Mugimenduan den izaki bati argazki bat ateratzearekin konpara liteke. Baita, bestela, martxan den bideo bat kolpez gelditzeko stop botoia sakatu eta irudi izoztuari behatzeko keinuarekin ere. Antzera gertatzen da bietan. Argazkiari so denak ziurtasunez daki izakia diferente azalduko zela irudian, baldin eta argazkilariak segundo bat geroago egin izan balu klik. Eta bideoa ikusten ari denak ere ederki daki, edo behintzat susma dezake, ikus-entzunezkoa gelditzea erabaki duen arren, bistara daukan eszenaren atzetik gehiago ere azalduko direla bidera, detaile eta gertakari gehiagorekin. Horra paralelismoa. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa) antzera gertatzen baita aldian behin. Zehatzago: gertatu da orain. Ekoiztu kultur bekaren babesean landutako azken hiru proiektuak ikusgai jarri dituzte bigarren solairuan, ekainaren 26ra arte izanen dira bertan, eta, hain zuzen, artean helmugara ailegatu ez diren prozesuen erakustoki gisara funtzionatzen du erakusketak. Gertatu denarena ez, gertatzen ari denaren isla da erakusketa. «Hain da horrela, ezen artistetako batek ja esana digu akaso tokiz mugituko dituela piezetako batzuk, eta litekeena dela muntaketa diferentea izatea hemendik bi astera», ohartarazi du Uharte zentroko zuzendari Oskia Ugartek. Satisfazioa suma dakioke hitzotan. Pozik da Ekoiztu bekaren aldi honetan parte hartu duten Sofia Mendiondo, Jorge Sevi eta Maria Hidalgo artistekin. Pozik, besteak beste, arian ari direlako oraindik.
Orain arteko urratsek artistak noraino eraman dituzten ikusteko balio du erakusketak, hortaz. Bai eta, zeharka bada ere, Ekoiztu bekak zertarako babesa eman dien agerian uzteko ere. Urtean bitan egiten dute beka hori erdiesteko deialdia zentroan, eta hiru proiektutarako laguntza eskaintzen dute haietako bakoitzean —orain ikusgai jarritako erakusketakoak 2025eko bigarren seihilekoko deialdian hautatutako proiektuei dagozkie—. 3.000 euroko diru laguntza, lanerako tokia eta mentoretzarako aukera ematen diote bakoitzari. Manuela Padron eta Pablo Marte izan dira mentoreak aurten.
VAPOR izenburupean aurkeztu du bere proiektu artistikoa Sofia Mendiondok (Buenos Aires, 1991) Uharten. Besteak beste, erabileraren eta denboraren joanaren beraren ondorioz objektu batzuetan antzeman daitezkeen aldaketei erreparatu die artistak. Propio funtzio bat betetzeko sorturiko objektuetan jarri du arreta betiere, hala nola medikuntza tratamenduetarako gailuetan, eta, hala, aztertu du zer gertatzen den objektuok funtzionatzeari uzten diotenean edo, behin erabiliak izanda, haiek baztertu eta beste toki batzuetara desplazatutakoan; adibidez, orduan ere ba ote duten berezko zentzurik, eta, hala balitz, zein. Materialen propietateei eta erabilerak uzten duen arrastoari ere begiratu die, bereziki, horretarako. «Keinuek utzitako tolesek eta higadurak iradokitzen dutena ere asko interesatu zait, eta interesgarria zait, batez ere, pentsatzea galtzear den material batekin ari naizela lanean», azaldu du Mendiondok.
«Keinuek utzitako tolesek eta higadurak iradokitzen dutena asko interesatu zait, eta interesgarria zait, batez ere, pentsatzea galtzear den material batekin ari naizela lanean»
SOFIA MENDIONDO Artista
Erakusketarako ikusgai paratu dituen piezen artean, latexezko eskularru batzuen bilgarri zahar mordo batek osatutako bi metak ematen dute atentzioa bereziki. Artistaren esanetan, zirujauek kirurgietarako baliatzen dituzten eskularruak biltzeko baliatu ziren zorro horiek inoiz, eta, orain, bereziki zaio interesgarria haiek bistaratzea. «Argibide batzuk ere badakartza bilgarri horietako bakoitzak, baina erabiltzaileari ezinbestekoa zaio aurretiazko ezagutzaren bat. Hemen, berriz, objektuok dagoeneko ez dira lehen zirena».
Sofia Mendiondo artistaren VAPOR proiektuko piezetako batzuk, Uharte zentroan. I. URIZ / FOKU
Materialen lanketari dagokionez, Mendiondok aitortu du «errepikapena» izan dela gakoa. Keinu bat aukeratu, eta hura behin eta berriz gauzatuz materialekin zer gertatzen zen ikusi ahal izan du horrela. «Eta hori bakarrik ez: segun eta zer zekarkion horrek materialari, neronek ere batera edo bestera erreakzionatu behar izan dut, kasik urgentziaz batzuetan». Adibide gisara, bi pieza elkarri batu nahi eta haiek zolan ainguratu ezinean ibili zenean kontrapisu bila aritu behar izan zuenekoa ekarri du gogora. «Une bakar batean ere ez naiz saiatu piezek hartuko zuten forma aurreikusten; arian-arian gertatu dira».
