“Musikak berak nire jatorrira eta sustraietara eraman ninduen”

“Musikak berak nire jatorrira eta sustraietara eraman ninduen”

Kattalin Barber

Altsasu du bizitoki eta sorterri. Han jaio zen Enrike Zelaia, 1939. urtean, eta han mintzatu da musikaz, kulturaz eta identitateaz, besteak beste. Etxeko paretek gordetzen dituzte urte hauetan guztietan jasotako sari eta omenaldiak. Ez dira gutxi. Instrumentista, moldatzaile, konpositore, folklorista, ikerlari eta historialari gisa egin ditu lanak, Euskal Herriko kultura eta ohiturak sustatzen, sentsibilizatzen eta berreskuratzen. Erretiroa hartu bazuen ere, noizbehinka hartzen du akordeoia, eta ez du atsedenik hartzen bere herrian. Hitz errazekoa da Vianako Printzea sarirako hautagaia.

Herrian eman zenuen haurtzaroa, eta bertan hasi zinen musika ikasten. Zergatik aukeratu zenuen akordeoia?

Ez nuen nik erabaki, amak baizik. Haren aginduz, urte luzez egon nintzen musika ikasten. Klarinetea jotzen hasi nintzen, baina zaharra zen, eta, behin, aita eskusoinu batekin agertu zen. Hortaz, jotzen hasi nintzen, baina garai horretan niretzat akordeoia ez zen berezia. Egin behar nuelako egiten nuen.

Hala ere, gazte zinela nabarmendu zinen musikan. Zer-nolako oroitzapenak dituzu?

14 urterekin, jaietan, ezkontzetan eta jaunartzeetan ibiltzen nintzen akordeoia jotzen, hemendik hara. Behin, Urdiaingo kintoetara joan nintzen, eta gogoan dut oinez joan eta oinez itzuli behar izan nuela Altsasutik. Garai horretan akordeoia orkestra bat zen: ez zenuen instrumentu gehiagorik behar. Ongi jotzen nuela esaten zidaten, eta amak Zumarragara ikastera bidali ninduen. Han, Jesus Bastidarekin ikasi nuen, eta bete-betean aritu nintzen musikaren esparruan. Herri musika alde batera utzi, eta musika kultua hasi nintzen jotzen. Rossiniren L’italiana in Algeri izan zen ikasi nuen lehen pieza, eta horrekin joan nintzen lehiaketa askotara. Oroitzapen oso onak ditut. Ongi jotzen nuen, baina mekanikoki egiten nuen dena.

Garai horretan oraindik ez zenuen akordeoia propio sentitzen. Noiz gertatu zen aldaketa?

Hainbat lehiaketatara aurkeztu nintzen, eta lan ona egin nuen. 1958an, Espainiako akordeoi lehiaketa irabazi nuen, eta, hurrengo urtean, Paviako nazioarteko jaialdian bigarren saria eskuratu nuen. Ezaguna izaten hasi nintzen, eta horrek bultzatu ninduen. Energia handiz jotzen nuen, eta nik uste dut entzuleek hori nabaritzen zutela. Ni ere barneratzen hasi nintzen jotzen nuena.

Teknika menperatzeaz gain, zure lanek harago joateko gaitasuna dute. Nola lortu zenuen?

Izan ditudan irakasle guztiek erakutsi ez didaten gauza bat izan da. Akordeoiaren eragozpen bat hauspoa da. Jotzen hastean, ezin nituen notak nahi nituen bezala jo, haizea bukatzen zitzaidalako eta ezin nuelako jarraitu. Soinua mozten zen. Hortaz, konturatu nintzen hauspoa, soinua sortzeaz gain, badela tresna soinu hori nola adierazteko ere. Soinua ñabartzen du hauspoak. Orduan hasi nintzen eskusoinua menperatzen, eta modu desberdinetan adierazten, jotzen. Maitatzen hasi nintzen akordeoia. Egun batean, gainera, musikarekin inoiz izan dudan sentsaziorik bereziena sentitu nuen, plazer hutsa. Musikarekin flotatzen nuela konturatu nintzen. 18 urte izanen nituen, eta ez nekien zer zen sentsazio hura, baina zerbait oso berezia zen. Hortik aurrera dena aldatu zen.

