Iritzia: ‘Soilik’ agur

Amets Aranguren Arrieta

Lau gai izan ditut buruan egunotan gaurko zutaberako. Bat, aspaldi baztertua. Beste hirurak gutxinaka utzi ditut alde batera: ez nuen mami nahikorik batendako eta ausardia falta izan zait beste bien kasuan. Bueno, ba aspaldi bazterturikoa aritu da goiz osoan kax-kax, ate joka. Ireki behar izan diot atea… Bai, nik ere honen inguruan. Jolin, sentitzen dut, benetan, nik ere ez nuen nahi, baina ezin izan diot eutsi.
(Bide batez eta lehenik eta behin, gonbita egiten diot gaiarekin erabat saturatua dagoen jendeari azken paragrafora salto egin, orrialdea pasa edo pantailaren goiko aldean dagoen ixa gorria sakatzeko, ez nuke saturazio hori gehiago elikatu nahi).

Urtebetez egon dira hautsa hartzen Berri Txarrak-en azken kontzertuko sarrerak. Bueno,
azken-aurreko kontzertukoak 2. mailako jarraitzaileon kasuan. Erabilera handirik ez duen gelako apalean, harri bat gainean, badaezpada. Data heldu eta, espero bezala, arrakasta itzelaz eman dio amaiera hirukoteak, tarte luze batez, bederen, bere ibilbide musikalari. Kontzertuetako bakoitzean 11.000 jende hiruri so. «Tafalla osoa», heldu zitzaidan burura momentu batez. 

Euskal Herritik kanpora eraman du talde nafarrak bere musika. Estatu mailan erreferente izateaz harago, mundu osoan barreiatu dute euren musika eta, horrekin batera, euskara. Hizkuntzaren normalizazioranzko lana egin dute, modu batean edo bestean, nahiz eta ez izan hori beren helburu nagusia. Ez dezagun pentsa dena egina dagoenik…

Valladolideko bi lagunekin izan nintzen ostiralean Navarra Arenan. Elkarrekin joateko erosi nion haietako bati sarrera iaz eta, azken momentuko kasualitate bat zela-eta lortu nion besteari sarrera. Pistan hirurak. Kontzertuak ekuatorea pasata zuela galdetu zidan haietako batek: «Eta gazteleraz ez dute bat ere?». Saiatu nintzen galdera hori egitera heltzeko bere garunak egin zuen ibilbidea egiten, baina ez nuen lortu. Eta erantzun luze eta argudiatua ematea pentsatu nuen, konparazioren bat eginez. «Ez», erantzun nion, ez zegoen denborarik. Gauza batzuk oraindik ez ditut ulertzen. Pasadizo anekdotikoa alde batera utzita, bikote gaztelarrak ere disfrutatu zuen kontzertua, baita kanturen baten zatitxoren bat kantatu ere; gerorako geratu zen eztabaida.

Luzatu gabe, nik ere probestu nahiko nuke aukera taldeari eskerrak emateko, niretako taldea miresgarri egiten duenagatik: mezu sakon, indartsu eta pisuzkoak hain argi, zuzen eta, batez ere, dotore kantatzeagatik (eta, noski, ostiraleko kontzertuan izan ginenoi azaroko larunbat gau batez, Alde Zaharreko tabernatan, ordu batzuez, pote batzuk lasai hartzen uzteagatik).
Luze eginen zaio askori talde historikoaren etena, batez ere, itzulera datarik ez dugun honetan… Baina ez gaitezen jarri hain nostalgiko eta dramatiko, eta joan gaitezen bien bitartean Baluartera abenduaren 29an Benito ikustera, honek segur aski ez baitu deus iragarriko azken kontzertua eman aitzin.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude