“Guk ez dugu krisiaren lezioa ikasi, baina finantza ereduak bai”

Edurne Elizondo

Etxebizitzaren esparruan nabarmenak izan dira 2008. urtean eztanda egin zuen krisiaren ondorioak. Eta arazoa ez da konpondu. Egitura ekonomikoa aldatu behar da hori lortzeko, Raquel Rodriguezek eta Mario Espinozak De la especulación al derecho a la vivienda liburuan jaso dutenez. Espinozak (Madril, 1980) Katakrak liburu dendan aurkeztu berri du.

Oraindik ere konpondu gabeko arazoa da etxebizitza. Zergatik?

Arrazoi anitz daude hori azaltzeko. Tartean dauden interesak dira arrazoi horietako bat, baina badira bertze kontu batzuk egiturazkoak direnak. Estatuak duen arazo nagusia da etxebizitza politiken helburua ez dela izan herritarrek esparru horretan dituzten eskubideak bermatzea, baizik eta eredu ekonomikoari mesede egitea. Horrek ondorio garbi bat du: etxebizitza eskubidea interes ekonomikoen menpe gelditzen dela.

Eta interes horiek etxebizitza eskubidearekin kontrajarrita daude?

Hala da. Arazo nagusia da Espainiako egitura ekonomikoak oinarri duela higiezin eta finantza eredu bat. Eredu hori ez da hutsean gelditu azken krisiaren ondotik; indarrean jarraitzen du. Arazo nagusia, beraz, egituran dago; eredua aldatu behar dugu. Etxebizitza politikak aldatzen ere hasi behar dugu, beren xede sozialak bete ditzaten. Politika horiek ezin dute jarraitu mesede egiten bankuei eta espekulatzaileei.

2008ko krisiak agerian utzi zuen etxegabetzeen drama; gizarteak ez du lezioa ikasi?

Argi dago erakundeek badutela aukera etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak hartzeko; bertze gauza bat da hori egiteko borondatea izatea, edo gai izatea higiezinen arloko finantza eliteen presioei men ez egiteko. Elite horien eta administrazio publikoen interesak kontrajarriak dira. Nik uste dut arazoa dela guk ez dugula krisiaren lezioa ikasi, eta finantza eta ekonomia ereduak bai; ikasi du, eta merkatu berrira moldatzeko gai izan da. Gakoa jada ez da mugarik gabe azpiegiturak eta etxebizitzak eraikitzea, baizik eta hirietako erdiguneetara itzultzea, eta turistifikazioaren eta gentrifikazioaren bidez erdiguneetan dauden aktiboak espoliatzea.

Nola egiten dute hori?

Turismoarekin lotutako jarduerak eta espazioak bereganatzen dituzte, errentagarri bilakatzeko. Auzoetako bizitza ere ekonomiaren arloko aktibo bilakatzen dute enpresek; merkaturako salgai bilakatzen dituzte auzo horiek.

Horren ondorio da, adibidez, alokairuen prezioaren igoera, hiri anitzetan gertatzen ari dena?

Hori da. Etxebizitzak produzitu beharrean, hirietako erdiguneetan eta auzo jakin batzuetan dauden errentak bereganatzen dituzte. Horregatik igotzen dira alokairuak, bertzeak bertze. Ikasi dute ezin dutela aurrekoaren gisako produkzio ziklo bat bultzatu, mailegatzeko dirurik ez dagoelako, eta, horren ordez, burbuila hirietako erdigunera eraman dute.

Alokairuen igoerak jo ditu herritar anitz. Drama ez da amaitu?

Ez, inondik inora. Alokairuen inguruko legearen 2013ko aldaketak ekarri du, hain zuzen ere, orain arteko higiezinen eredua oraingo egoerara egokitu ahal izatea, haren interes ekonomikoari eutsi ahal izateko. Aldaketa horren arabera, alokairuek gora egin dezakete hiru urtero, eta horrek erakarri ditu Socimi elkarteak eta putre funtsak, alokairuen bidez errentagarritasun handia eskuratzen ahal dutelako. Nork galtzen du? Etxe horietan bizi diren herritarrek, argi eta garbi, beren etxeetatik botatzen dituztelako, errenta ordaintzeko aukerarik ez dutelako.

