Errotu da emakumeen memoria

Errotu da emakumeen memoria

Edurne Elizondo

Harritik sortu zen hazia; hazitik lorea; eta lore horiekin, orain, baratzea osatu dute: emakumeen memoriaren baratzea. Haziak, baratzea eta memoria uztartu dituen proiektuak Arantzan hartu du lurra. Igandean inauguratu zuten, Bortzirietako dozenaka herritarren babesarekin. Harritik hazia antzezlana du abiapuntu, halere, duela urtebete Beran estreinatu zutena. Berako Euskara Batzordeak bultzatuta, herriko eta inguruko bertze hainbat herritarrek obra bat prestatu zuten, euskaraz, memoria historikoa lantzeko. Zehazki, historiak isilarazitako emakumeei eman nahi izan zieten hitza eta oholtza. Antzezlanaren bost emanaldi egin eta gero, segida eman nahi izan diote proiektuari, eta egileek, emakumeen memoria lantzen jarraitzeko, baratzea sortu dute, Arantzan.

Baratze fisiko eta birtuala da. Jaione Andonegik egin du fisikoaren diseinua, Arantzako Udalak utzitako lur sail batean. Sortzen ari den iratzearen formari egin dio so, eta kiribila osatu du lurrean. Baratzearen erdian iturria jarri du, emakumeen ahotsaren ikur. Maddi Irazoki artistak egina da, berriz, baratzearen ondoko paretan ageri den irudia, lorez, haziz eta adarrez osatutako murala.

Baratzea sortzeko ideia Esther Carrizorena izan da. Ramon Albisturrekin batera zuzendu zuen Carrizok Harritik hazia. Obra prestatzeko prozesuan jada konturatu zen istorioa ezin zela oholtza gaineko emanaldiekin amaitu. “Emanaldiak bukatutakoan, haziak banatu genizkien ikusleei; orduan ez genuen hagitz argi hazi haiekin zer eginen genuen, baina bagenekien zerbait eginen genuela. Bizia eman nahi izan diogu proiektuari, eta horrela sortu da baratzea egiteko asmoa”, azaldu du, baratzea jendaurrean aurkeztu eta gero.

Igandeko inaugurazioan “hunkitu” egin zela aitortu du Carrizok. “Antzezlanean aritu ginen guztiok ukitu egin gaitu egindako lanak; zerbait eragin digu, eta horren ondorio da memoria lantzen jarraitzeko dugun gogoa”. Baratzea sortu eta gero, proiektuak eginen dituen hurrengo urratsak pentsatzen hasi da jada. “Ikasleekin landu nahiko nuke gaia; bai eta zaharrekin ere, bertzeak bertze”, erran du antzerkigileak.

Besta giroan egin zuten igandeko inaugurazioa; musika eta dantza artean landatu zituzten herritarrek eramandako lore eta landareak. Ekitaldia, halere, Arantzako plazan hasi zen, Ekhiñe Zapiain Arlegik bota zituen bertsoekin: “Antzerkiana pasa ta gero / ez itzaltzeko argia / zelai eder bat eginen dugu / loratu dadin egia / hazietatik behingoz sortzeko / gurea den historia”.

Kalejiran baratzera

Bertsoek baratzera ailegatzeko kalejirari eman zioten hasiera. Parte hartzaileen artean zen Mikel Taberna idazlea; harena da Harritik hazia obrako testua. “Baratzearen proiektua zoragarria da, helburu baitu emakumeen historia biltzea; gizonen historiaren berri badugu, baina emakumeena ez da aipatu izan. Antzezlana egitea eta erakustea zoragarria izan zen, eta orain badu segida, emakumeen lanari esker”.

Herriko karriketan barrena, kantuan eta dantzan egin zuten aurrera baratzearen sortzaileek. Atondutako lur sailean, elementuak bilakatu ziren protagonista, ura, haizea, lurra eta sua irudikatzen zituzten emakumeen antzezpenarekin. Arantzako alkate Mentxu Peñak hartu zuen hitza, eta elkarlanean aritzera deitu zituen Bortzirietako udalak eta herritarrak, “baratzeko lurrak emankor bilakatzeko”.

Arantzako Udalak utzi du baratzea egiteko saila, baina Bortzirietako udal guztiek lagundu dute proiektua. Aurrerantzean, Arantzako udal langileek izanen dute zaintzeko ardura, baina lan horretan ere inguruko herriak ondoan izan nahi ditu Peñak. “Kontent” zegoen igandean, baratzearen ideia “ederra” iruditu zaiolako. “Auzolanean egin dugu; eguraldiak ez du lagundu, eta hamabost egun eskasean egin dugu; bultzatzaileek argi zuten zer egin nahi zuten, eta lortu dute”.

