Ane Eslava
Antzerkia maite dutenek galdu ezineko ekitaldia dute urtero Nafarroan, uztailaren amaiera eta abuztuaren hasiera bitartean: Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdia. Hamabost egunez, historiako antzerkigile entzutetsuenen lanak eramaten dituzte herri horretako jauregiaren ingurura, eta herria kulturaren hiriburu bilakatzen da. Gaur hasiko da jaialdia, hogeigarren aldiz, eta abuztuaren 3ra arte hamaika ikuskizun eskainiko dituzte aire zabalean. Gaur, Compañia Ferroviaria taldeak Sofoclesen Antigona antzezlana interpretatuko du, Cava espazioan. Hor egongo da agertoki nagusia, baina, toki horretan ez ezik, jauregian eta herriko zenbait plazatan ere egingo dituzte ikuskizunak.
Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak antolatu dute ekitaldia, eta egitarau zabala prestatu dute. Aurreko urteetan, asteburuetan antolatu izan dituzte jarduera guztiak, baina, aurten, asteazken eta ostegun batzuetan ere egongo dira emanaldiak; zehazki, hilaren 25ean, 26an eta 31n. Bestalde, aurten Europako eta Latinoamerikako zenbait autore eta talderen obrak egongo dira, eta Portugal izango da jaialdiko gonbidatu berezia.
Luis Jimenez zuzendariak jaialdiaren aurkezpenean azaldu zuen moduan, aurtengo helburua da “jaialdiaren orientazio berria tinkatzea”. Izan ere, orain dela hiru urte, erabaki zuten antzezlan klasikoei autore garaikideen eta nazioarteko egileen lanak eranstea, festibalaren “nortasuna aberasteko” helburuz, eta antolatzaileek bide horretatik jarraitzeko asmoa dute. Ondorioz, aurtengo egitaraua helburu horri erantzuten dioten “erreferentzia sozial, politiko eta kulturalen berrespena” izango da, zuzendariaren esanetan.
“Inoiz ez dut sentitu antzerkia denbora-pasa ekintza baten gisan”, adierazi du Jimenezek aurkezpen testuan; “Antzerkia ikusten dut, Garcia Lorcari adierazpen eginez, tresna espiritual eta hezitzaile baten moduan, hezten eta geure nortasuna indartzen laguntzen gaituena”. Jimenezek 2017an hartu zuen jaialdiaren zuzendaritza, eta hasieratik bihurtu nahi izan du Erriberri “arte eszenikoen zentro estrategiko bat”. Alde horretatik, aurten, dantza emanaldi batzuk ere eskainiko dituzte, apustu hori sendotzeko.
Iazko jaialdiak 98ko Belaunaldira gerturatu zituen ikus-entzuleak, Ramon Maria del Valle Inclanen lanaren bitartez; aurtengoa, berriz, 27ko Belaunaldiko poetikari begira jarriko da, Federico Garcia Lorcaren bitartez. Poeta eta antzerkigile horrek toki berezia izango du gaurtik aurrera taularatuko dituzten antzezlanetan. Histrion antzerki taldeak, kasurako, Lorca, la correspondencia personal antzezlana eramango du jaialdira; Juan Carlos Rubio zuzendari andaluziarrak sortu du, Lorcaren gutunetan, hitzaldietan eta idazkietan oinarrituta. Pep Tosar balearrak, berriz, poeta horren bizitzan oinarrituta ondu duen Federico Garcia antzezlana eramango du Erriberrira.
Bihar, Atalaya taldeak Rey Lear lana eskainiko du, Cavako oholtzan, eta, igandean, berriz, Sara Cano dantza konpainiak Vengo ikuskizuna estreinatuko du han. Datorren astean, Nafarroako bi taldek erakutsiko dituzte beren lanak agertoki nagusian: Producciones maestras-ek, Loco desatino, eta R.M. Managementek, berriz, Margaritas de Margarita. Mujer y Renacimiento.
Antzeztoki horretaz gain, aurten, formatu txikiko ikuskizunetarako beste espazio batzuk egongo dira. Karpa batean taularatuko dituzte Fernando Renjifok zuzendu duen Bernard-Marie Koltesen La noche justo antes de los bosques, bai eta Vaiven Producciones taldearen El último tren a Treblinka ere. Jauregian, bestetik, Viridiana zentroaren Amor oscuro eta Bagoa Producciones-en Calígula debe morir obrak ikusi ahal izango dira. Azkenik, Santa Mariako elizpera eramango dute Mexikoko Efe Tres Teatro taldearen Merolico-Entremeses bululuados lana, eta jauregian emango dute Kukai Dantza konpainiaren Erritu dantza ikuskizuna.
Hitzaldiak eta zikloak
Dena ez dira ikuskizunak izango, halere. Batetik, David Rodriguez Massachussetseko Unibertsitateko irakasleak La tradición del teatro itinerante en las dos orillas: del Siglo de Oro a Lorca y Vasconcelos mintzaldia emango du, uztailaren 2an, kultur etxean. Bestetik, uztailaren 28an topaketa bat egingo dute Alfredo Sanzol antzerkigile iruindarrarekin, eta ikusleek aukera izango dute jakiteko nola sortu duen heldu den igandean jaialdian aurkeztuko duen La valentía antzezlana, eta zer beste proiektutan ari den lanean. Horretaz gain, hiru egunez Antzerki Poetika zikloa egingo dute, jauregian, horretarako hautatu dituzten lau talde nafarrekin.
Urtero gonbidatu berezi bat izaten da jaialdian, eta, aurten, herrialde bat da: Portugal. Lisboako Zine eta Antzerki Goi Mailako Eskolak eta Companhia do Chapito taldeak ordezkatuko dute herrialdea. Bigarren horrek, Electra antzezlanaren bertsioa aurkeztu, eta ikastaro bat emango du.