Badute poltsa bat bete bizitza

Badute poltsa bat bete bizitza

Edurne Elizondo

Ez da amaiera, bizitzaren bertze etapa bat baizik, eta gogoz egin behar diogu aurre”. Edorta Berriozabalenak dira hitzak. Gaixotasunei buruz hitz egiteak amorratzen duela aitortu du, baina ez du ezkutatzen ebakuntza baten ondorioz bere oraingo egunerokoa zein den: kolostomia egin zioten, eta, ondorioz, poltsa batean jaso behar ditu gorozkiak. “Behin betiko ostomia da hori, Edortak ez baitu uzkirik; horrenbestez, ez dago atzera egiteko aukerarik”, azaldu du Berriozabalen erizain Montse Petrik.

Minbizia izan zuen Berriozabalek, eta tumorea kentzeko kendu behar izan zioten uzkia ere. “Itxita nago! Baina ez zait inporta. Duela urtebete luze egin zidaten ebakuntza, eta egoera gainditzea lortu dut. Bizitzari gogoa jartzen dioten horietakoa naiz ni. Edozer gauzari aurre egiteko gai naiz orain”. Poltsa bat bete bizitza badu.

Lasaitasunez eta naturaltasunez mintzatu da Berriozabal. Hala behar duela argi baitu. Edozeini gertatzen ahal zaiolako ostomia bat egin behar izatea. Zenbait kasutan, ebakuntza horien ondorioak behin betiko izaten dira; bertze anitzetan, berriz, ez: bertze ebakuntza baten bidez, poltsa bazter uztea lortzen ahal du gaixoak. Aukera hori eskura du, adibidez, Javier Ignaciok. Nahiago du izen osoa ez eman. Berriozabalek bezala, irribarre batekin egiten dio aurre egungo egoerari. Baina aitortu du ez zela erraza izan onartzea. Izan ere, urgentziazko ebakuntza baten ondorioz egin behar izan zioten ileostomia. “Ebakuntza gelan sartu baino lehen nik ez nekien ateratakoan poltsarekin bizi beharko nuela”. Ez zuen egoera berrira egokitzeko denborarik izan.

Petrik artatzen du Javier Ignacio ere. “Edortak bezala, kanporatzeko ostomia digestiboa du, baina bi kasu erabat ezberdinak dira. Edortak ezkerreko aldean du estoma; hau da, kaka ateratzeko zuloa. Edortaren gorozkiak gogorrak dira, ura berriz xurgatzeko prozesua gertatu baita haren gorputzean. Javier Ignacioren kasuan, berriz, ostomiaren bidez lortzen da beherako kontrolatu bat, nolabait erranda. Gorozkiak likidoak dira; jan eta ia berehala kaka egiten du. Eskuineko aldean du estoma berak”, azaldu du erizainak.

Petri Nafarroako Ospitale Guneko Kirurgia Orokorreko Erizainen Kontsultan aritzen da. Kontsulta horretan egon izan balitz bezala azaldu ditu Berriozabalen eta Javier Ignacioren ostomien ingurukoak. Eguneroko lana du erizainak gisako gaixoak artatzea; eguneroko kontu du batzuen eta bertzeen kezkak entzutea; eguneroko zeregin, batzuekin eta bertzeekin beren zalantzei buruz hitz egitea. Estomez, gorozkiez eta ostomiak eragindako ondorioez mintzatzea. Aitortu du, ordea, poltsa batekin bizi behar izateak egoera hori pairatu behar duen gaixoa “bakartu” egiten ahal duela. Kontsultan naturaltasunez hitz egiten dutena isilpean gordetzen dutela jendaurrean.

“Ostomiak dituen ondorioak ezkutatzen ohi dituzte poltsa eraman behar duten gaixoek”, erran du Petrik. Poltsarekin gorputzaren gaineko kontrola galtzen dutela sentitzen dute, neurri handi batean. “Haurrak garenean, gure esfinterren kontrola izan arte ez gara eskolara joaten; eta ostomia egiten dizutenean, hain zuzen ere, galtzen duzun lehendabiziko gauza kontrol hori da. Errealitate horri aurre egitea ez da batere erraza izaten gaixoarentzat”. Pertsona helduak haur bilakatu dela sentitzen ahal duelako, nolabait erranda.

