Udalaren aitortza hautetsiei

Udalaren aitortza hautetsiei

Estela Vasco izan da lehena, eta haren atzetik ailegatu dira 1979tik Berriozarko hautetsi izandako bertze herritar anitz herriko udaletxera. Batzuk hilik dira jada, eta senideek jaso dute, haien izenean, Berriozarko Udalak egindako omenaldia eta aitortza. Udalerriak 35 urte bete berri ditu, 1991ko martxoan sortu baitzuten, Antsoaingo Zendea banandu eta gero; data aitzakia gisa baliatu du udalak, herriko etxean aritu direnen lanari balioa emateko. Apirilaren 24an egin dute ekitaldia, osoko bilkuren aretoan. Eztabaidaren eta bozketen ordez, musikak eta dantzak hartu dute gela.

«Erabateko eraldaketa baten historia ospatu nahi dugu gaur». Esaldi horrekin hasi dute Asier Costa eta Saioa Izura Berriozarko Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziek ekitaldia. Izan ere, hautetsiek herriko etxean egindako lana nabarmentzeaz gain, Berriozarko bizilagunek herria sendotzeko eta beren arteko sareak ehuntzeko egin duten ahalegina ere ospatu nahi izan dute.

Berriozarko Udalak herriko hautetsiei egindako omenaldia. Txuri Zuri taldeko dantzariak aritu ziren. IDOIA ZABALETA / FOKU

XX. mendearen lehen erdian, Berriozar laborantza eta abeltzaintza oinarri zituen herri txiki bat zela gogoratu dute zinegotziek, baina 1960ko hamarkadan itxuraldatzen hasi zela, industriaren bultzadari esker. Izurak datu bat nabarmendu du: «1970. urtean, Berriozarrek 3.000 biztanle baino gehiago zituen, bi urte lehenago halako hamar».

Nafarroako Erriberatik, Espainiatik eta Galiziatik ailegatutako familiek eta bikote gazteek eragin zuten Berriozar handitzea, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Zinegotziek banan-banan aipatu dituzte, bereziki, Espainiako Jaengo herrietatik Nafarroara iritsitakoak: Jodar, Jimena, Ubeda, Solera, Cazorla, Albanchez de Magina eta Villanueva de la Reina herrietakoak, alegia. «Orain, munduko beste herri askotatik dator jendea, eta, duela 50 urte bezala, Berriozar sendotzen laguntzen ari dira», berretsi dute.

Elkarteen ekarpena

Berriozarrek 11.000 biztanle baino gehiago ditu egun. Elkarlanean aritu dira haietako anitz, eta hamaika esparrutako elkarteak eta kolektiboak sortu dituzte. Berriozarko ehun sozial horrek «garrantzi handia» duela nabarmendu dute Saioa Izurak eta Asier Costak. Kulturaren esparruan ari dira, bertzeak bertze, Txori Zuri dantza taldea, Elkarrekin abesbatza eta Doinu musika banda; hiru taldeok parte hartu dute Berriozarko udaletxeko omenaldian.

Ez dira herriko bakarrak, hala ere; garai bateko gau eskolak oroitu ditu Costak, eta erantsi du egun AEK ari dela helduei euskara irakasten. «Euskara eta kultura izan dira bizikidetza ehundu duten hariak», gehitu du Izurak. Kirolaren arloko San Cristobal, Mendialdea eta BKE elkarteak, erraldoien konpartsa, joaldunak eta flamenkoko dantza taldea ere badira Berriozarko egunerokoaren parte.

Haurrekin, gazteekin eta zaharrekin duten «konpromisoa» berretsi nahi izan dute Berriozarko Udaleko agintariek, eta etorkizunean ere herri «langile, euskaldun, feminista eta solidario» bat izaten segitu nahi dutela erran dute. Orain arteko bidean parte hartzeagatik, hain zuzen, 1979. urtetik Berriozarko Kontzejuko lehendakari —Antsoaingo Zendearen barruan zegoenean— eta Berriozarko Udaleko alkate izandakoen lana nabarmendu du udalak: Jose Mari Barrena zena, Jose Luis Campo zena, Estela Vasco, Alfonso Alonso, Jose Manuel Goldarazena, Benito Rios zena, Xabier Lasa eta Raul Maiza. Iker Mariezkurrena egungo alkatea da zerrendan azkena.

