Iritzia: Eztabaiden azpikoaz

Iritzia: Eztabaiden azpikoaz

Lohizune Amatria

Nola dagoen Twitter… Talka birtualen inguruko eztabaida piztu da. Euskal txio-herrian eztabaidek digitaletik baino analogikotik gehiago dutela irakurri nuen aurrekoan. Arrazoia dutelakoan nago. Twitterrek hitzaldi, zutabe, egunkari, agerkari eta kalean gertatzen direnak bildu ditu. Lucia Baskaran, Santi Leone, Danele Sarriugarte, Hasier Etxeberria, Onintza Enbeita, Ernesto Che Guevara, Irantzu Varela, Barbara Goenaga, Borja Semper… Saltsa badago.

Hala eman dezakeen arren, ez naiz hasiko batek edo besteak esan edota idatzitakoak onargarriak ote diren argudiatzen. Horren inguruan aski hitz egin da egunotan. Beharrezkoa iruditzen zait, noski, horien inguruan eztabaidatzea, baina gaurko zutabea gertakari horien atzean dagoen eta, agian, gutxiegi aipatu den kontu baten inguruan idazteko baliatu nahiko nuke.

“Bihar parrandan izanen gara ia denak, eta ahaztu ez dezagun edo, gaia plazaratzea ez dator gaizki”, hausnartu dut.

Hasier Etxeberriak Sautrela-n Danele Sarriugarte idazleari esandakoaz hitz egin aurretik, beste anekdota bat kontatu zuen Lucia Bascaranek, Iruñean egindako liburu aurkezpenean. Gorputz madarikatuak liburua idatzi berri du, eta, idazle estatubatuarrak behartzen dituzten gisan, liburuan norekin eta non bizi den gaineratu du. Lagun bat eta katu beltz bat ditu pisukide. Txantxa bat egiteko asmoz egin zuen idazleak, baina ez da ongi ulertu. Madrilen liburua sinatzen ari zela, “euskal idazle lesbiana” baten liburuaren bila gerturatu zen pertsona bat etxolara. “Bi emakume pisu berean, elkarrenganatu dira, seguru”, pentsatuko zuen.

Emakumeen sexualitateaz zeinen erraz hitz egiten den erakusten du Baskaranek azaldurikoak. Emakumeei gutxitan onartzen zaigu emakumezko lagunik edukitzea, eta edukitzekotan bekaizkeria egozten du gizarteak berehala. Emakumeen artean gaiztoak garela sinetsarazi nahi izan digute. “Eta hori patriarkatuaren indarkeria sistematikoaren adibide bat da”, neure buruari.

Beste bat. Karga sexista duten irainak jasan behar izan ditu Onintza Enbeita bertsolariak urrian BERRIAn argitaratutako artikulu baten harira. Haren sexualitateaz hitz egiteko eskubidearekin sentitu dira zenbait, eta hori ez da kasualitatea.

Zorra“, irakurri dut Twitterren.

Ditugun erreferenteak bere garai historikoan kokatzeko deia egin zuen Enbeitak artikuluaren bitartez. Eta ados nago. Garaian ulertu behar ditugu denak, mitifikatu gabe. Gehienak zergatik diren gizonezkoak galdegin, pribilegioak eta kontraesanak izan zituztela onartu. Ideia erreakzionarioetatik gertuago geundeke ordukoa errepikatu nahiko bagenu. Beraz, gure borrokan lehentasunezkotzat zer hartzen dugun aztertu beharko dugu, horrek botere harreman denak aldatuko ote dituen ikusi, borroka molderik egokiena zein den aukeratu…

Askorentzat mingarria den arren, uneren batean ere jarri beharko dugu arreta horretan.