Edurne Elizondo
Jaialdien sasoia izan ohi da uda partekoa. Gazteek hamaika kontzertutara joateko aukera izaten dute hilabeteotan. Enpresa handiak izaten dituzte atzean halako ekinbideek, eta, kulturaren gainetik, negozioaren eredua nabarmendu ohi da, kasu gehienetan. Hori bazter utzi nahi izan dute Lizarran, ordea, eta, lortu ere, lortu egin dute azken bost urteotan. Kultura Askearen Aldeko jaialdia jarri zuten martxan 2011. urtean, eta, aurten, seigarrenez antolatu dute; gaur eta bihar izanen da, herriko Los Llanos parkean.
“Kultura ez da negozio bat; molde komertziala bazter utzi nahi dugu guk, eta kultura askearen alde egin, kulturaren esparruan lanean ari den bertako jendeari egiten duen hori erakusteko aukera emanez”, azaldu du Ander Mazkiaranek. Lizarrako Gazte Asanbladako kidea da. Erakunde horrek hartu du, aurten, jaialdia antolatzeko ardura bere gain. Jaialdiak bere oinarriari eutsi dio, eta kontzertuak izanen dira, gaur eta bihar, egitarauko izar. Antzerkigintzari ere tokia egin nahi izan diote aurten antolatzaileek, halere. Virginia Senosiain aktoreak Que la muerte te acompañe bere ikuskizuna aurkeztuko du, hain zuzen ere. Hitzaldi bat antolatu dute Lizarrako Gazte Asanbladako kideek, halaber: herriko Pikutara kolektiboko kideak ariko dira, errepresioaren inguruan. Gainera, ohikoa denez, banatzaile alternatiboen azoka eginen dute, beren disko eta liburuak zabaltzeko aukera izan dezaten.
Aurtengo antolatzaileek beren ukitua eman diote jaialdiari antzezlanaren eta hitzaldiaren bidez. Ontzat jo du hori Andres Alonsok, Caracol Banaketak etxeko kideak. Jaialdia antolatzen aritu da Alonso, hasieratik. “Aurten, laguntzaile aritu naiz, batez ere”, erran du. Jaialdiak urtetik urtera “berritzeko” izan duen gaitasuna nabarmendu du, eta azaldu du hori gertatu dela, neurri handi batean, antolatzaileen taldea aldatuz joan delako, hain zuzen ere.
“Zezen plazan egiten zituzten kontzertuak dira jaialdiaren aurrekari nagusia”, gogoratu du Alonsok. “Azken urtean La Polla Records aritu zen, Oteitzako Aizkora 47 taldearekin. SGAEri [Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartea] ez zitzaion deus ordaintzen, baina erakunde horretako kideak agertu ziren herrian. Dirurik gabe gelditu ziren antolatzaileak, eta kontzertuak egiteari utzi zioten herrian”, azaldu du. Egoera horri erantzun nahi izan zion Kultura Askearen Aldeko jaialdiaren lehen aldiak, hain zuzen ere, 2011. urtean. “SGAE bazter utziko zuen jaialdia antolatu nahi genuen”.
Gaztetxearen inguruko Ultima Alternativa izeneko kolektibo libertarioa hasi zen jaialdia mamitzen. “Lizarrako eta Lizarra aldeko hamasei talde inguruk egin genuen bat; batzordea osatu, eta jaialdia martxan jarri genuen”.
Bigarren urtean esparrua zabalduz joan ziren antolatzaileak, eta Zaragozako eta Errioxako (Espainia) hainbat talderi eman zioten parte hartzeko aukera. Madrilgo hainbat ere izan dira Lizarran, azken urteotan. “Ezaugarri nagusia izan da beti SGAErekin ikustekorik ez duten taldeak aritu izan direla; guk sortzen ditugu gure abestiak, guk jotzen ditugu, eta guk banatzen ditugu; sormena da hemen kontua, ez dirua”.
Ultima Alternativa kolektiboko kideek Caracol Banaketak etxeko kideen esku utzi zuten antolatze lanen ardura, hirugarren jaialditik aurrera. “Gaztetxeko jendea ere aritu da azken urteotan, baita inolako taldetan ez dagoen jendea ere. Edozein modutan, nahi duenak parte har dezake”, zehaztu du Alonsok. “Hori da garrantzitsuena; jaialdi hau herriarena da; ez da inorena”.
Alonsok nabarmendu du hasieratik aldarrikatu nahi duen mezuari eutsi diola. “Udan enpresa handiek egiten dituzten jaialdi horietako anitzetan jo ahal izateko ere ordaindu egin behar dute taldeek; gu horren kontra gaude”. Irabazi asmorik gabeko ekinbidea da jaialdia. “Kontzertuak doan eskaintzen saiatzen gara; gastuak ordaintzeko taberna jartzen dugu. Irabazten duguna hurrengo urteko jaialdirako izaten da”, azaldu du.
Gaztetxeak, 20 urte
Lizarran dena prest dute jada jaialdiaren seigarren edizioa martxan jartzeko. Kontent da Mazkiaran, Lizarrako Gazte Asanbladak hartu duelako ekinbide horri eusteko ardura. Gaztetxeko kideak dira batzar horretan. Mazkiaranek gogoratu du urrian hogei urte beteko dituela Lizarrako gaztetxeak, hain zuzen ere. “Azken boladan belaunaldi aldaketa bat izan da gaztetxean ere; jende berri asko sartu da”.
Gauzak egiteko gogoz direla nabarmendu du Mazkiaranek. Hasteko, Kultura Askearen Aldeko jaialdia, gaur eta bihar.