Lur Albizu Etxetxipia
Hiria isildu da, eta herrietara ihes eginen dugu askok. Azken asteetan zurrunbiloak santu izena hartu du, eta Iruñeak okupatu ditu geure buru eta bihotzak. Sanferminek pista batzuk eman dizkigute.
Lehen pista: udaltzaingoak nola lan eginen duen. Kalean ez ezik, udaletxe barruan ere bertako zinegotziei kolpeka aritzera ausartu dira; udaltzainburuak eta Carmen Albak (gogoratzen PPren gobernu-ordezkari hura? Bai, zinegotzia da Iruñean) bostekoa eman zioten elkarri. Ikurrina balkoitik kanpo, zinegotzi abertzale eta ezkertiarrak balkoitik kanpo. Entzierroan bertan kolpeak, identifikazioak eta isunak. Prozesioan kolpeak. Atxiloketak ea noiz datozen.
Bigarren pista: zezenik gabeko arratsaldeak posible dira. Zezen-plaza aquapark bilakatu zenean ere inoiz etsitzen ez duten haiek han jarraitu zuten. Kultura deitzen duten torturarik gabe eta toreatzailerik gabe (hori ere garrantzitsua da). Gero eta peña gehiagok hartu dute konpromisoa bestelako egitasmoak antolatzeko, eta ez da arraroa tradizio hauek traizionatzeko erabakia hartu dutenak ikustea. Badugu zer pentsatu, peñek badute zer esan.
Hirugarren pista: mobilizatu beharrarekin edo gabe, eraso sexistek hor jarraitzen dute. Eta hor jarraitzen dute gure atzetik dabiltzanek, ateraino jarraika ditugunek, begirada nazkagarriak botatzen dizkigutenek. Edo tabernari emakumeei (eta gazteak baldin badira, askoz hobe) kubatak eta tragoak eta katxiak eta zuritoak nola jartzen diren erakusten dietenek. Pausoz pauso, barraren beste aldean haiek (gizonak, eta helduak) egonen balira bezala. Hor jarraitzen dute alkoholaren aitzakiaz, “burua galdu nuen” aitzakia hartuta egiten dituztenak justifikatzen duten horiek. Oso astunak zarete, benetan. Barre egiteko gogoa emanen liguke egunero-egunero aguantatu behar izanen ez bazintuztegu. Barregarria izanen litzateke geure bizitzetan horrelako eraginik ez balu (beldurra, amorrua, haserrea, inpotentzia… Gehitu zureak zerrenda honetara). Ez zaudetenean dena askoz errazagoa da, ez dugu zuen inolako beharrik. Festa egiteko (ere) ez zarete beharrezkoak. Ez egin esfortzurik. Sanferminak dira, baina denak ez du balio. Hausnarketa egiteko eskatuko nizueke, baina zertarako?
Laugarren pista: Iruñeak hiri handia dela erakutsi du beste behin ere. Harrera onekoa, umore onekoa, elkartasunezkoa. Antifaxista, euskalduna, herrikoia. Inposizioen kontra borrokatzen dena. Inprobisazioaren aldekoa, kolore askotakoa. Kaleak lehertu dira beste behin ere, antolatu dira milaka herri-ekimen, mobilizazio, ekitaldi, kontzertu, egitarau… herritik eta herriarentzat. Ez diezagutela gure Iruñea lapurtu!
Iruñean Asiron batzuen artean hartu eta airera botatzen dute. Maitasun keinuak handik eta hemendik. Maia, zuk ez duzu sekula lortuko. Itzuliko gara!
[Nire miresmen osoa egunero edo ia egunero ostalaritzan, kaleak garbitzen edo beste edozein lanetan ibili zaretenontzat. Zuek bai handiak!]