“Antiespezismoaren berri emateko tresna bat da sukaldaritza”

Edurne Elizondo

Iruñeko Landare jantokian hasi zuen bidea. Jazar espazioan ere partekatu du sukaldaritza makrobiotiko eta begetalari buruz dakiena. “Beti espazio sozialetan eta kolektiboentzat”. Bertze urrats bat egin du orain Sila Pano Rodriguezek (Bartzelona, 1984): webgunea martxan jarri silavegan.com, eta ikastaro trinkoa antolatu du.

Biologo-biokimikaria izanda, nondik datorkizu sukaldaritzarako interesa?

Amarengandik jaso nuen. Ama beti aritu da sukaldean gauza berriak probatzen, esperimentatzen, eta hori jaso dut harengandik. Edozein jatetxetara joan, eta, gero, etxean saiatzen zen probatutako saltsa egiten. Sekulako sukaldaria da. Orain, lehian aritzen gara, eta amak erraten dit ikasleak maistra gainditu duela. Makrobiotikoaren esparruan, halere, amari esker murgildu nintzen.

Nola?

Duela hamabost urte inguru, ni barazkijale nintzen. Ama gaixotu egin zen. Gaitz arraro batek jo zuen, eta, ondorioz, ezin zituen besoak mugitu. Medikuek ez zekiten zer gertatzen ari zitzaion. Urtebete egon zen bueltaka, eta, azkenean, bere kabuz hasi zen dieta makrobiotikoa probatzen. Hiru hilabeteko tartean hobera egin zuen. Osatzea lortu zuen, eta ez da berriz ere gaixotu.

Barazkijale bilakatu zinenean egin zenuen bat sukaldaritza makrobiotikoarekin?

Bai, biak uztartu ditut, batera garatu ditut. Antiespezismoarekin geroago egin nuen bat. Uste dut niretzat garrantzitsua izan dela, ohartu naizelako anitzek ez dutela jaten dutena behar bezala zaintzen, animaliak kontsumitzeari uzten diotenean. Zabaldutako ustea da dieta ehuneko ehun begetala, berez, osasuntsua dela, baina ez da egia.

Sukaldaritza lanbide bilakatu duzu. Nolakoa izan da prozesua?

Mexikora bidaia luze bat egin nuen, eta bueltan, duela bost edo sei urte, Landareko jantokiko sukaldean hasi nintzen, Iruñean. Valentzian lau urtez aritu nintzen ikasten, aurretik, Espainiako Institutu Makrobiotikoan. Landareko sukaldean, halere, aukera izan nuen probatzeko, ikertzeko eta anitz ikasteko.

Kokoro izeneko proiektua jarri zenuen gero martxan.

Landareko jantokia itxi eta gero sortu genuen proiektu hori. Hamaika kolektiborentzat aritu ginen sukaldean, batez ere feminismoaren eta LGTBI borrokaren esparrukoak.

Jazar espazioan ere aritu zara, eta hor ere herri mugimenduekin. Sukaldaritza eta politika uztartzeko ahalegina egin duzu beti?

Erran ohi da ez dela eguneroko erosketa baino ekintza politikoagorik, eta hala dela uste dut nik ere. Jazarren bi urtez aritu ginen bazkari ehuneko ehun begetalak ematen. Espazio horrretan, gainera, Noches de bohemia y pimentón izeneko jarduera antolatu dugu. Udan etenaldia egin dugu, baina segur aski irailean berriz ariko gara, arrakasta handia izan duelako. Cristina Arozena aktorearekin batera aritu naiz, sukaldaritza beganoa eta artearen esparruak lotuz. Ostiralero prestatu dugu afaria, azken sei hilabeteotan, eta ehun pertsona inguru izan ditugu, egun oro. Eta gehiago sartzen ez zirelako! Sekulakoa izan da.

Orduan, bada interesa?

Sukaldaritza ehuneko ehun begetalak interesa pizten du; jende anitz erakartzen du. Baina ohartu naiz gure afarietara etortzen zen jende hori, gero, beren etxeetan, ez zirela begano. Eta dieta begetala egiten duten anitzek ere ez dute egiten antiespezismorako urratsa. Ehun pertsonarekin egindako afari horietako azkenekoan, adibidez, hitzaldi txiki bat egin nuen antiespezismoak espazio sozialetan duen lekuari buruz; han zirenen artean zenbat ziren begano galdetu nien, eta bakar batek ere ez zuen eskua altxatu.

Zuretzat, antiespezismoarekin lotuta du zentzua beganismoak?

Bai. Baina, gaur egun, batez ere, dieta edo moda gisa saltzen da. Modagatik egiten duenak ez du arazorik izanen beganismoa uzteko. Baina beganismoa jarrera politiko bat da, borroka antiespezistaren ondorio.

Aktibismorako tresna bilakatu duzu zuk sukaldaritza?

Bai, hala izan da. Antiespezismoaren berri emateko tresna bat da niretzat sukaldaritza, mundu justuago baten alde lan egiteko bide bat.

Ikasturte berriarekin batera, sukaldaritza begetalari eta makrobiotikoari buruzko ikastaroa eginen duzu. Zer eskainiko duzu?

Ikastaro hori egitea urrats handia da niretzat, eta hagitz kontent nago, baina, aldi berean, pixka bat beldurtuta. Argi dut kolektiboentzat lan egiten jarraituko dudala, baina uste dut bertzelako espaziotan egoteko ordua ere badela. Webgunea ere jarri dut martxan, eta, horren bidez, aholku eskatzen duen edonori emanen diot behar duen informazioa.

Nola azalduko zenuke zer den sukaldaritza begetal eta makrobiotikoa?

Makrobiotikaren gakoa da bilatzea elikagaiek duten eragin energetikoa. Sukaldaritza, berez, filosofia makrobiotikoaren zati bat da; niretzat, filosofia horren funtsa da gauza xume eta naturaletara itzultzea.

Dieta makrobiotikoa egiten duten guztiak dira ehuneko ehun barazkijale?

Ez. Nik argi dut hori dela hauturik justuena. Duela bi urte, sukaldaritza makrobiotikoari buruzko kongresua egin zuten Bartzelonan, eta hitzaldi batekin parte hartu nuen, eta horri buruzko gogoeta egin nuen: makrobiotikaren alde egiten duenak mundu justuago eta hobe bat nahi badu denontzat, nola da posible bertze animaliak asmo horietatik kanpo uztea?

Zuk ez dituzu kanpo utzi.

Ez, eta nolabaiteko zubia eraiki nahiko nuke beganismoaren eta filosofia makrobiotikoaren artean.