Horrek zure ibilbidea zeharo markatu zuen?

Orduan ikasi nuen zer egin behar nuen mundu honetan nabarmentzeko. Soinuarekin fusionatu nintzen ni, eta ni nintzen instrumentua, objektu fisikoa desagertzen zen. Musikari gutxik lortzen dute hori, eta uste dut zaila dela akordeoiarekin bereziki lortzea. Akordeoiaren aztia deitzen ninduten. Kontzertuak ematen hasi nintzen; bereziki, Gipuzkoan. Arrakasta nuen, baina konturatu nintzen hemen ezin nintzela horretaz bizi, ezin nuen musika ogibide bihurtu. Nik musika kultua jo nahi nuen, eta Madrilera joatea erabaki nuen, abentura bila.

Jasotako sari guztiek ateak ireki zizkizuten Madrilen?

Hori esan zidaten, behintzat. Telebistan eta irratietan lan egin nuen, ikuskizunetan. Kontua da han eskaini zizkidaten aukera guztiak ahitu nituela, eta ezin nion jarraitutasunik eman nire musikari. Bartzelonara joan nintzen, baina gauza bera gertatu zitzaidan. Urte horietan, hain justu, zerbitzu militarra egin behar izan nuen, Afrikan. Bat-batean, musikan egindako lan guztia urtebete eta erdian alde batera utzi behar izan nuen. Frustratuta nengoen, noraezean.

Altsasura itzuli zinen gero, eta musika akademia bat ireki zenuen. Ez zenuen aukerarik ikusten kontzertuak emateko?

Bai, eta hori baino lehenago familiak zuen tabernan aritu nintzen urte luzez. Kontzertuak ematea ez zen bideragarria, eta etsita nengoen. Aldi berean, ez nuen pikutara bidali nahi nire esperientzia guztia, eta musika akademia bat sortu nuen. Baina arazo bat ekarri zuen horrek: ikasleak nabarmentzen hasiak ziren, eta etorkizunaz galdetzen zidaten. Ez nintzen zintzo ari, bai banekien etorkizuna latza zela.

Hala ere, oraindik onena gertatzear zegoen. Nola irauli zenuen egoera?

Garai horretan izan nituen diskoak grabatzeko lehenengo proposamenak. Lehena oharkabean igaro zen, baina bigarrenak, ez dakit zergatik, egundoko arrakasta izan zuen. Festival Vasco lanari buruz ari naiz. Oraindik ere entzuten eta saltzen da. Harrigarria izan zen, nik ez nuen horrelako arrakastarik espero, inolaz ere ez.

Zergatik uste duzu izan zuela hainbesteko arrakasta?

Hori ikertzen hasi nintzen. Oso ongi jotzen nuen, eta, horretaz gain, modu berri batean aritzen nintzen. Hori erakargarria zen oso. Lengoaia musikala eta espresio propio bat garatzen hasi nintzen, eta, horren bidez, entzuleen zuntz sentikorra ukitu nuen, muinean jo nuen. Haiek propio sentitzen zuten lengoaia erabiltzen nuen.

Horren ondotik, Euskal Herriko herrialdez herrialdeko folklorea zazpi diskotan bildu zenuen Zazpiak Bat izenburuko bilduman. Muinean jo, eta batasunaren mezua zabaldu zenuen.

