Ane Eslava
Gerretatik eta pobreziatik aldentzeko Afrikatik Europara doazen iheslarien egoerarekin kezkatuta, Euskal Herriko hainbat lagunek Zaporeak elkartasun proiektua sortu zuten, 2016an. Greziako errefuxiatuen kanpalekuetan lan egiten dute, han dauden lagunei janaria ematen. Proiektua haziz doa, eta, aurrera jarraitzeko dirua lortzeko, Koxk jardunaldia egingo dute igandean, Iruñean, Egin Koxk elkartasunari! lelopean. Mariano Galarza (Iturmendi, 1955) boluntarioetako bat da, eta adierazi du igandeko jaia “garrantzitsua” dela, jendearen babesa “ezinbestekoa” baita lanean jarraitzeko.
Zertan datza, zehazki, Zaporeak egitasmoa?
Zaporeak-eko kideok Greziako Lesbos hirian lan egiten dugu, errefuxiatuei janaria ematen. Sukalde bat muntatu dugu, eta egunean mila otordu baino gehiago banatzen ditugu. Errefuxiatuen kanpaleku baten ondoan gaude, kanpoan, ez baitigute uzten hara sartzen, eta beste GKE baten lanaren osagarri moduan aritzen gara. GKE horrek emakume eta haurrentzako ekintzak antolatzen ditu, eta guk emakume eta haur horiei ematen diegu janaria.
Nola sortu zen egitasmoa?
2016an sortu zen. Jende askok alde egiten zuen Siriatik, gerratik ihesi, eta Donostiako lagun batzuk, egoerarengatik kezkatuta, hara joan ziren, laguntzera. Horrela hasi ziren, eta, poliki-poliki, handituz joan da. Euskal Herrian arrakasta izan du, eta jende asko azaldu da laguntzeko prest.
Greziako Gobernuak oztopoak jartzen dizkizue?
Bai, batez ere kanpalekuetara sartzeko. Lehen izan ziren beste sukalde batzuk, Atenasen eta Kiosen, baina itxi egin behar izan genituen, traba administratiboengatik. Lesboskoa otsailean jarri genuen martxan; kanpalekuaren ondoan egoteko baimena bakarrik dugu, eta janaria emateko zehazki pertsona horiei: emakumeei eta haurrei.
Nola funtzionatzen duzue?
Han sukaldari finko bat dago, eta hemendik boluntario taldeak joaten gara sukaldean lan egitera. Hiru astean behin talde berri bat joaten da, eta hango errefuxiatu batzuen eta beste GKE batzuen laguntza ere izaten dugu tarteka. Ni neu joan den urtean joan nintzen, Atenasko sukaldea oraindik martxan zegoenean.
Zuk nola bizi izan zenuen?
Positiboa izan zen, eta aldi berean gogorra. Hurbiletik ikusten duzu nolakoa den hango egoera, nola bizi diren han, eta hori gogorra izaten da. Baina, aldi berean, pozgarria da, guk janari on bat ematen diegulako, eta haiek beren esker ona adierazten digutelako; hizkuntzarekin ez bada, irribarre batekin. Hori pozgarria da.
Zenbat boluntario zarete?
Zaporeak-ek bi egoitza nagusi ditu, bat Donostian eta bestea Iruñean. Hemen, Iruñean, 30 pertsona inguruko talde finko bat dago, eta, momentu zehatzetan, laguntzaileak ditugu. Donostialdean, jende gehiago dago, 50etik gertu. Gero, beste toki batzuetan ere badira taldeak; adibidez, Irunen eta Gasteizen. Pertsona asko pasatu gara Lesbosko sukaldetik: hasi ginenetik, 500 lagun inguru denera.
Zer helbururekin egingo duzue igandean Koxk jaialdia?
Koxk pintxoen festa bat da, eta Iruñeko San Frantzisko plazan egingo dugu; helburua da jendearen parte hartzearekin dirua biltzea Lesbosera eramateko, proiektuarekin jarraitu ahal izateko. Izan ere, janaria hemendik bidaltzen dugu, baina gauza batzuk han erosten dira, eta eguneroko gastu bat da.
Nolakoa izango da eguna?
Inaugurazioa 10:00etan izango da —errefuxiatu bat egongo da—, eta 14:30ak edo 15:00ak arte egongo gara pintxoak dastatzen. Festako ezinbesteko kolaboratzaileak dira Iruñeko tabernak: berrogei tabernak baino gehiagok prestatuko dituzte pintxoak, eta Ostalaritza Eskolak ere parte hartuko du. Pintxo dastaketaz gain, kultur jarduerak ere egongo dira, hala nola Iruñeko dantzariak, txarangak eta Ene Kantak-eko kideak. Jaialdia Iruñean egingo den bigarren aldia izango da aurtengoa, baina lehenagotik beste bost aldiz egin da, Donostian, eta arrakasta handiz, gainera.
Gizartea sentsibilizatzeko ere erabiliko duzue eguna?
Bai, jakina. Dirua biltzeaz gain, nahi dugu hurbiltzen den jendea pixka bat kontzientziatzea, ikustea hor badirela errefuxiatuak, eta behar handia dutela. Festa giroan egingo dugu, baina, aldi berean, aldarrikatzailea izango da ekitaldia.
Aurrera begira, zer erronka dituzue Zaporeak-en?
Zoritxarrez, Greziako egoerak bere horretan jarraitzen du, eta ez da konponbiderik ikusten; horregatik, gure eginkizuna ez da amaituko. Beraz, erronka izango da proiektuari eustea, jarraitzea laguntza eramaten beharra dagoen tokietara. Horretarako, ezinbestekoa da laguntza ematen duen jendeak horretan jarraitzea, noski; bestela, ez da posible. Gu boluntarioak gara, baina jende asko behar dugu atzetik, lanean jarraitu ahal izateko.
Zu itzuliko zara Greziara?
Nire asmoa da udazkenean joatea, baina, betiere, beharra dagoenean joango naiz.
Irudia: Iñigo Uriz / Foku