“Tortura pairatu ez dugunok ezin dugu jakin zer den hori”

Ane Eslava

Berriozarren 50 lagun inguruk jasan izan dituzte atxiloketak eta torturak, baina batzuek ez dute kontatu ere egin bizi izandakoa. Xavi Berraondo zinemagileak (Bartzelona, 1958) horren berri izan zuen herrian film labur bat grabatzen ari zenean, eta gaia ikertzea eta argitara ateratzea erabaki zuen. Hogei testigantza baino gehiago jaso ditu, Itziar Perez kazetariaren laguntzarekin, eta dokumental batean bildu ditu: Gari Gorria. Isiltasunaren ahotsa. Iragan asteburuan estreinatu zuten, Berriozarren bertan. Toki jakin batean oinarritutako lana izan arren, Euskal Herri osoan gertatu den zerbaiten adierazgarri izan daiteke, zuzendariaren ustetan.

Zer kontatu duzue dokumentalean?

Berriozarren egon diren atxiloketa eta tortura kasuen lagin zabal bat da dokumentala. 50 kasu baino gehiago izan dira, eta guk 25 testigantza inguru jaso ditugu. Hala ere, ez da torturaren inguruko dokumental bat. Dokumentalak erakusten du zer inpunitate eta isiltasun egon diren Berriozarren moduko herri txiki batean hainbeste gauza gertatu ondoren. Euskal Herriko hainbat tokitan gertatu denaren adibide bat da.

Berriozarren bereziki larria izan da errepresioa, edo beste edozein herri izan zitekeen?

Berriozaren oso larria izan da, baina, nire ustez, historian arakatuko bagenu, aurkituko genituzke errepresio bera edo are gehiago jasan izan duten beste herri asko. Sektore politiko eta kultural bat itotzeko saiakera bat egon da hemen, eta hori guztia gatazka politiko baten ondorio bat da.

Orduan, zergatik Berriozar?

Beste bide batzuetatik konektatu dudalako herriarekin. Ni arrazoi pertsonalengatik heldu nintzen Nafarroara, eta, fikzioaren mundutik natorrenez, gonbidatu ninduten ikastaro bat ematera Berriozarren egiten den FICBE Gai Sozialei Buruzko Film Laburren Nazioarteko Jaialdian. Horren ondorioz, fikziozko film labur bat sortu genuen, eta, hura ekoizten, herriko jende asko ezagutu nuen. Orduan, haiekin hitz egiten, gutxika-gutxika, konturatu nintzen haietako askok sufritu izan dutela errepresioa. Ikusi nuen ez zela zerbait puntuala, eta erabaki nuen ikertzea eta zabaltzea.

Askotariko esperientziak kontatzen dituzte, ezta?

Bai, askotariko kasuak daude: bere tabernan borrokarekin lotutako kartelak jartzen zituen tabernari bat, intsumisio mugimenduan sartuta zegoen lagun bat, apaiz bat… Edo, adibidez, agertzen dira ustez ETAko kideak izateagatik espetxeratu zituzten bost gazte, haiek ETArekin inongo loturarik izan gabe; egungo alkateordeak kontatzen du bost urte eman zituela espetxean salaketa faltsu batengatik… Denetarik dago, eta dokumentala testigantza horiekin guztiekin osatu dugu, narratzailerik gabe.

Nolakoa izan da testigantzak filmatzeko prozesua?

Prozesua motela izan da, jendea eta kasuak ezagutu behar izan nituelako. Eta, elkarrizketak filmatzerakoan, askotariko esperientziak egon dira. Adibidez, badago jendea urte askoren ostean oraindik hunkitu egiten dena bizi izandakoa kontatzean, baina beste batzuek inongo arazorik gabe ematen dituzte jasan zituzten torturen xehetasunak.

Gogorra izan da horiek entzutea?

Bai. Tortura sufritu duen jendeak esaten duen moduan, tortura pairatu ez dugunok ezin dugu jakin benetan zer den hori. Nik fikziozko gidoiak idazten ditut, eta halako gauzak entzutean pentsatzen dut errealitateak batzuetan antz handia duela fikzioarekin. Gainera, pertsona bakoitzak bere bizipena kontatzen dizunean, konturatzen zara kanpotik tortura kasu bakoitza beste kasu bat besterik ez dela; baina halako zerbait bizitzea izugarri gogorra da.

Dokumentalean agertzen diren pertsona batzuek lehen aldiz kontatu dute orain bizi izan dutena?

Bai, pertsona batzuentzat sufritutako errepresioa kontatzeko lehenbiziko aldia izan da. Horregatik, Isiltasunaren ahotsa deitu diogu dokumentalari. Izan ere, hemen egon da alde bat egia ofizialaren jabe izan dena eta iritzi publikoan eragiteko bozgorailua izan duena, eta beste aldeari ez zaio aukerarik eman bere kontakizuna azaltzeko. Horregatik, nik ahotsa eman nahi izan diot beste alde horri. Eta uste dut merezi izan duela.

Zergatik jarri diozue Gari Gorria izenburua?

Ezkabako gotorlekuarekin lotuta dago izenburua. Berriozar Ezkabako mendi-hegalean dago, eta ezagutu nuenean Ezkabako ihesaren istorioa, jakin nuen herriko biztanleek asko sufritu izan zutela hura, askok senideak zituztelako gotorlekuan. Orduan, pentsatu nuen hori izan zitekeela dokumentalaren lehen ekitaldiaren pizgarria, eta, hain zuzen, Ezkabako iheseko biktima baten senide baten testigantzak irekitzen du lana. Modu horretan, erakutsi nahi izan dut leku hori odolez zikinduta egon dela 1936ko Gerra garaitik. Eta Gari Gorria izenburua jarri diot zeren, garai hartan, orain dauden etxebizitzak eraiki aurretik, Berriozarren inguruko eremua gari gorria izeneko gari mota bateko zelaiz beteta baitzegoen. Paralelismo bat egin dut minarekin, odolarekin…

Nola hartu dute dokumentala Berriozarko bizilagunek?

Jendea eskertuta dagoela uste dut nik. Honek guztiak oso bizirik jarraitzen du Berriozarko jendearengan, egia esan; horregatik, erantzuna oso ona izan da, eta herrian ikusmin handia sortu da lanaren inguruan.