Eta hori egin zenuen, zure inguruan bilatu?
Bai. Familiari egin nion so. Nerabezaroari buruzko lana garatzen hasi nintzen, nire nebaren bitartez. Bidean izenburuko lana da. Epe luzerako proiektu bat da, eta horrek ematen dit aukera esperimentuak egiteko.
Zein da zure lan prozesua?
Intuizioz egiten dut lan, neurri handi batean. Nik argazki asko egiten ditut, eta gero aukeratzen ditut. Lan hau egiten hasi nintzenean, ez nuen aurretik nerabezaroaren ideia zehatza buruan. Hasi nintzen gazteen argazkiak egiten. Nebarenak eta haren lagunenak. Egindako argazkiak begiratzen hasi, eta konturatu nintzen gai bat bazela irudi horietan. Nerabezaroa eta natura, biak oso agerikoak zirela nire argazkietan. Finean, nire bizitzako bi oinarri garrantzitsu dira.
Hagitz lan pertsonala da?
Bada. Agerian uzten du nebarekin dudan harreman estua, batetik, eta, bestetik, naturarekin izan dudan lotura, hazi izan garelako naturak inguratuta. Nork bere esparrura eramaten badu bere lana, emaitza izan daiteke oso lan pertsonala, baina, aldi berean, argazkien bidez azaltzeak ekartzen du lengoaia unibertsal baten bitartez adierazten duzula esan nahi duzun hori.
Bidean izena du. Amaitu gabeko proiektua da?
Prozesu baten modukoa da. Nerabezaroa bera bezala; bai eta naturaren zikloak bezala ere. Bi ideia horien arteko paralelismoa agerikoa da. Hasieran ingelesezko izena jarri nahi izan nion proiektuari, Going on, baina Blank Paper eskolako irakasleak esan zidan halako proiektu pertsonal batek ezin zuela ingelesezko izena izan, are gutxiago nire hizkuntza euskara izanda. Eta arrazoia zuen. Nik uste nuen jendeak ez zuela ulertuko, baina hori ere bada erronka bat. Jendeak izena onartu duela konturatu naiz, eta ez dakienak galdetu egiten du, edo bilatu. Hizkuntza aldarrikatzeko modu bat ere izan da, azkenean, proiektua.
Edizioak zer garrantzi du?
Handia. Niretzat prozesuaren zatirik garrantzitsuena da argazkien edizioa. Klik egitea erraza da. Edozerk ematen ahal dizu atentzioa. 300 argazki egin, baina bost aukeratu behar dituzu, adibidez. Baina kontua da bost horietan ikusten dela asmo bat. Argazki guztien artean piezarik garrantzitsuenak hasten dira nabarmentzen. Distantzia behar da hori lortzeko, akaso zure argazkirik gogokoena ez delako proiektuarentzat egokiena.
Edizio lan hori bakarrik egiten duzu?
Edizioa egiteko orduan garrantzitsua iruditzen zait beste norbaiten laguntza izatea. Zure argazkiek zure sentsazioak eta esperientziak dituzte; baduzu nolabaiteko lotura haiekin. Horregatik, interesgarria da beste norbaiten iritzia jasotzea. Kontua da proiektuak koherentzia ez galtzea, proiektua bere osotasunean kontuan hartzea argazki bat aukeratzerakoan. Eta hori errazagoa da beste norbaiten laguntzarekin egitea, askotan.
Blank Paper eskolan baduzu nork lagundu?
Ikastaro bat egitera etorri, eta eskolan jarraitzen dut. Zorte handia izan dut. Hemen aurkitu ditut nire kezka berak dituzten pertsonak. Eskola honetan denak gara argazkilariak; ez dago enpresaburu bat, nolabait esanda; eta giro hori sumatzen da. Autogestionatutako eskola da, eta sormena modu berezi batean garatzen da. Hamaika kultur ekitaldi egiten ditugu.
Género y figura izeneko proiektuan ere ari zara lanean, emakume argazkilarien lana ezagutzera emateko. Emakumeak artean ere ikusezin dira, oraindik ere?
Neurri handi batean, bai. Nik, hala ere, zorte handia izan dut, eta emakume izateagatik lortu ditut hainbat aukera. Egia da, hala ere, erreferente gehienak maskulinoak direla. Asko dago egiteko.
Emakumeentzat espazioak sortu behar dira?
Hori da bide bat emakumeei behar duten tokia emateko. Ari dira sortzen proiektu bereziak, eta hori ona da emakumeon lana ezagutzera emateko.
Argazkigintzak, oro har, badu merezi duen tokia artean?
Hemen ez. Egungo gizartean irudia nonahi dago. Sakelakoarekin egiten ditugu argazkiak, eta sare sozialetan partekatzen ditugu. Irudiak kontsumitzen ditugu, baina zalantza dut gaitasun kritikoa garatzen ari ote garen. Eskolan landu beharreko gaia da.