Errealitatea hagitz bertzelakoa da, ordea. Petrik argi eta garbi erran du: “Poltsa bizitza da; bizitzen jarraitzeko ordaindu behar dugun prezioa. Baina inportanteena da argi izatea ostomia egiteak ematen ahal digula gaixotasunik gabeko bizitza bat; kalitatezkoa, gainera. Estoma, finean, ez da hain itsusia”. Biharko Gaixo Ostomizatuen Egunak mezu hori zabaltzeko balio duela nabarmendu du, eta ontzat jo du, ondorioz, ekinbidea. “Hitz egin beharra dago; jende anitzen errealitatearen berri eman behar dugu”. Eta ostomien berri zabaltzeko, hain zuzen, kanpaina bat jarri dute martxan sare sozialetan hainbat gaixo elkartek, biharko egunarekin bat egiteko. Argi uzteko poltsa eguneroko kontu dela gaixo anitzentzat.

Poltsa edo ebakuntza gela

Petriren mezuarekin bat egin dute Berriozabalek eta Javier Ignaciok. Azken horrek badu ebakuntza baten bidez poltsa bazter uzteko aukera, baina oraindik ez du erabaki eginen duen edo ez. “Poltsarekin bizi behar izateari baino beldur handiagoa diot ebakuntza gelari”, aitortu du.

Maskuriko eta sabeleko minbizia izan ditu Javier Ignaciok. Bihotzeko ebakuntza ere egin diote. Ostomia, berriz, joan den urtarrilean egin zioten. “Bi hilabete eman nituen ospitalean, eta denbora tarte horretan lau aldiz pasatu nintzen ebakuntza gelatik; lur jota gelditu nintzen”. Horregatik pentsatu nahi ditu poltsaren aldekoak eta kontrakoak ongi, berriz sartu edo ez erabaki baino lehen. Ostomia, finean, ez du arazo gisa bizi. “Bihotzeko arazoaren ondorioz ezin izan nuen kirola egin gazte denboran; niretzat, hori izan da benetako trauma; egun dudan poltsa baino oztopo anitzez ere handiagoa”, nabarmendu du.

Gaixo ostomizatuen inguruko arazo nagusia “ezjakintasuna” dela uste du Javier Ignaciok. “Jendeak ez daki poltsa izateak zer ekartzen duen; hasieran zaila da erabiltzea, baina, behin ikasita, ez da betiko egunerokoari eutsi ahal izateko inolako arazorik”. Aitortu du bi hilabete inguru behar izan zituela poltsa behar bezala erabiltzen ikasteko. “Alaba erizaina dut, eta hark lagundu zidan hasieran; baina ez nuen beti haren laguntzaren menpe egon nahi; autonomo izan nahi nuen, eta lortu dut”.

Antzeko poltsa erabiltzen dute Berriozabalek eta Javier Ignaciok; jartzeko sistema, ordea, ezberdina da bi kasuetan. Baten eta bertzearen ostomiak ezberdinak direnez, baten eta bertzearen beharrak ere bertzelakoak dira. “Javier Ignacioren kasuan, inportantea da azala ongi babestea; haren gorozkiak Edortarenak baino azidoagoak dira, eta sabelaldea zaintzeko, hain zuzen, plaka bat erabiltzen du. Plaka egokitzen du estomara, eta poltsa, berriz, plakara. Edortak horren beharrik ez du, eta estomara lotzen du, zuzenean, poltsa”, zehaztu du Petrik.

1982. urtean hasi zen gaixo ostomizatuekin lanean, eta, geroztik, ebakuntzak egiteko teknikak “izugarri” egin du aurrera, erizainak nabarmendu duenez. Estoma ongi egitea hagitz garrantzitsua dela azaldu du, aukera emanen diolako gaixoari poltsa hobeki erabiltzeko, eta erabilera horrek izaten ohi dituen ondorioen kalteak arintzeko. Ondorio horiek erabat bazter uztea zaila da, hala ere. “Edortak, adibidez, etena du. Ez ohi da zaila izaten hori konpontzea, baina ebakuntza gelatik pasatzea ezinbertzekoa izaten da”.

