Aisialdiaren arloaz harago

Edurne Elizondo

Poliziak San Anton karrikako etxe okupatu bat hustu duen aste berean egin dute Euskal Herriko gaztetxeek eta gazte biltzarrek urteko topaketa, Iruñean. Arrotxapea auzoko gaztetxea izan da jardunaldien egoitza, Alde Zaharrekoa azarotik baitago itxita, Iruñeko Udalaren aginduz. Ostiralean hasi, eta igandera bitarte aritu dira parte hartzaileak autogestioari, gaztetxeen defentsari eta botere harremanei buruz gogoeta egiten, bertzeak bertze. Ondorio nagusi bat jarri dute mahai gainean: autogestioari lotutako teoria eta praktika arlo guztietara zabaltzeko beharrarena, hain zuzen ere.

“Aisialdiaren esparrutik ateratzea kosta egin zaio gaztetxe askori, baina urrats hori egiteko ordua da; autogestioa aisialdiaz harago landu behar dugu, jarduera politiko orokor bilakatu ahal izateko”. Jesus Villarorenak dira hitzak. Topaketan parte hartu du. Iruñeko Alde Zaharreko gaztetxeko kide ere bada. Hagitz kritiko agertu da Iruñeko Udalaren eta, zehazki, Joxe Abaurrea zinegotziaren jarrerarekin. “Ez dute batere zintzo jokatu”. Udalaren eta gaztetxeko kideen arteko negoziazio prozesuan parte hartu zutenetako bat da Villaro. Nabarmendu du harremana “zaila” izan dela. Argi du erakundeak “legearen agintearen pean” mugitzen direla, eta garbi utzi du negoziazio prozesuari baiezkoa eman ziotela erakundeon jarduera ez baldintzatzeko. Erantsi du egindako bidea “zaila eta malkartsua” izan dela, ordea, eta udalak ez duela gertatutakoaren “benetako kontakizuna” egin.

Villarok uste du karrika dela errealitatea aldatzeko dinamiken berezko tokia, eta herri mugimenduen autonomia bermatu behar dela. “Hala ez bada, zer? Injustiziak herriak berak ez baditu geldiarazten, nork eginen du?”. Testuinguru horretan ulertzen du Villarok gaztetxeen eta gazte biltzarren zeregina. “Gero eta argiago dugu autogestioa errealitatea iraultzeko praktika politiko bat izan daitekeela”, nabarmendu du.

Hasitako lanari segida

Urtean behin egiten dute topaketa Euskal Herriko gaztetxeek eta gazte biltzarrek. Laudiokoa (Araba) izan zen lehendabizikoa; Oñatikoa (Gipuzkoa) bigarrena; eta Iruñeko aurtengoa, berriz, hirugarrena. Oñatiko topaketan hasi ziren autogestioaren dimentsioa zabaltzeko beharra jorratzen, eta orduko gogoetari segida eman nahi izan diote Iruñekoan. “Iruñean gaztetxeen aldeko mugimendu sendoa bazelako ere erabaki genuen hemen egitea”, azaldu du Villarok.

Alde Zaharreko gaztetxea itxi dute, baina Arrotxapekoa martxan dago oraindik, eta, azken urteotako dinamiken ondorioz, gainera, Barañainen ere, bertzeak bertze, badute gaztetxe berria. “Oztopoak oztopo, autogestioaren aldeko grina hor dago”, nabarmendu du Alde Zaharreko gaztetxeko kideak. Husteko mehatxua da Arrotxapeko gaztetxeak, adibidez, aurrez aurre duen oztopoetako bat. Villaro bera sententziaren zain dago, iazko abenduan Sarasateko eraikin bat okupatu eta gero izandako istiluengatik. Eraikinetik kanpo atxilotu zuten. “Poliziaren azpijokoa izan zen”. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra eskatu diote, eta mila euro baino gehiagoko isuna. Bertze bederatzi lagun daude auzipetuko ote dituzten zain.

Zain, baina lanean. Villarok zehaztu du Iruñeko topaketan ez dutela proiektu guztiek parte hartu, baina uste du Iruñerriko, Sakanako, Baztango eta Lizarraldeko gaztetxeen bidez argi gelditu dela lanerako gogoa. Gaineratu du badirela autogestioaren esparrua zabaltzeko hainbat proiektu martxan, jada, eta horren adibide jarri ditu, adibidez, elikadura subiranotasunaren aldeko dinamikak. Bertzelako gaiei heltzeko asmoa eta beharra aipatu du, gainera: “Energiaren auziari, adibidez”. Bada lana egiteko. Gogoa ere bai.