“Pertsonaia ezagutzen dugu, ez, ordea, Lucio Urtubia bera”

“Pertsonaia ezagutzen dugu, ez, ordea, Lucio Urtubia bera”

Kattalin Barber

Euskaraz, estreinakoz, Lucio Urtubia anarkistaren abenturen zerrenda amaigabea jaso du Gerezi garaia komiki liburuak (Txalaparta, 2018). Mikel Santos Belatz ilustratzaile eta komikigileak (Iruñea, 1974) egin du. Haren ustez, Lucioren bizitza etenik gabeko borroka bat izan da, eta aski ezaguna da pertsonaia gisa, ez hainbeste, ordea, pertsona gisa. Pertsona jarri du Santosek erdigunean. Euskaraz ez ezik, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz ere argitaratu dute eleberri grafikoa.

Nola sortu da eleberri grafikoa egiteko ideia?

Enkargua izan da, eta Luciok berak abiatu zuen ekimena. Haren bizitzaren inguruko hiru liburu publikatu ditu Txalaparta argitaletxearekin, eta, oraingoan, bere bizitza marrazkien bidez kontatzea nahi zuen. ‘En dibujicos‘, esan zuen. Martintxo Alzuetari eskaini zioten lana, baina gainezka zebilen, eta nire izena eman zuen. Ez nuen batere pentsatu, eta baiezkoa eman nuen segituan.

Ezagutzen zenuen Urtubiaren bizitza?

Oinarrizkoa nekien, guztiok dakiguna. Cascanteko anarkista zela, First National City Bank bankuari egindako amarrua…. Baiezkoa eman nuenean hasi nintzen ekintzailearen bizitza jasotzen duten liburu, dokumental eta elkarrizketa guztiak irensten. Orduan hasi nintzen ni Lucio Urtubia bihurtzen, haren bizitzaren barne-barneraino sartzen.

Bi urtez aritu zarete. Parisen bizi da Urtubia, baina etengabeko harremana izan duzue. Nola antolatu zarete?

Parisen egon naiz hainbat alditan, baita Cascanten eta Iruñean ere. Hamaika bazkari eta afari egin ditugu, paseoak…. Urtebete eman dut dokumentatzen, eta beste urtebetean egin ditut marrazkiak. Lotura berezia izan dut Luciorekin. Zaila da oraindik bizirik dagoen norbaiten biografia idaztea, baina familiakoa banintz bezala sentiarazi naute berak eta haren ingurukoek. Galdera asko egin dizkiot, inoiz egin ez dizkioten galderak. Batik bat, eguneroko bizimoduari buruzkoak: zer gosaltzen zuen, pijamarik erabiltzen zuen edo ez, entzuten ote zuen irratia… Arraroa egiten zitzaion hasieran, baina nik hori beharrezkoa nuen margotzeko.

‘Amaia’ gaztearen bidez kontatzen duzu Urtubiaren bizitza.

Luciok Amaia-rekin Paristik Cascantera egiten duen bidaiak ahalbidetzen du iraultzaileak egindako bidea azaltzea. Fikziozko pertsonaia da Amaia, baina Cascanteko familia bat du oinarri. Egia esan, ni neu naiz Amaia, baina ez zitzaidan zilegi iruditzen neure burua marraztea. Amaia-k beti libreta darama, eta galderak egiten dizkio Luciori. Haren bidez jasotzen dugu Lucioren bizitzaren berri. Horrez gain, gaztea izatea nahi nuen, Luciok gazteen alde apustu egin duelako beti. Belaunaldiarteko harremanak biltzeko balio izan dit.

Erakutsi al diozu Urtubiari nobela grafikoa? Zer dio?

Parisen ordenagailuan erakutsi nion, eta orriz orri ikusi genuen. Lucio hunkituta gelditu zen, eta momentu berezia izan genuen. Horrek konfiantza eman zidan, beldurra bainuen. Niretzat, lehenengo irakurlea bera da, haren bizitza baita. Bizirik dagoen norbaiten bizitza kontatu dut, eta hori erronka handia izan da.

Haren ekintzak baino gehiago, haren bizitza eta barne gogoetak bildu nahi izan dituzu?

Bai, eta, bide horretan, eguneroko bizitzaren detaile txiki berri asko daude. Horrez gain, haurtzaroak eragin handia izan du Lucioren bizitzan, eta horrek testuinguruan kokatzen du haren ibilbidea. Ezagutzen genituen abenturak eta ezagutzen ez genituen beste hainbat pasadizo ere kontatu ditut marrazkien bidez.

Haren bizitzaren inguruan zerk harritu zaitu gehien?

Momentu asko bizi izan ditugu elkarrekin, baina esan behar dut pertsona ezagutzea izan dela gehien harritu nauena. Pertsonaia ezagutzen dugu, baina ez, ordea, pertsona, Lucio Urtubia bera. Ia dena dakigu Lucio pertsonaiari buruz, baina gutxi dakigu zer-nolako pertsona den. Bihotz handiko pertsona da, oso lagunkoia eta umila. Banku bat lapurtzen imajinatzen duzunean, ordea, pertsona gogorra etortzen zaizu burura.

Gaztelerazko izenburuan Urtubiaren altxorrari egiten zaio erreferentzia. Zein da altxor hori?

Bitxia izan daiteke, eta, hein batean, kontraesanezkoa, anarkista baten bizitzaren inguruko liburuan altxorra hitza izenburuan egotea. Frantziako Poliziak Lucioren etxean aurkitutako txeke zuri bati jarritako izena da. Poliziak zioen Luciok txekea gordetzen zuela noizbait zifra bat jartzeko eta ihes egiteko. Baina Luciok benetako altxorra bere legatua izan du, bere bizitza. Ezinezkoa bizi izan baitu. Euskaraz, aldiz, Lucioren altxorra haurrentzako izenburua iruditzen zitzaigun, eta horregatik hobetsi genuen Gerezi garaia izenburua jartzea, Urtubia berari omen egiteko. Abesti gustukoena du Le temps des cerises, Parisko Komunaren inguruan sortua.

Norentzat egin duzu eleberria?

Gazteentzat zein helduentzat izan daiteke eleberria. Finean, anarkismoaren eta, zehazki, lucismoaren inguruan jakin nahi dutenentzat. Iruñeko aurkezpenean Chula Potrak esan zuen gazteentzako gidaliburu libertarioa zela liburua. Uste dut pentsarazten duen liburua dela, eta Lucioren ideiak aldarrikatzen dituena. Hortaz, mundua aldatu nahi duenarentzat. Enkargua izan arren, oso nire sentitu dut liburua, eta oso berezia izan da. Nabaria da, gainera, Nafarroan jendeak ere Lucio asko maite duela.