Ebakuntza gelatik pasatzeko aukera ez du aztertu Berriozabalek, oraingoz. Kontent da ia betiko egunerokoari eutsi ahal izan diolako. “Ordu eta erdiko paseoak ematen ditut, orain ere, eta erritmo azkar batean!”. Gaixotasunak hartu zueneko garaia gogoratu du, eta aitortu du, hasieran, hurbilenekoei baino ez ziela bere egoeraren berri eman. “Eritasunaren ondorioak, halere, ezin dira ezkutatu. Eta nik ez ditut ezkutatu nahi izan ere. Ez dut nire egoeraz hitz egiteko inolako arazorik”.

Etxetik ateratzen denean poltsa aldatzeko eta garbitzeko behar dituen guztiak eramaten ditu. Pena bakarra du, ostomia egin ziotenetik: “Ezin bainu bat hartzera joan igerilekura”. Javier Ignaciok bat egin du Berriozabalekin ere. “Itsasoan sartzea biziki maite dut, eta horren falta sentitzen dut nik ere”.

Bien hitzak entzunda, estoma egiterakoan kontuz ibiltzeak duen garrantzia nabarmendu du Petrik, hain zuzen ere: “Zuloa egiterakoan, kontuan izan behar dugu non geldituko den, igerilekura joatean edo janztean, adibidez, arazorik ez izateko”. Igerilekura edo itsasora joateko, adibidez, neoprenozko jantziak erabiltzen dituzte poltsa duten hainbatek, Petrik azaldu duenez. “Bertzelako konponbideak bilatzea da kontua”.

Konponbide horiek bilatzeko, edo egunerokoan poltsa erabiltzeak eragiten ahal dituen arazo txikiei aurre egiteko, “biziki” eskertu dute Berriozabalek eta Javier Ignaciok Petriren laguntza. “Hari esker, figura berri bat deskubritu dut nik osasunaren arloan: familia erizainarena, alegia”, erran du Javier Ignaciok. Petri erreferentziazko profesional bat da gaixo ostomizatuentzat, eta haren lana “funtsezkotzat” jo dute.

Alaba erizaina duela gogoratu du Javier Ignaciok. “Haren laguntza hagitz garrantzitsua izan da niretzat, baina Montseri nabaritzen zaio urteek eman dioten esperientzia, eta horrek ez du preziorik”, nabarmendu du. Harekin bat egin du Berriozabalek ere. “Osasunbidean ari diren profesional guztiak dira onak, baina hagitz garrantzitsua da zertaz ari den hain ongi dakien norbait izatea ondoan”.

Astean bizpahiru kasu berri artatzen ditu Petrik, hain zuzen ere. Berriozabalek eta Javier Ignaciok egindako bidearen berri ematen die; poltsak ekarriko dien egoera azaltzen die, ahalik eta hobekien, errealitate berrira ahalik eta ongien eta azkarren egokitzeko. “Erizainok bitartekari lana ere egiten dugu, nolabait, gaixoen eta zirujauen artean”, erantsi du.

Umorearen garrantzia

Ebakuntzak egiteko teknika, erizainen esperientzia, poltsa jartzeko eta erabiltzeko tresnak… Horiek guztiek duten garrantzia bazter utzi gabe, Berriozabalek benetan funtsezkoa dena jarri nahi izan du mahai gainean: “Norberaren jarrera; ezin duzu behera egin poltsa jarri dizutelako; gauzak egiteko modu berri bat ikasi behar duzu, baina horrek ez du erran nahi zure bidea amaitu denik”. Hasierako hitzak berretsi ditu. “Hau ez da amaiera, bizitzaren bertze etapa bat baizik”.

Umorez aritu da bere egoeraz, eta umorez erantzun dio Javier Ignaciok ere. Erizainak ere argi du umoreak medikuntzaren arloan duen garrantzia. Are gehiago gaixo ostomizatuentzat. Mugak gainditzera deitu ditu biharko egunaren harira. Isiltasunari aurre egitera. Ez bakartzera. “Poltsarekin edo gabe, urteak bizitzaz betetzea da gakoa; gozatzea eta aurrera egitea”.