Arantzan bat egin zuten emakumeetako anitz landarea eskuetan ailegatu ziren herrira; eta landarearekin batera eraman zuten baratzeko iturriaren ondoan prestatutako zuloz betetako enbor puska batean gordeta utzi zuten paper puska. Emakumeen historia eta emakumeen ahotsa jaso zuten paper puska horiek. Koro Irazokik bi utzi zituen Arantzan. Zugarramurdikoa da, baina Bera du bizitoki. Paper pusketetako batean, XVII. mendeko sorgin ehizaren ondorioz Bortzirietan hildako emakumeen zerrenda jaso zuen; hamabost inguru ziren. Bertzean, berriz, amatxiri eta haren belaunaldiko emakumeei egin nahi izan zien omenaldia: “Nire amatxi ama gabe gelditu zen 7 urte zituenean; ezkondu zen 21 urterekin, eta Zugarramurdiko baserri batera joan zen. Hamazazpi haurdunaldi izan zituen, eta hemezortzi haur. Lau umetan hil zitzaizkion, eta bertze bat Ameriketan. Zahartzaroan, lasai bizi behar zuenean, bere seme gazteena preso hartu zuten, eta hamaika bidaia egin behar izan zituen hari bisita egiteko. 90 urterekin hil zen, jendaurrean kexa bat edo malko bat agertu gabe”.

Irazoki “hunkituta” zegoen, igandean, baratzean. “Ekinaldi eder eta eredugarria iruditzen zait; historikoa. Orain, zaintzea da kontua”. Zaintzea, espazio bizia izan dadin. Horixe da asmoa, Maddi Irazokik nabarmendu duenez. Harritik hazia antzezlanean aritu zirenetako bat da, eta erabat murgildu da baratzea sortzeko proiektuan ere. Obra prestatzeko prozesuan parte hartzaileek “elkar elikatu” zutela erran zuen artistak, eta baratzea martxan jartzeko bidean ere elkarri emandakoa nabarmendu du. Elkarri, bai eta, baratzearen bidez, eskualdeko emakumeen memoriari eman nahi diotena ere.

Memoria birtuala

Espazio fisikoaz harago, mundu birtualean ere izanen du presentzia Bortzirietako emakumeen memoriaren baratzeak: batetik, http://oroimena.bera.eus/emakumearen-oroimen-baratzea/ helbidean, eta, bertzetik, Emakumearen oroimen baratzea izenarekin zabaldu duten Facebook orrian.

Igandean jasotako testigantzak eta istorioak digitalizatuko dituzte, eta gehiago jasotzen segitu nahi dute. “Emakumeen memoria osatu nahi dugu, denon artean; emakumeen istorioak ezagutu nahi ditugu, eta betiko gorde”, erran du Irazokik. Orain arte ezkutuan egon diren hitzak dantzan jarri nahi dituzte Bortzirietako oraingo emakumeek.

Irazoki “harrituta” dago iaz oholtza gainean erakutsi zuten antzezlanarekin hasitako proiektuak egin duen bidearekin. “Bertze dimentsio bat hartu du proiektuak, orain, baratzearekin”. Baratzea zaintzeko beharra berretsi, eta emakumeen historian eta istorioetan zaintzak duen tokia nabarmendu nahi izan du artistak.

Dantzan egin zuen Irazokik igandeko kalejira. Irribarreak hartu zion aurpegia, baratzea jendez beteta ikusi zuenean. Herritarren harrera eskertu du, eta erantsi du espero duela Bortzirietako biztanleek proiektuarekin bat egiten jarraitzea. Anitzek beren landareak utzi dituzte Arantzako baratzean; beren inguruko emakumeen berri jasotzen duten paper puskak ere bai. Badute zer zaindu, eta badute zerekin elikatu. “Horrela borobiltzen da dena; baratzea zaintzen dugu, elika gaitzan”, erran du Irazokik.

Arantzako pilotalekuaren ondoan dago emakumeen memoriaren erdigune izan nahi duen baratzea. Iturriko uraren hotsa da isiltzen ez den bakarra. Haren bidez, Bortzirietako emakumeen memoriak hartu du hitza, erroak egin eta gero.