Berriozarko osoko bilkuren gela lepo bete da udalak antolatutako ekitaldirako. Gogoz txalotu dituzte omendutako hautetsiak eta parte hartu duten dantzarien, abeslarien eta musikarien parte hartzea. Argazki bat egin eta gero, otamena hartu dute denek, eta lagun arteko solasaldiek hartu dute ekitaldiko mezu instituzionalaren lekukoa.

Berriozarko alkate Iker Mariezkurrena, Raul Maiza, Xabier Lasa eta Jose Manuel Goldarazena alkate ohiak eta Berriozarko Kontzejuko lehendakari ohi Estela Vasco. IDOIA ZABALETA / FOKU

Iker Mariezkurrena (EH Bildu)

«Gogorra eta aberasgarria da ardura»

Iker Mariezkurrena Berriozarko EH Bilduko egungo alkateari egokitu zaio herriko udaleko azken bederatzi agintaldietako hautetsiei harrera egitea, haien aldeko omenaldian. Mariezkurrenak, hain zuzen, nabarmendu du Berriozarko azken 35 urteotako historia «borondate kolektibo baten emaitza» dela, eta erantsi du udaletxeko talde guztien arteko elkarlana hagitz garrantzitsua izan dela: «Herriaren egunerokoari eragin dioten erabaki eta kontu gehienak aho batez onartu ditugu; erakutsi dugu zubiak eraikitzeko gai bagarela», erran du alkateak.

Mariezkurrenak balioa eman nahi izan dio orain arte hautetsi aritu direnen lanari, eta, bere esperientzia oinarri hartuta, azpimarratu du alkatearen ardura aldi berean «gogorra eta aberasgarria» dela. «Gozatu eta sufritu egiten duzu. Kargua hartzen duena astelehenetik igandera da herriko alkate».

Berriozarko Udalak esku artean dituen erronka nagusien artean aipatu du Gipuzkoa etorbidea moldatzeko proiektua, «elkargune» izan dadin; euskara plana prestatzen ari direla nabarmendu du ere. «Gauza asko egiten ari gara».

Raul Maiza (EH Bildu)

«Akordioa egin genuen PSNrekin»

Alkateorde lehendabizi, eta alkate gero. Raul Maiza (Euskal Herria Bildu) 2011n ailegatu zen Berriozarko Udalera, eta, lau urtez Xabier Lasarekin aritu eta gero, alkate izendatu zuten 2015ean. 2023an, hark eman zion lekukoa Berriozarko egungo alkate Iker Mariezkurrenari. Maizak nabarmendu du udaletxean izandako ardurek herria «sakon» ezagutzeko aukera eman diotela.

«Alkate izan nintzen zortzi urteak intentsitate handikoak izan ziren, oso politak; esperientzia zoragarria izan da», erran du Maizak. Bere bigarren agintaldian bizikidetzaren arloan egindako lanari balioa eman nahi izan dio, bereziki, eta oroitu du Berriozarren sinatu zutela EH Bilduren eta PSNren arteko lehendabiziko akordioa. «Aurrekontuak onartzeko akordioa egin genuen; PSNko eta EH Bilduko garai hartako agintariok elkarlanaren alde egin genuen; akordio inportante bat izan zen, haren ondotik beste batzuk egin baitziren».

Berriozar plurala dela gehitu du. Herritarren arteko sarea ehuntzeko eta «zubiak eraikitzeko» lan egin zuela azpimarratu du, eta emaitzak «agerikoak» direla erantsi.

Xabier Lasa (NaBai)

«Eskarmenturik gabe sartu nintzen»

«Erakundeetan batere eskarmenturik izan gabe sartu nintzen udaletxean». Xabier Lasa 2007ko ekainean izendatu zuten Berriozarko alkate (NaBai), eta 2015era arte egon zen. «Jose Manuel Goldarazena urte eta erdiz izan zen alkate gure aurretik, baina gure agintaldian abertzaletasuna indar handiz sartu zen udaletxean lehen aldiz», oroitu du.

