Baso bat imajinatu du ospitaleko paretetan

Baso bat imajinatu du ospitaleko paretetan

Edurne Elizondo

Baso bat imajinatu du. Gabriel Coca artistak naturaren puska bat eraman du Nafarroako Ospitalera, Irudikatu baso bat izenburuko bere obraren bidez. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eta Kultura Departamentuak antolatutako lehiaketa irabazi du lanak, eta asteon inauguratu dute.

Hirugarrenez egin dute erakundeok, aurten, Arte Gaztea Ospitaleetan izenburuko lehiaketa. Asmoa da artearen bidez espazio horiek atseginago bilakatzea. Erronka ez dela erraza izan onartu du Cocak, eta ezin izan duela “erabat libre” izan prozesuan. Izan ere, ospitale batean jartzeko sortu du obra; ez, ordea, erakusketa areto arrunt batean zintzilikatzeko. “Horrek mugak sortzen ditu. Ospitalean diren gaixoentzako eta langileentzako obra bat da, nolabait erranda. Haiek ikusiko dute, batez ere; eta egun oro, gainera. Hori kontuan hartu behar izan dut. Espazio publiko bat da”.

Ospitale baterako lana izanda, ongizatearen ideia jarri nahi izan du erdigunean. Horregatik jo du naturara, garatzeko gai baten bila. “Gaizki gaudenean, mendira joaten gara, eta basoan ibiltzen garenean hobeki sentitzen gara”. Naturak sendatzeko gaitasuna duela argi du Cocak, eta arteak ere bai. Bere lanaren bidez, finean, bi osagai horiek batu ditu artistak, ospitalean direnak hobeki sentitzeko botika sortzeko.

Espazioa “itxuraldatu”

Artea eta herritarrak lotzeko asmoz sortu du Nafarroako Gobernuak ospitaleetako espazioetan eragiteko lehiaketa. Aukera hori “eskertu” egin du Gabriel Cocak, egindako obraren bidez Nafarroako Ospitaleko areto bat “itxuraldatu” duelako. “Ez da bakarrik lana pareta batean zintzilikatzea. Jendea ez da propio joaten espazio horretara artea ikustera; gaixoak eta langileak han dira, eta, nire lanaren bidez, beren emozioak kudeatzeko espazio atsegin bat eskaini nahi diet; ongizatea lantzeko espazio bat da”, kontatu du. “Hagitz polita da erakundeek horren aldeko apustua egin izana; guztiz beharrezkoa du gaur egungo gizarteak, gainera”.

Antolatzaileek uztailean ezagutarazi zuten Gabriel Cocak irabazi zuela lehiaketa; abuztuan eta irailean, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan izan da artista, bere proiektua garatzen. Zentroko arduradunen laguntza eta babesa eskertu ditu, hain zuzen ere. Sormen prozesuan izandako gorabeherek ere “irakatsi” diotela nabarmendu du, eta ontzat jo du ospitalerako lana egiteko aukera eduki izana. “Nire obra garatzeko aukera eman dit”.

Proiektua jorratu eta gero, bi astean margotu ditu Cocak Nafarroako Ospitaleko horma irudia osatzen duten piezak. Emaitza “obra bizi bat” dela nabarmendu du artistak. Asteazkenean inauguratu zuten. Bisitariak hartzeko prest da basoa.