Abiapuntu eta helmuga

Abiapuntu eta helmuga

Kattalin Barber

Iruñeak ez zuen euskaraz idatzitako libururik”. Horixe nabarmendu du Roldan Jimeno historialariak. Ez zuen. Baina orain badu. Iruñeko Udalak lehenbiziko aldiz argitaratu du Iruñeko historia euskaraz kontatzen duen liburu bat: Iruñeko historia. Hiriaren ibilbidea historian barna. Euskara da abiapuntu eta helmuga. Jimenok azaldu du lanak balio handia duela, “Iruñeak behar zuelako euskaraz idatzitako liburua”.

32 adituren ahotsak jaso dituzte liburuan, tartean hainbat historialari eta ikertzailerenak, bai eta kazetaritza, soziologia, pedagogia, filologia eta biologia arloetako zenbait profesionalenak ere. Antzinarotik aro garaikidera arte, Nafarroako hiriburuaren historian ibilbidea egitea proposatzen du lanak; hain zuzen ere, 2016. urtera arte.

Iñaki Azkona Iruñeko Udaleko euskara koordinatzailearekin batera egin ditu Jimenok koordinazio lanak. Liburuaren jatorria azaltzeko, historialariak 2002. eta 2003. urteetara egin du jauzi, udalak eta Nafar Ateneoak urte hartan antolatu baitzituzten hiriko historiaren euskarazko ziklo monografikoak. “Nolabait, historialari euskaldunen topaketak izan ziren, eta, aurrenekoz, Iruñeko historia euskaraz aztertu zen”. Jimenok gogoan du oso arrakastatsuak izan zirela, aurreneko aldiz zuzenean euskaraz idatziak zirelako historiako garai ezberdinetan adituak ziren hainbat lagunek aurkezturiko lanak. Halaber, “euskararen erabilera maila akademikoan hartzen ari zen indarraren erakusle” izan ziren.

Horren ondotik, bildutakoa argitaratzeko xedea izan zuten, baina asmo hori, arrazoi ugari direla medio, ez zen gauzatu, eta liburuak ez zuen argia ikusi. Gobernu aldaketa iritsi arte “ez zen posible izan”. Hamasei urte ordenagailuetan gorderik igaro ostean, orain Iruñeak badu euskaraz idatzitako bere historiaren liburua. “Gainera, ez da edozein historia liburu”, zehaztu du Jimenok. “32 espezialistak idatzi dituzte testuak, eta ikuspegiak askotarikoak dira; liburuak historiaren ikuspegi guztiak edo ia guztiak hartzen ditu barnean”.

Hainbat ikerlari eta adituren artikuluen bitartez, jakintza arlo eta ikuspuntu ezberdinak hartu dituzte abiapuntu geografiaren, politikaren, gizartearen, hizkuntzaren eta kulturaren bilakaera aztertzeko; hiriaren historiari errepasoa egiteko.

Orduko txostenak berreskuratu, eguneratu eta hiriaren ikuspegia zabaltzen duten beste hainbat lanekin osatzea izan da aurreneko ahalegina. Iruñeko historia aztertzeaz gain, testuek euskara, literatura, artea eta emakumeen hiria jorratu dituzte. “Hutsuneak osatzeko ahalegina egin dugu hiru urte hauetan; batzuk gazteleraz idatziak dira, baina gehienak euskaraz sortuak dira”.

Euskarazko testua izaki, euskararen beraren eta Iruñeko euskaldunen historiari buruzko testuak ditu argitalpenak. Besteak beste, Iruñeko euskarazko literatura eta hiriko euskarari buruzko artikuluak egin dituzte Enrike Diez de Ultzurrun Sagalak, Ekaitz Santaziliak, Irene Lopez-Goñik, Eneko Zuloagak eta Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriartek. “Harro gaude egindakoarekin, orain arte ez baita egin honen moduko lan mardulik; garrantzitsua da, bai euskararen ikuspegitik, eta baita 32 ahots jasotzen dituelako ere”.

Zuzenean euskaraz sortua izatea eta adituen ikuspegi diziplinartekoa dira liburuaren balioak. Bide horretan, Jimenok uste du liburua “eredu” izan daitekeela Euskal Herriko hiri nagusienen historiak osatzeko. “Euskal Herriko hirien historia egiteko”.

Joxemiel Bidadorri eskainia

Joxemiel Bidadorrek parte hartu zuen 2002. eta 2003. urteetako jardunaldietan, eta liburuak haren lan argitaragabea jasotzen du. Bidadorrek Iruñean euskaraz argitaraturiko liburuen historia ikertu zuen preseski bere ponentzian. 2010ean zendu zen historialari eta hizkuntzalari iruindarra, eta hari eskaini diote liburua. “Omenaldi moduko bat egin nahi izan diogu, eta oso hunkigarria izan da bere lana berreskuratzea eta argitaratzea”.

Era berean, Jose Maria Jimeno Jurioren testu klasiko bat berreskuratu dute:, hiriak izan dituen izendapenen inguruan hark egindako artikulua, euskarara itzulita. Bilduma osatzen duten eduki nabarmenen artean, halaber, Ana Diez de Ureren Iruñeko emakumeen historia dago, bai eta NUPeko ikerlari diren Emilio Majuelo Gilek, Gemma Pierolak, Nerea Lopez Ibarrolak, Gotzon Garmendia Amutxastegik eta Fernando Mendiolak 1936ko gerraren inguruan Iruñean izan zen errepresioari buruzko testua ere. Iruindarren historiaz, hiriak sortu duen literaturaz, memoria historikoari lotutako gaiez, hiriaren garapen urbanistiko zein demografikoaz eta euskarari buruzko gaiak biltzen ditu liburuak.