Duten zorra osorik kitatu arte

Duten zorra osorik kitatu arte

Edurne Elizondo

Handia da Nafarroako erakunde publikoek Emiliana Zubeldia Indarekin duten zorra. Hasi dira pagatzen, baina oraindik ez dute osorik kitatu. Konpositore eta piano jotzaile handia izan zen Zubeldia Inda; bertze musikari anitzen maistra eta eredu. Eta, hala ere, ahanzturak hartu du artista nafarra, urte luzez. Euskal Herritik Mexikora joan, eta han hil zen, Hermosilla herrian, 1987. urtean. Musikari handitzat dute han; sorterrian, berriz, azken urteotan hasi da haren lana merezi duen oihartzuna jasotzen. Asteburuan, hain zuzen, omenaldia egin zioten jaioterrian.

Zubeldia Inda Jaitzen sortu zen, 1888. urtean, baina, hemezortzi hilabete zituenean, familia Iruñera mugitu zen, eta han hazi zen artista. Hiriburuko kultur giroan murgildu zen, Santa Cecilia elkartearen, Iruñeko Orfeoiaren eta musika banden bidetik. Aitonaren pianoa izan zen Zubeldia Indaren musikarako grina piztu zuen txinparta nagusia, halere.

“Konpositore bikaina izan zen; onena”, nabarmendu du Ana Diez de Ure historialariak. Jaitzen egindako omenaldian parte hartu zuen, larunbatean. Duela hogei urte deskubritu zuen Diez de Urek Zubeldia Inda, eta hari buruz idatzi zuen, Silvia Fernandez, Sonia Pinillos eta Paco Rodarekin batera, Iruñeko emakumeen historiari buruz hiriko udalak argitaratutako liburuan. “Liluratuta” gelditu zen historialaria piano jotzailearen ibilbidearekin, hasieratik. Helena Taberna zinemagilea ere liluratu zuen Zubeldia Indaren bideak, eta hari buruzko ordu erdiko film bat grabatu zuen, 1993an. Jaitzen egindako omenaldian izan zuten aukera ikusteko. Zubeldia Indari buruzko lanak musikariaren bakardadea islatzen du, bertze gauza anitzen gainetik. Tabernak erran izan du “miresten” duela piano jotzailearen bakardade hori: “Bakardadea eta sorkuntza eskutik helduta ibiltzen baitira, eta bakardadea ez baita txarra borondatez hautatzen denean”.

Iruñetik Parisera

Zubeldia Indak ez zuen egin bere garaiko gizarteak emakumeentzat zehaztutako bidea. Artista handia zen, eta ahalegindu zen, beti, bere bokazioa arlo guztietan garatzen. Piano jotzaile eta konpositore ez ezik, irakasle ere izan zen, adibidez. 1920an, irakasle plaza lortu zuen Iruñeko Udal Musika Eskolan. Aurreko urtean, Joaquin Fuentes kimikariarekin ezkondu zen Zubeldia Inda, baina elkarrekin bide motza egin zuten. 1922an, Parisera joan zen musikaria, eta betiko utzi zuen zientzialaria atzean.

Parisen, abangoardia artistikoekin bat egin zuen; ez zuen hiri hori helmuga bakar izan Europako bere bidean, hala ere. Belgikan, Suitzan, Italian, Ingalaterran, Alemanian eta bertze hainbat herritan jo zituen kontzertuak. 1923an, Zubeldia Indaren pianorako lanak argitara eman zituen B. Roudanezek. Ezagutu zituen herri guztietan, hotelak izan zituen etxe musikariak.

Ameriketara ere egin zuen salto. Brasil, Argentina, Uruguai eta bertze hainbat herri ezagutu zituen, baina AEBetako New York hiriak ukitu zuen bereziki. Amerikako Emakumeen Elkartearekin eta kide ziren emakume artistekin bat egin zuen, bertzeak bertze. Kontzertu anitz eman zituen AEBetan, baina handik Mexikora joan zen, 1937an, eta han gelditu zen, hil arte. Sonorako Unibertsitateko kide izan zen, eta han ikasle izan zituenengan aztarna sakona utzi zuen.

Nafarroatik at txaloak baino ez zituen jaso Emiliana Zubeldia Indak egindako lanak; hemen, berriz, ezezaguna izan da, eta oraindik ere bada, neurri handi batean. “Androzentrismoa da nagusi, eta emakume profesionalen lana ezkutuan gelditzen ohi da; musikaren esparruan, egoera hori bereziki nabarmena da. Gizarte patriarkala da gurea, eta emakume musikariak isilpean gelditu izan dira beti”, azaldu du Diez de Urek.

Zubeldia Indak bere bidea hemendik kanpo egin izanak ere izan zuen eragina, historialariaren ustez. Argi du musikariak Nafarroatik ateratzeko beharra bazuela: “Garai horretako Iruñea oso hiri tradizionala zen; ezkondu eta gero ere, konturatu zen konpositore eta piano jotzaile izateko bakarrik egon behar zuela, ezkontza eta musika ez zirela bateragarriak. Gizarteak ez zion hori barkatu”, erantsi du.

Musika zuen Zubeldia Indak benetako pasio. Eta musika bilakatu zuen bere bizitzaren ardatz. Pasio horren emaitza dira artistak idatzitako lan guztiak. Larunbatetik, plaka batek gogoratzen du Jaitzen hangoa zela Zubeldia Inda. Txalotu eta eskertu nahi dute lan hori guztia.