“Burua, begia, eskua eta bihotza lotzea da garrantzitsuena”

Edurne Elizondo

Kameraren aurrean, Oier Fuentesekin, bai eta oholtza gainean ere, Harritik hazia eta BizimiƱak obretan. Pinturaren mundutik ailegatu da Maddi Irazoki antzerkigintzara (Bera, 1977). Uztartu eta nahastu egin ditu biak.

Aktore lanetan jarraitzeko gogoz?

Bai. Irrien Lagunak da nire azken abentura. Antzerkiaren arloan zenbat eta gehiago sartu, orduan eta gusturago sentitzen naiz.

Harritik hazia antzezlanean parte hartu eta gero piztu zaizu gogo hori?

Bai. Herrian prestatu genuen obra horrekin hasi zen dena. Beti izan dut jakin-mina, baina ez nuen denborarik, edo beti bazen bertze zerbait egiteko.

Obra horretan margolari gisa ere aritu zinen.

Margoa eta antzerkia uztartu nituen Harritik hazia lanean. Itzel konpainiarekin ere, bi esparru horiek jorratzen ditut: pintatu eta antzeztu egiten dut, oholtzan.

Artistaren estudioak eta oholtzak badute zer ikustekorik?

Nik bakarrik lan egiten nuen nire gelan, nire saltsan, eta, egia erran, uste nuen ez nintzela gai taldean aritzeko. Baina antzerkiak gauza asko ematen dit; ematen dit presentzia, ematen dit oraina, eta ematen dit adi egon beharra. Hori deskubritzea polita izan da.

Itzel konpainiarekin BizimiƱak ikuskizunean aritzen zara aktore eta margolari lanetan. Nola sortu da proiektu hori?

Hagitz polita da. Itziar Eliasek Dani Irazoki nire anaia ezagutu zuen. Ideia zuen minaren inguruan zerbait lantzeko. Nire margolanak ikusi zituen, eta proposatu zidan zerbait egitea, obrarako diseinuren bat egiteko. Gero, nire bideo batzuk ikusi zituen, ni margotzen. Elkar ezagutu, eta hori bera oholtza gainean egiteko proposatu zidan. Eta baietz erran nuen, noski! Hirurok aritzen gara oholtzan, eta musika, antzerkia eta margoa nahasten ditugu.

Nola ailegatu zinen artearen eta margoaren mundura?

Beti maite izan dut. Beti egoten nintzen marrazten. Etxean, eskolan… liburuak eta aurkitzen nuen edozer paper betetzen nituen nire marrazkiekin. Arte Ederrak ikasi nituen. Bilbon hasi, eta Bartzelonan amaitu nituen ikasketak.

Beran egiten duzu lan. Herri txiki bat ere bada sortzeko espazio aproposa?

Nik herrian bizi txiki bat dut, baina oso polita. Irakaskuntzan aritu nintzen, Seaskan, zortzi edo bederatzi urtez, arte eskolak ematen. Hasieran gauzak aldatzeko indar handia nuen, baina konturatu nintzen esparru horretan zaila zela. Indarra galduz joan nintzen. Ikasleei erraten nien espazio propio bat osatu behar zutela. Asko ikasi nuen, ez nuke aldatuko, baina ez zen nire esparrua. Nik behar nuen denbora, hurbiltasuna, lasaitasunez lan egin ahal izatea.

Sortzen tailerra jarri zenuen martxan hori lortzeko?

Hori da. Tailerrean, prozesuak du garrrantzia. Horregatik izena du Sortzen. Bost pertsona hartzen ditut gehienez batera. Materialak ematen dizkiet, eta jokoen bidez ikasten ditugu teknikak. Ez diet esaten zer egin behar duten. Kontua da nork bere bidea egitea, horrek uzten dizulako aztarna bat. Hori da politena. Burua, begia, eskua eta bihotza lotzea da garrantzitsuena. Emaitza ez da inportanteena.

Zer aztarna utzi dizu pinturak?

Sortzeko modua aldatu zaidala konturatu naiz. Lehen, ideia bat izaten nuen buruan, eta lantzen nuen, zer forma eman erabaki arte. Orduan hasten nintzen lanean. Orain, senez egiten dut lan, batez ere. Askotan, materialekin lanean hasten naiz, deus pentsatu gabe, baina bukaeran beti gelditzen dira agerian harremanak eta loturak. Dena dago hor, dantzan.

Antzerkiak eragin dizu aldaketa hori?

Baietz uste dut. Momentuaz gozatzen ikasteko aukera eman didalako. Lehen, margotzen nuen nire burutik kanpora joateko; orain, pintatzen dudanean, hemen eta orain dira gakoa. Eta hori da oholtza, hain zuzen. Hemen eta orain. Alaba jaiotzeak ere eragin zidan.

Nola?

Uste nuen beldur gehiago izanen nuela, segurtasunik eza sentituko nuela. Baina alderantzizkoa gertatu zait. Eskolako lana utzi nuen, eta nire tailerrean hasi, argi ikusi nuelako emakume aske bat hazteko eta beharko zituen tresnak emateko nik ere bide hori egin behar nuela. Nire maistra izan da. Itzel konpainiarekin ere ikasi dut entzutea oso garrantzitsua dela.

Zer eman dizu proiektu horrek?

Emanaldi bakoitza ezberdina da, bat-batean sortzen ditudalako oholtza gainean egiten ditudan margolanak. Obra bera da, baina hitzek sentsazio ezberdinak eragiten dituzte. Hemen eta orain, horiek dira gakoak, berriz ere.