Konposta, eztabaida politikoaren erdian

Konposta, eztabaida politikoaren erdian

M. Belarra-E. Elizondo

Nafarroako Gobernuak konpostaren alde egin du hondakinak kudeatzeko prestatzen ari den planean. Konpostaren aldeko apustua egin dute ekologistek ere, eta eredugarritzat jo dituzte, adibidez, Sakanan eta Nafarroa iparraldean hainbat herrik materia organikoak jaso eta konposta sortzeko egin dituzten urratsak. Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatea eta Baztango Udala dira esparru horretan lanean ari direnetako hainbat. Baztanen, adibidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kideak ikerketa egiten ari dira konpostaren erabilerari buruz. Bortzirietan ere konposta egiten dute eskualdeko herritarrek. Lesakan, baina, atzera egitea erabaki du udalak. Konposta egiteko ontziak bazter utzi nahi ditu, bosgarren edukiontzia jartzeko. Erabaki horrek eztabaida sortu du herritarren artean, eta, auziaren ikuspuntu ekologikotik harago, kontu politiko bilakatu da.

Horixe salatu dute Lesaka Auzo Konpostaren Alde taldeko kideek. Haietako bat da Mertxe Rekondo. “Pena handia dugu arazo politikotzat hartzen ari direlako, ez baita halakoa. Harago joan behar dugu, eta hondakinekin dagoen arazoaren inguruan kontzientzia hartu”, erran du lesakarrak.

Konposta egiteko ontziak aurreko udalak jarri zituen Lesakan, EH Bilduk zuzendutakoak. Orain, Geroa Baiko ordezkarien esku dago udala. Iazko hauteskundeetako kanpainan iragarri zuen koalizio horrek konposta egiteko ontziak kendu eta bosgarren edukiontzia jarriko zuela agintea lortuz gero. “Higienea eta estetika” dira erabaki hori hartzeko arrazoiak, bai eta hiri antolamenduari buruzko ordenantza ere. Lesakako Udalak dio konposta egiteko ontziak herriko lorategietan jartzeak ordenantza hori urratzen duela. Aurreko udalak ontziak jartzeko baimena eman zion Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateari; oraingoak, berriz, bertan behera utzi du.

Rekondok ez du baztertu ontziak tokiz aldatzeko aukera. Udalak egindako proposamena, hala ere, ez du ontzat jo: “Udalak nahi du toki pribatu bat bilatzea, edo herritik kanpora ateratzea ontziak”. Horrek materia organikoa birziklatzeko lana zailduko lukeela uste du Lesaka Auzo Konpostaren Alde taldeko kideak. “Adin guztietako jendea dago konposta egiten duten herritarren artean. Hainbat ontzi aldatzen ahal dira tokiz, baina praktiko izan behar dugu”.

Taldeko kideek 330 sinadura baino gehiago jaso dituzte auzoetan konposta egiteko ontziak ken ez ditzaten. 244 familia aritu dira orain arte auzo konposta egiten; etxeko konposta egiten, berriz, 180.

Bortzirietako Hondakinen Mankomunitatearen esku dago eskualde horretako zaborren kudeaketa, eta erakunde horretako teknikaria da Txomin Elgorriaga. Onartu du Lesakako Udalaren erabakiak “eztabaida handia” sortu duela mankomunitateko kideen artean. “Azkenean, onartu zen bertze herriek ez dutela erabakiko nork bere herrian zer egin”, azaldu du.

Ekologiaren eta ekonomiaren ikuspuntutik, Elgorriagak argi du konpostaren aldeko apustua bosgarren edukiontzia baino hobea dela. “Konpostarekin, bazter uzten ditugu bilketa, garraioa eta tratamendua. Konposta egiteko ontziekin, gainera, hondakinen atzean dagoen lan handiaz ohartu dira herritarrak”, azaldu du. Egindako konposta herritarren artean banatzen dutela erantsi du Elgorriagak, eta, ondorioz, egiteari uzten badiote, “lesakarrek galduko” dutela. Bosgarren edukiontziak ere abantailak dituela nabarmendu du, halere: egunero bete eta hustu daitekeela, eta ontziak jartzeko tokia aurkitzea errazagoa dela, bertzeak bertze.

Tokia, hori da gakoa, orain, Lesakan, Elgorriagak azaldu duenez. “Udalak Lesaka Auzo Konpostaren Alde taldearen esku utzi du ardura. Ontziak jartzeko tokia proposatu dezala eskatu dio; bestela, kenduko dituzte”. Teknikariak uste du ontziak herritik ateratzea “atzerapauso” bat litzatekeela. Alde horretatik, sistema misto baten alde egin du mankomunitateko teknikariak. “Bosgarren edukiontzia jarrita ere, ez ditzatela kendu konposta egiteko ontzi guztiak. Jende gehiagok birziklatuko luke horrela”.

“Ongarri ona”

“Europak eskatzen dituen birziklatze kopuruetara ailegatzeko, ezinbestekoa da konpostaren alde egitea”. Horixe nabarmendu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Natxo Irigoienek. Baztango Udala egiten ari den ikerketari buruz azaldu du Elizondon hartu dutela lursail bat, konpostak landareetan zer eragin duen aztertzeko. “Konposta ongarri ona da lorezaintzan eta baratzeetan erabiltzeko”, nabarmendu du.

Donezteben, hain zuzen ere, herri baratzeak egiteko proposamena jarri du udalak mahai gainean, eta asmoa da herrian egiten den konposta banatzea, ahal denean, ongarri gisa erabiltzeko. Zabalik da baratze zati bat eskatzeko izena emateko epea, oraindik ere.