Edurne Elizondo
Proposamenak eta esperientziak badira, eta horiei egin behar diegu so”. Horixe erran du Maite Indak, Emun taldeko aholkulariak, Nafarroako Gobernuak Ultzamako Larraintzarren egindako Euskara eta kirola izenburuko jardunaldian. Kirolaren esparruan euskararen erabilera bermatzeko eta sustatzeko proposamenei eta esperientziei buruz aritu da. Lana egiteko badela nabarmendu du, baina badela, halaber, nondik ikasi.
Indak euskarari eta kirolari buruzko ikerketa baten emaitzak aurkeztu ditu, Ultzaman. Euskarabideak eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatuta egin dute ikerketa hori. Zehazki, eremu euskalduneko eta eremu mistoko egoera ezagutu nahi izan dute. Horretarako, galdetegia bidali dute bi eremuotako udal eta kirol elkarteetara, eta, gainera, hiru eztabaida saio egin dituzte, Donezteben, Irurtzunen eta Iruñean. Indak argi utzi nahi izan du ikerketaren bidez aztertutako bi eremuetan dauden hutsuneak eta indarguneak ezagutu nahi izan dituztela. “Errealitatera hurbiltzeko lehendabiziko urratsa izan da, baina jasotako galdetegi kopuruak ez du aukera ematen emaitzak orokortzeko”, zehaztu du. 123 galdetegi bidali, eta 68 jaso dituzte bueltan, erantzunekin, hain zuzen ere.
Ikerketak egungo egoeraren zertzelada nagusiak ezagutzeko parada ematen duela erantsi du Indak, halere. Dauden hutsuneak eta indarguneak ezagutzekoa, alegia. Datuek agerian utzi duten irudiari buruz, Indak azaldu du “bi errealitate ezberdin” azaleratu dituela ikerketak; bat da eremu euskaldunekoa, eta bertzea mistokoa.
Oro har, euskararen erabilera eta aintzat hartzeko ahalegina handiagoa da eremu euskaldunean mistoan baino. Eremu euskaldunean, gainera, euskararen presentzia are nabarmenagoa da udaletatik edo mankomunitateetatik bultzatutako kirol jardueretan.
Ikerketak agerian utzi du, halaber, adin tarteak aurrera egin ahala, behera egiten duela euskarazko kirol eskaintzak. Jaitsiera are nabarmenagoa da eremu mistoan. “Hainbat faktorek eragiten dute egoera hori. Batetik, euskaldunen dentsitateak, eta, bertzetik, kirol esparruan gora egin ahala eskakizun gehiago badela betetzeko; profesionalizatuz doa jarduera, eta, horren ondorioz, zailagoa izaten da arduradun euskalduna izatea”.
Federazioetan, hutsunea
Herri askotan gertatzen dena jarri du horren adibide Maite Indak. “Entrenatzaile lanetan boluntario ari den pertsona euskaldunak izan dezake haurrek osatutako talde bat; ez du titulurik, ordea, eta, kirol eskakizunak zorrozten direnean, titulua izatea nagusitzen da hizkuntzaren ezagutzaren gainetik”.
Ikerketaren barruan egindako eztabaidetan parte hartzaileek nabarmendu duten hutsune nagusietako bat da kirol federazioen eragina. Euskararen erabilera urria da erakunde horietan, eta, horren ondorioz, udalek edo kirol elkarteek antolatutako kirol jarduerak erdalduntzen dituzte. “Hor hutsune nabarmen bat dago; gobernutik ez da inolako lanik egin esparru horretan, orain arte. Azken urtean hasi dira ahalegin bat egiten, federazioei, besteak beste, itzulpen zerbitzua eskaintzen, baina lan handia bada, oraindik ere, egiteko”, azaldu du Maite Indak.
Euskara eta Kirola izenburupean egindako jardunaldia ere bada Nafarroako Gobernuak azken urteotan egindako urratsen adibide. Bigarrenez egin dute aurten. Balio izan du jada martxan diren jarduerak eta proiektuak ezagutzeko, bertzeak bertze, Indak nabarmendu duenez.
Emun taldeko aholkulariak nabarmendu du, batetik, Sakanako Mankomunitateak egiten duen lana. “Programa oso bat garatu dute; sekulako lana egiten ari dira, eta merezi du nabarmentzea”. Kirol jarduera batean izena eman dutenen %70 euskaldunak badira, gutxienez, kirol jarduera hori euskara hutsean eskaintzen dute, adibidez. Baztanen egiten duten lana ere aipatu du Indak.
Eremu euskalduneko lana jarri du mahai gainean, bereziki, baina argi utzi du eremu mistoan ere badirela esperientzia interesgarriak. “Garesen, adibidez, Tortotxiki Fundazioa ari da euskara sustatzen kirol jardueretan; Lizarran, berriz, Brinka izeneko programa jarri du udalak martxan, herriko lau ikastetxeetan, kirol jardueretan euskaraz aritzeko”.
Gisa horretako esperientziak partekatzeko beharra nabarmendu du Indak. Azaldu du kirolaren esparruan ari diren udalek eta elkarteek ere eskatu dutela elkarlanean aritzeko espazio bat. “Gauzak egiten ari dira han eta hemen, baina ez dute elkarren berri, eta hori aldatzeko nahi dituzte halako espazio komunak”. Prestakuntzaren arloan urratsak eskatu dituztela gaineratu du, eta baliabideak ere galdegin dizkiotela Nafarroako Gobernuari. Ikerketaren bidez, lehen urratsa egin du Euskarabideak. “Bidean jarraitzea da orain kontua”.