Balioak kantu bilakatu nahi dituzte

Balioak kantu bilakatu nahi dituzte

Edurne Elizondo

Mutilak eta neskak berdinak gara; eta denak izan behar du denontzat”. Horrela azaldu du Kaiet Albizuk berdintasuna zer den. Bederatzi urte ditu, eta Getariakoa da. Baloreak taldeko kide da, Netsanet Iriart, Luna Gonzalez, Iradi Gonzalez eta Asier Lusarretarekin batera. Deepsoda ekoiztetxea da Baloreak proiektuaren bultzatzaile. “Giza balioak sustatzeko egitasmoa da”, azaldu du Pello Reparaz kideak. Musikari nafarrak idatzi ditu Baloreak taldeko kideak grabatzen ari diren zortzi kantak. Durangoko azokarako kaleratuko dute lehendabiziko diskoa.

Zortzi kanta horietatik hiru Baloreak taldeko bost kideek landu dituzte, elkarrekin. Gainerako bostak, berriz, bakoitzak Euskal Herritik kanpoko bertze haur batekin prestatutakoak dira. “Balio jakin baten inguruan aritu da bikote bakoitza, eta hitz egindako hori abiapuntu hartuta osatu dut nik kanta”, azaldu du Pello Reparazek.

Kaiet Albizu berdintasunari buruz aritu zen Mexikoko bere kidearekin. Eta ondorio hori jarri zuten biek mahai gainean: mutilak eta neskak berdinak direla, alegia. “Oso pozik” dago Albizu Baloreak taldeko gainerako kideekin. “Musika eskolako andere-ñoak kontatu zigun casting bat egiten ari zirela, eta parte hartzea erabaki nuen”.

“Semearentzat bezala, guretzat ere esperientzia berri bat da hau”, azaldu du Albizuren ama Josune Aizpuruak. Nabarmendu du parte hartzeko ideia haurrarena izan zela. “Guk ez genion deus esan; castingaren berririk ere ez genuen. Azken egunean bidali zuen bere bideoa, eta hartu egin zuten; dena izan da ezuste bat guretzat”.

Deepsoda ekoiztetxeko kideen babesa nabarmendu du Aizpuruak. Hasieratik sentitu dute taldea osatu duten haur eta gazteenganako erabateko errespetua eta zaintza. “Gurasook ere babes hori sentitu dugu, eta horrek dena errazago bilakatu du”. Reparazek argi du gurasoak ere proiektuko parte direla, eta azaldu du Baloreak taldeko sustatzaileentzat “garrantzitsua” dela haien babesa izatea.

Deepsoda etxean Reparazek, Joseba Razkinek eta Paxkal Etxeparek egin dute bat. Vendetta taldeko kide da Reparaz, musikaria eta ekoizlea. Razkin, berriz, musika managerra da, eta Etxepare, soinu teknikaria. Etxeparek eta Reparazek, halere, badute musika baino zerbait gehiago komunean, eta partekatzen duten interes hori da, hain zuzen, Baloreak taldea sortu duena: “Irakasletza ikasi genuen biok. Musikaren aldeko apustuak urrundu gintuen arlo horretatik; bagenuen gogoa, ordea, zerbait egiteko, eta Baloreak taldea sortzea erabaki genuen, bi diziplinak uztartzeko”, azaldu du Reparazek.

Arbizukoa da musikaria, eta herri hori bilakatu dute, neurri handi batean, Baloreak taldeko kideen egoitza nagusi. Han grabatu dute taldearen izena hartu duen lehen kantaren bideoklipa, eta han ezagutu zuten elkar taldea bera osatu duten kideek.

“Askotarikoa eta aberatsa”

Deepsoda etxeko hiru kideek martxoan jarri zuten martxan Baloreak osatzeko castinga. “Bideoak bidaltzeko eskatu genien Euskal Herriko haur eta gaztetxoei. Asko jaso genituen, eta denak aztertu eta gero, taldea osatu duten bostak aukeratu genituen”, azaldu du Reparazek egindako prozesua.

Euskal Herriko hainbat txokotakoak dira taldekideak: Netsanet Iriart Baionakoa, Kaiet Albizu Getariakoa, Luna Gonzalez Bilbokoa, Iradi Gonzalez Berriozarkoa eta Asier Lusarreta, berriz, Iruñekoa. “Sentitu genuen talde honek zerbait ematen ahal diola gizarteari; talde askotarikoa eta aberatsa da”.

Haien ahotsen bidez, giza balioen esparruan egin nahi dute lan Deepsodako kideek. “Errespetuaren, elkartasunaren edo umiltasunaren gisako balioak, neurri handi batean, desitxuratuta daude egun. Erlijioaren ikuspuntutik lantzen dira askotan, adibidez. Guk hori bazter utzi nahi izan dugu, eta giza balio gisa landu”.

Taldea ari da diskoa grabatzen, eta Durangon aurkeztea da asmoa. Kontzerturik eskaintzeko intentziorik ez dute, ordea; oraingoz, ez, behintzat. “Ez dugu epe luzerako helbururik zehaztu nahi”, azaldu du Reparazek.

Argi utzi nahi izan du abeslarien lehentasuna orain ikasketak direla, eta beren prozesuak errespetatu nahi dituztela. Haiekin eta beren gurasoekin hartuko dituzte hartu beharreko erabakiak, musikariak erantsi duenez.

Orain diskoa egiteko prozesuaz ari dira denak gozatzen. “Esperientzia polita” izaten ari dela nabarmendu du Kaiet Albizuk, eta bat egin du Reparazek. Lanaz disfrutatzen ari dira.

Irudia: Joseba Razkin