Euskal musika kultua egin nahi nuen, baina herritarrek darabilten lengoaiarekin. Kontua da zaila izan zela, ez zegoelako inolako errepertoriorik. Mende erdian baino gehiagoan herri akordeoilaritzan aurrekaririk gabeko errepertorioa sortu behar izan nuen, sustatu eta zabaldu. 18 urte inguru ibili nintzen lanean, eta giltzarri izan zen: Nafarroan hasi, eta Euskal Herriko lurralde guztietako musika jaso nuen. Lekuan lekuko folklorearen arrastoetan arakatzea zen lehendabiziko lana, eta Resurreccion Maria Azkuek eta Aita Donostiak egindako ikerketa guztiak hartu nituen oinarri. Horiek izan nituen inspirazio iturri euskal musika sortzeko. Nafarroan, adibidez, 600 titulu lortu nituen, eta horietatik hamabi bakarrik aukeratu behar izan nituen diskorako. Musikalki bada ere, zazpi lurraldeak bateratzea lortu nuen, hori zen xedea. Herrialde bakoitzak ehunka urtean gorde dituen doinu esanguratsuenak aurki daitezke Zazpiak Bat bilduman.

Lan horrekin ere hasi zinen garatzen urte luzez garatu zenuen beste alderdi bat: identitatea. Musikak eraman zintuen horretara?

Bai, orduan ere konturatu nintzen ni euskalduna nintzela. Aldez aurretik ez nekien. Nik euskal musika jotzen nuen, baina ez nuen nirea sentitzen. Liburu klandestinoak irakurtzen hasi nintzen. Bitxia da, musikak nire jatorri eta sustraietara eraman ninduen, euskaldun izatera. Esan beharra dugu nondik gatozen, non gauden, nora goazen, bai eta zer nahi dugun ere. Horren isla da Zazpiak Bat bilduma. Eta hori transmititzea lortu nuen, barne-barnean joz.

Altsasun, zehazki, inauteriak, folklorea, herri kantagintza eta mitologia berreskuratu zenituen.

Azken finean, hori da herri baten identitatea osatzen duena. Hemen dantzatzen zen, baina ez genekien dantza horien jatorria. Nondik datoz? Hari horri tiraka egin ditut ikerketa guztiak. Kontua da hemen galtzen ari ziren tradizio guztiek identitate argi bat zeukatela. Nik jakin behar nuen zein zen gure jatorria. Ez ziren garai errazak, baina berreskuratu behar genituen tradizioak, eta zeudenei eutsi. Mundu erdia ezagutu dut akordeoiarekin, baina nire benetako etxea Altsasu izan da beti. 21 abesti eskaini dizkiot nire herriari. Gozamen hutsa izan da alderdi hori garatzea.

Urte hauetan guztietan, hamaika omenaldi izan dituzu, eta aurten Nafarroako Viana Printzearen sarirako hautagaia zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Nik baino gehiago, saria Altsasuko herriak merezi du. Lan handia egin dugu Altsasun, guztiok herria propio sentitzeko, hemengoekin eta baita kanpotik etorri direnekin ere. Hori garaipena da. Guztiok herrian parte hartzen dugu, sentsibilitate desberdinekoak izanik ere. Herriaren batasuna lortu dugu, eta guztiok maitatzen dugu Altsasu. Sariak hori indartzeko balioko luke.

Hilabete zailak izaten ari zarete Altsasun, baina herriaren batasuna agerian da.

Bolada zaila izaten ari da, oso latza; halakoetan ikusten da zehazki nolako herria den Altsasu. Bat egin dugu, eta herriko jendeak jaso du babes hori, elkar laguntzen dugu. Inoiz baino elkartuago egon behar dugu.

Euskal musikako akordeoilari mugimendu bat sortu nahi zenuen, baina ez zenuen denborarik izan. Horri ere segida emanen lioke sariak?

Bai. Nik ez nuen obra bukatu, eta dagoeneko ezin dut. 2004an hartu nuen erretiroa. Egindako lan guztiak argitaratuko nituzke, oraindik ere ez dagoelako ezer idatzita, eta gure ondarea da. Orain sare sozialetan murgilduta nago; egindako lanak sustatzen jarraitzen dut, baina akordeoiak etorkizuna du. Horren berri eman nahi dut; belaunaldi berriei esan identitate musikaletik gauza asko egin daitezkeela. Niri fruituak eman zizkidan, eta, norbaitek esentzia hori lantzen badu, muinean jotzen badu, arrakasta izanen du.