Maria Txibitek aginteari eutsi nahi dio. Nafarroako Gobernuko lehendakariak beste lau urtez jarraitu nahi du karguan karguan, eta, horregatik, datorren urteko hauteskundeetan ere hautagai izango dela jakinarazi du gaur. Nafarroako Alderdi Sozialistako idazkari nagusia ere bada Txibite, eta azken egunetan argitara atera diren ustezko ustelekeria kasuei aipamena eginez nabarmendu du PSOEn sinisten duela oraindik. «Errugabetasun printzipioa eta justizia», biak errespetatzen dituela azpimarratu du, baina herritarren alde lanean jarraitu behar dela nabarmendu du. Horregatik, datorren urteko hauteskundeetan PSNren zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztuko duela baieztatu die alderdikideei Lurralde Batzordearen bileran.
«Zalantza egitea lortzen badute, irabazle bat egongo da, eta ez dut onartuko», esan du Txibitek. Baina aitortu du «sumindura, harridura eta tristura» eragin ziotela alderdikieei egozten zaizkien ustelekeria kasuen berri izateak. Adierazi duenez, sentimen horiek izan zituen Cerdan auzia lehertu zenean ere. Edonola ere, azpimarratu du PSN indartuta atera dela kasu horietatik. «Gaur egun, Nafarroako Alderdi Sozialista indartsuago dago, are batuago dagoelako», adierazi du. Horregatik, alderdikieei eskatu die «polarizazioari aurre» egiteko eta erakundeak defendatzeko, horretarako garairik aproposena ez dela ematen badu ere.
Izan ere, azpimarratu du Nafarroan ez dagoela bera buru duen egungo gobernuaren alternatibarik, ezta eskuin muturrarekin bat egin da ere. «Proiektu honen buru izaten jarraitu nahi dut, Nafarroarentzat ona dela uste dudalako, gauzak ondo egiten ari garela uste dudalako eta oraindik egiteko asko dugulako», adierazi du Txibitek bere hautagaitzaren berri ematerakoan. Eta iragarri du bozei begirako barne prozesua abiatuko dutela: «Urtebete dugu Nafarroako gizartea konbentzitzeko sozialismoa dela tresnarik onena Nafarroa hobea eraikitzen jarraitzeko».
Bere gobernuaren balantzea egiteko ere baliatu du agerraldia Txibitek. Bereizki, enplegua, industria, etxebitza, osasungintza eta hezkuntza gaiei egin die aipamena. Azken horri lotuta, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren kudeaketa goraipatu du, eta eskola publikoa indartzeko lanean jarraituko dutela agindu du.