Egindako lanaren emaitza gisa aipatu du garai hartan egin zituztela herriko etxearen eraikina eta auditoriuma, Artiberri eraikitzen hasi zirela, eta, arlo sozialean ere, «asko mugitu» zirela, bertzeak bertze etorkinei harrera egiteko. Lasak udaletxean lagundu zutenak gogoratu ditu, eta, bereziki, Jose Luis Campo zena, 1995etik 1999ra alkate izandakoa. 

Lasak alkate aukeratu zuten urteko bestak ere nekez ahaztuko ditu, herriko bi gazte auto istripu batean zendu baitziren. «Familiekin egon nintzen. Hagitz gogorra izan zen». 2009ko bestetako txupinazoa, berriz, sortu zen zalapartarengatik gogoan du Lasak: «ANVri zegokion botatzea, baina legez kanpo utzi zuten. Madrilgo kazetari pila etorri ziren». Azkenean, kiliki batek bota zuen.

Jose Manuel Goldarazena (Euskal Herritarrok)

«Udaletik alde egin nahi nuen»

Jose Manuel Goldarazenak bide motza egin zuen Berriozarko Udalean: 1999an izendatu zuten alkate (Euskal Herritarrok), eta 2000. urtean utzi zuen kargua, haren aurkako zentsura mozio batek aurrera egin eta gero. «Mozioa niretzat ez zen zigor bat izan; alderantziz, nik udaletik alde egin nahi nuen. Udala uztea ez zen gogorra izan, baina gertatu zena, mozioa eragin zuena, hori bai». ETAk Francisco Casanova militarra hil zuen Berriozarren, 2000ko abuztuaren 9an. 

Goldarazenak aitortu du ingurukoek «bultzatuta» aurkeztu zela 1999ko hauteskundeetara. «Aurretik esperientziarik ez nuen, eta utzi eta gero ere ez naiz berriz itzuli, neure burua politikaritzat hartu arren. Udal langilea nintzen, eta lanera itzuli nintzen. Harreman oso ona izan dut alkate guztiekin», erran du. Zehaztu du karguan aritzeko ahala bazuela uste zuelako egin zuela udalean aritzeko urratsa, eta lanean aritutako urte eta erdian «gustura» egon zela. «Taldeon arteko adostasuna lortzen genuen». Berriozarko Udalak antolatutako omenaldian ere «gustura» izan da Jose Manuel Goldarazena, eta eskertu du aitortza jaso izana.

Estela Vasco (PSN)

«Laguntza gutxi jasotzen genituen»

Herritarrek Berriozarko alkate ohitzat dute Estela Vasco, baina ez zen izan, Berriozarko Udala sortu aurretik aritu baitzen herriko politikan, Antsoaingo Zendeako zinegotzi lehendabizi, eta Berriozarko Kontzejuko lehendakari gero. Azken kargu horretan, hain zuzen, lau urtez aritu zen, 1984tik 1988ra. «PSNrekin aritu nintzen, baina ez naiz afiliatua», zehaztu du.

«Esperientzia hagitz polita izan zen, baina irakatsi zidan administrazioak mugak eta erritmo propio bat baduela, eta gauza anitz ez daudela zure esku», oroitu du. Vasco kontzejuan egon zen garaian, Berriozar 5.000 biztanle inguruko herri bat zen. «Musika eskola eta Berriainzko industrialdea sortu genituen garai hartan. Dirua zen gure muga nagusia, laguntza gutxi ailegatzen baitziren».

Eguneroko lanak utzi zion arrastoa. Hori nabarmendu du Vascok. «ETAk egunero hiltzen zuen garai hartan, eta mehatxuak jasotzen nituen. Behin, alabak galdetu zidan ea autoaren azpian begiratzen ote nuen. Aitona-amonei entzun zien hori», gehitu du. Berriozarko Kontzejuko lehendakari lau urtez aritu eta gero, Artikara mugitu zen.