Oroitzapenak jotzeko notak

Oroitzapenak jotzeko notak

Edurne Elizondo

Hatz batek piano bateko tekla jotzen duen bezala: halaxe jotzen ahal du musika nota jakin batek pertsona baten burmuinean gordetako oroitzapen jakin bat.

Garuneko kortex prefrontalaren erdialdea da musika gordetzen den tokia, eta hor daude emozioak eta oroitzapenak ere. Denak lotzea du xede musika terapiak, alzheimerra eta antzeko dementziak dituzten gaixoekin. Afan alzheimerra dutenen senitartekoen elkarteak tailerrak antolatu ditu, herriz herri, hori egiteko. Isabel Laranjeira eta Jose Landa adituak dira arduradunak; urrian jarri ziren martxan, eta abenduaren 17ra bitarte ariko dira lanean.

“Hitz egiteko gai ez dena, bat-batean, abesten hasten ahal da”. Musika terapiak lor dezakeena kontatzen duenean, zirrara sumatzen zaio ahotsean Laranjeirari. Iruñeko Erruki Etxeko zaharrak artatzen ditu, duela 11 urtetik. Danbor baten hotsak pizten dituen memoriek hunkitzen dute; musikak gizakien burmuinean eragiteko duen gaitasunak liluratzen du. “Alzheimerrak jo dituenen bizi kalitatea hobetzea da helburu nagusia; gaitza ezin dugu sendatu, baina mantsotzen ahal ditugu haren ondorioak”, nabarmendu du Laranjeirak. Musikak lortzen ahal du bertze zerbait ere: “Komunikaziorako esparru bat ematen die gaixoei; hitza ez dagoen tokian, musika egon daiteke”, erantsi du.

Nafarroan, 5.500 pertsonak dute dementziarekin lotutako diagnostiko bat; dementzia horren eragile nagusia alzheimerra da: kasuen %70ean dago, hain zuzen ere. Gaitzak emakumeak jotzen ditu batez ere, andreak gehiago bizi direlako. Herrialdean, dementzia duten 5.500 pertsona horietatik %70 emakumeak dira.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jarri ditu datu horiek guztiak mahai gainean. Argi utzi du, gainera, alzheimerra dutenen kopuruak gora eginen duela; batetik, populazioa zahartzen ari delako, eta, bertzetik, diagnostikoa egiteko gaitasunak hobera egin duelako. Hala eta guztiz ere, alzheimerrak jota dauden pertsona anitzek ez dakite gaitz hori dutenik, oraindik ere. Hainbat ikerketaren arabera, gaixo direnen %50ek ez dute diagnostikoa jaso.

Taldeka eta banaka

“Munduan kokatzeko aukera ematen die musikak alzheimerra dutenei”. Horixe erran du Isabel Laranjeirak, eta azaldu du munduan kokatze horrek zer ekartzen duen: “Alzheimerra dutenak, neurri handi batean, beren gaixotasuna bilakatzen dira; hau da, gaitzak dena hartzen du. Musika terapiaren bidez, lortzen ahal dugu gaitza alde batera uztea denbora batez. Alzheimerra duenak errealitate propio bat bizi du, baina errealitate hori existitzen da”.

Gaixo denaren emozioak balioestea hagitz garrantzitsua dela erran du Laranjeirak, bide horretan. Emozio horiek adierazteko bidea ematen du musika terapiak, hain zuzen ere. Taldeka eta banaka artatzen ditu Laranjeirak gaixoak. Modu batera edo bertzera, metodologia antzekoa da, baina ez berdina. Banakako lana, batez ere, gaitza hagitz garatua dutenekin egiten du. Taldekako saioetan, gaixoen artean sortzen den harremana ere terapiaren zati bilakatzen da, azaldu duenez. “Elkarri egiten diote so, elkar entzuten dute; nota batek aspaldiko kanta bat ekartzen ahal du gogora, bai eta kanta batekin lotutako une edo oroitzapen jakin bat ere”, gaineratu du musika terapeutak.

Tresna bat da, finean, gaixotasuna duenarentzat, bai eta zaintzaileentzat ere. “Komunikazioa errazten du, eta gaitasunei eusten laguntzen du. Hobeki sentitzea da kontua”. Zaintzaren esparrua ongi ezagutzen du Laranjeirak, bere ama jo baitu alzheimerrak. Gaitza dutenekin lan egiteko arrazoietako bat da hori, hain justu. Musika terapiaren berri izan zuen, eta sakontzen eta trebatzen hasi zen. Ia hamarkada bat egin du lanean jada. Zaintzaileak eta medikuak ditu bidean laguntzaile. “Musikaren onurak agerikoak baitira denontzat”.