Edurne Elizondo
Lanaren esparrua arrotza da, neurri handi batean, herrialdeko gazteentzat: 25 urte baino gutxiago dutenen %26,8 dira langabezian, 2019ko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera. Egoera zailagoa da, 20 urte baino gutxiago dutenen errealitateari so eginez gero: %46,5ek ez dute lanik. Datuek, dena den, egoera are latzagoa uzten dute agerian, ezintasunen bat duten gazteen artean: lautik hiruk ez dute lanposturik, Nafarroan.
Espainiako Odismet behatokiak jarri du azken datu hori mahai gainean. Erakunde horrek aztertzen ditu ezintasuna dutenek lan merkatuan egiten dituzten urratsak, eta zer-nolako zailtasunak izaten dituzten esparru horretara ailegatzeko. Behatokiak plazaratutako azken datuak zabaldu ditu Avanza Nafarroa programak, eta, oro har, azken hamarkadan aurrepausoak eman direla onartu arren, nabarmendu du oraindik ere “bide luzea” badela egiteko. “Bazterketa bikoitza jasotzen dute ezintasunen bat duten gazteek; bada garaia enpresek urratsak egiteko”.
Horixe erran du Avanza Nafarroako arduradun Ikerne Arizkurenek. Zehaztu du ezintasuna duten gazteek “zailtasun handiak” dituztela beren lehendabiziko lanpostua lortzeko, eta, horrek, noski, beren lan esparruko bide osoa baldintzatzen duela.
Nafarroako Cocemfe elbarritasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen elkarteen federazioak garatutako programa da Avanza. Helburu hartu du ezintasuna duten gazteak lan esparruan barneratzeko laguntza ematea. Egun, 300 gazte ingururekin ari dira programako arduradunak lanean. Lan poltsa osatu dute, programaren helburuekin bat egin duten enpresekin batera. 250 inguru aritzen dira Avanzarekin elkarlanean, hain zuzen ere.
Formakuntza eta enpresak
Ezintasunen bat duten egungo gazteen zailtasunak bazter utzi ahal izateko, landu beharreko bi atal nagusi badirela nabarmendu du Arizkurenek: “Batetik, formakuntza; eta, bertzetik, enpresen politika”.
Formakuntzari buruz, Avanza Nafarroako arduradunak aipatu du ezintasunen bat duten gazteen %2k bakarrik egiten dituztela ikasketak unibertsitatean. “Arlo horretan lan handia dago egiteko; formakuntza bultzatu eta sustatu behar dugu, eta ezintasunen bat duten gazteok lagundu bide horretan”. Laguntza hori “hasieratik” emateko beharra badela erantsi du: “Oinarritik hasi behar dugu lanean. Ez du balio deustarako gelan sartzeko arrapala jartzeak, gero azterketa egiteko denbora ez bada nahikoa, edo proba horren irisgarritasuna bermatzen ez bada”.
Enpresek egin beharreko lanari buruz, Ikerne Arizkurenek eskaera zehatza egin die: “Eman diezaiotela lehentasuna gazteen gaitasun profesionalari, izan ditzaten ezintasunen gainetik”. Avanzarekin bat egin duten enpresak “kontent” direla erantsi du programako arduradunak. Odismet behatokiak emandako datuek agerian utzi dute 2009tik egoerak hobera egin duela, baina ez nahi bezain azkar, ezta nahi bezainbertze ere. Horregatik berretsi du Arizkurenek lanean jarraitzeko beharra. Gazte guztiek lan egiteko aukera izan dezaten.