Hirietako erdiguneak erakusleiho bilakatzen ari dira, eta errenta altukoentzako espazio. Bartzelonan eta Madrilen hori gertatu da; ikaragarria da. Erdigunetik urrun diren auzoetan ere hasi dira alokairuen prezioa izugarri igotzen. Beldurgarria da.

Iruñean ere gerta liteke?

Funtsezkoa da gauza bera ez gertatzeko neurriak hartzea. Nafarroako etxebizitzaren legeak, gainera, ematen du neurri horiek hartzeko aukera. Alokairuen prezioaren kontuan, nik uste dut hiriak ari direla aurrean duten arazo bati ahal duten moduan aurre egiten. Iruñean bertze hainbat hiritan agerian gelditu diren lezioak ikasi beharko lituzkete, argi baitut gaitasuna dutela higiezinekin eta turismoarekin lotutako kapitala erakartzeko. Orain, Iruñean ez dago Madrilen edo Bartzelonan dagoen saturazioa, baina argi dut hemengo Alde Zaharra kapital bilakatzeko aukera badagoela Socimi elkarteen eta gisakoen buruan.

Zer egin daiteke?

Hasteko, uste dut funtsezkoa dela, bertzeak bertze, turismorako etxebizitzek alokairuaren prezioan duten eragina aztertzea eta neurtzea. Anitzek uste dute turismoa beti dela jarduera on bat; kontua da gauza bat dela turismoa eta bertze gauza bat dela turistifikazioa. Gisa horretako etxebizitzek neurririk gabe egiten badute gora, hirietatik botako gaituzte herritarrok. Ongi aztertu behar da halako jarduerek prezioetan eta herritarren toki aldatzeetan duten eragina.

Alokairuen prezioa kontrolatzeko neurriak hartu beharko lituzkete erakunde publikoek?

Bai, eta badute horretarako aukera. Hori egiten ez bada, agian bi urteko epean berandu izan liteke edozer neurri hartzeko. Iruñeko sanferminek, adibidez, etxebizitzei etekina ateratzeko aukera ematen dute, eta, bestak aktibo bilakatzen badira, arazoak okerrera egin lezake; eta azkar gainera. Gentrifikazioak aurrera jarraitzen badu, sanferminen gisako ekinaldi batek Socimi elkarteak erakartzen ahal ditu erdigunera.

Alokairuen igoerak karrikan uzten ahal ditu herritar anitz, oraindik ere.

Bai, egoerak okerrera egiten ahal du, eta herritar anitz etxebizitzarik gabe gelditu. Hainbat arazok egiten dute bat, gainera. Etxebizitzaren arazoa ez da konpondu, eta, enpleguaren arloko legeek ekarri dute lana gero eta prekarioagoa izatea. Langile pobreak ditugu orain. Bide beretik jarraitzen badugu, benetako hondamendia gertatzen ahal da; hiriak klaseen arabera banatzen ari dira, eta prekaritateak gora eginen du. Finean, krisia ez da inoiz amaitu. Etxegabetze bat gertatu baino lehen, erakundeen ardura da hutsik dauden etxeak behar dituztenen esku jartzea. Estatuan, 3,4 milioi etxe huts dago.

Egungo egoera larriagoa litzateke Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformaren edo maizterren sindikatuen gisako erakundeek egindako lana gabe?

Bai, zalantzarik gabe. Lan handia egin dute etxebizitzaren arazoa sozializatzeko, eta erantzun kolektiboa emateko beharra jarri dute mahai gainean. Bazterketari buruzko datuak anitzez ere okerragoak lirateke herri mugimenduak egindako lan hori gabe.