Iritzia: Kale nagusiak

Iritzia: Kale nagusiak

Lur Albizu Etxetxipia

Aurretik hamaika aldiz kontatu dizkigutenak bizitzeak ez du preziorik (noizbehinka). Egoera nolakoa den eta bere nondik norakoak esplikatzen ahalegindu zaizkizu; istorioaren —eta historiaren— zergatiak. Gatazkaren ibilbidea, korapiloa non zegoen, nora mugitu zen, non dagoen orain eta zein bide geratzen den egiteko. Oraindik ere. Irakurri dituzu liburuak, kronikak, ahotsak entzun. Bideoak ikusi (joan aurretik prestatzeko).

Memorian daukazu zerbait gertatzen dela herri horretan —behintzat— urtean behin, baina neurri batean egunerokoa guztiz baldintzatzen duela: nortasuna, ohiturak, lagunak, non ikasi eta non ez, non poteoan ibili eta non ez, nor bozkatu eta nor ez, nor agurtu, nori bizkarra eman.

Deialdia egina zegoen, eta aurten bertaratzeko aukera genuen. Baietz, joateko, giroa ez zela erraza izaten eta babesa ematea garrantzitsua zela. Baietz, oso goiz zela, baina merezi zuela urtean behin egitea. Baietz, festa bera —eta haren zergatiak— sobera ongi ulertu gabe eta berezko ospakizunarekin ados egon gabe ere, joan behar genuela. Autoa goizeko seietan hartu igande batean. Igande batean, goizeko seietan.

Hartu genuen autoa goizeko seietan eta abiatu ginen. Aurreko guztiari euria batu zitzaion, eta ustekabean harrapatu gintuen. Han geunden, Hondarribian, goizeko zazpiak pasatxo, gu, galdurik. Hitzordurako lekua topatu genuen, nahiko azkar. Aurpegi ezagunak ikusten hasi ginen, etxean sentitzen —pixka bat gehiago—. Konturatu orduko, Kale Nagusian gora igotzen ari ginen hamarnaka emakume, ahal genuen moduan aurre eginez euriari. Ez dakit tentsioa usaintzen den, aurretik prest dagoen edo ezustekoan harrapatzen zaituen. Baina sentitu, sentitu egiten da. Tentsioari eta borrokari gorputz osoa jarri genion.

Hortik aurrerakoa bideoetan eta asteleheneko titularretan ikusiko zenuten. Jaizkibelek beste aurrerapauso bat eman du, eta atzeraezina da duela urte gehiegi hasitako bidea. Bizkarra ematen zutenen gainetik eta plastiko beltzen gainetik txalo-zaparrada amaigabeak, oihuak, barreak eta animoak. Zarata horren guztiaren gainetik ere, desfilea egiten ari ziren guzti-guztiei aurpegira eta begietara begiratzeko nahia, aitortza keinuak, malkoren bat edo beste eta, azken finean, zerbait berezia bizitzen ari izatearen sentsazio indartsu hori.

Zein surrealista den batzuetan gure herrietan gertatzen dena. Edo hori iruditzen zaigu? Duela ez hainbesteko Baztango irudiak ditugu gordeta buruan, eta duela ez hain hamarkada gutxi geure amek borroka gogorra egin behar izan zuten elkarteetan bazkide izan ahal izateko, adibidez. Zenbat lan oraindik ulertzeko ezetz, gizonak bakarrik ezin direla erdigune bakar, absolutu eta normal izan. Tradizioak zalantzan jarri ahal izateko ere aukera berak eman behar zaizkigula. Bestela, guk hartu beharko ditugu. Tradizioak zalantzan jarri nahi ditugulako ere. Baina plazak, erdiguneak eta kaleak guk (ere) okupatuta. Baimenik eskatu gabe.