Poemekin joan-etorrian
Kontrastean, Jorge Sevik (Zamora, Espainia, 1997) literaturari estuki loturik ondu du bere proiektua: …y los caballos corrían hasta olvidar que eran caballos. Izenburua bera Richard Siken idazlearen Crush olerki liburuko poema batetik atera du artistak. Pieza eskultorikoak ez ezik, poemagintzari loturiko proposamenak dira nagusi haren erakusketan. Sevi: «Izan ere, abiapunturik aipatu beharko banu, esanen nuke nire eta lengoaia poetikoaren arteko harremana duela honek guztiak ernamuina».
«Abiapunturik aipatu beharko banu, esanen nuke nire eta lengoaia poetikoaren arteko harremana duela honek guztiak [obrak] ernamuina»
JORGE SEVI Artista
Hitzek berez daukaten esanahiaz harago ere esan dezaketenari bueltaka aritu da urteotan Sevi. Eta, ariketa horretan, honek liluratu du batez ere: «Hitzek zabaltzen dituzten irekidurek». Seviren hitzetan, nor zaren, non zauden, eta bizitzako zer unetan zauden, diferente ulertzen dira hitzak ere, eta hori bera, denboraren joanak norberarengan eragin dezakeen eta bizitzan egin daitezkeen mugimenduek dakartena, xehe aztertu du, horregatik, Uharteko egonaldian. Hori guztia materialki islatu nahian, material «efimero eta hauskorrak» hautatu ditu artistak, hala nola papera eta paperak biltzeko baliatu ohi diren kartoizko edo plastikozko edukiontziak. «Zabal-zabal irekitako liburu bat arkitektonikoki irudikatu nahiko banu bezala izan da».
Gainera, erakusketako bi piezatan bereziki dago agerian artistak bere barnera eginiko gogoeta. Bi argazki daude horman paratuta; batean, bera ageri da txikitan, kamerari begira; bestean, bera ageri da, kamerari begira horretan ere, baina gaur egungo itxurarekin, eta atzeko horman preseski txikitako argazki hori zintzilikatua duela. Bestalde, Correspondencias izeneko olerki liburu bat ere idatzi du Sevik —Lorea Alfaroren laguntza izan du liburukiaren azala ontzeko—.
Sevi, Mendiondo, Hidalgo eta Marte. I. URIZ / FOKU
Eta poemak daude bistara Maria Hidalgo Nietoren (Ubeda, Espainia, 1996) proposamenean ere. Izatez, «poema bilduma filmiko» gisara definitu du artistak bere última acampada obra. Haren familiak iragan mendean Super-8 kamera batekin filmatutako hainbat iruditan inspiratuta, zazpi «kapitulu» idatzi ditu Hidalgok, eta Uharte zentroko bi paretatan ikusarazi ditu, argiztatuta, zazpi proiektagailu baliatuta. Haiei begira, poema bilduma bat orriztatzen ari delako irudipena izan dezake ikusleak, «martxan dauden poema batzuk baitira, funtsean».
Literaltasunari muzin
Erakusketaren aurkezpenean, lan multzoari forma hori eman aurretik eginiko beste urrats batzuk aletu ditu Hidalgok. Nabarmendu duenez, aurrez ere sarri egin du lan ikus-entzunezko edukien inguruan, zinemagintzarekin loturiko elementuekin, eta kasu honetan ere irudiekin hasi zen lanean batez ere. «Aitonak filmatutako irudiak hartu, eta haiek batera edo bestera muntatzen hasi nintzen, bereziki erreparatuta, adibidez, irudien opakutasunari eta gardentasunari». Aldiz, artistak aitortu duenez, irudietatik askoz ere gehiago urrunduta jardun da azkenerako: irudiek iradokitzen diotenari buruzko poemak idatzi ditu, baina ikusleari erakutsi gabe irudiok nolakoak diren zehazki. «Are gehiago, literaltasunari ihes egin diot». Gainera, irudiek iradokitzen diotenaz gain, artistak sarri baliatu ditu, besteak beste, bai lagunek esandako hitzak, eta baita kalean edo filmetan aditutako beste batzuk ere.
«Gustatzen zait pentsatzea hau izan daitekeela edo iraganeko film baten gidoia edo, berdin, oraindik egiteko dagoen film batena»
MARIA HIDALGO NIETO Artista
«Oso aske jardun dut; horretarako baimena eman nahi izan diot neure buruari», aitortu du Hidalgok. Ikusleari dagokionez, nahi luke hark ere libre jardutea obra interpretatzeko garaian. «Idatzi dudanak eraman zaitzake nik lehengai gisara izan ditudan irudietara, edo, kontrara, berri batzuetara. Gustatzen zait pentsatzea hau izan daitekeela edo iraganeko film baten gidoia edo, berdin, oraindik egiteko dagoen film batena».
Maria Hidalgo Nietoren última acampada obra, Uharten. I. U. / FOKU
