Zidakosen irakaspena

Zidakosen irakaspena

Edurne Elizondo

Ibaiak, goiz edo berandu, berea dena eskatzen du; hau da, guk kentzen dioguna”. Horixe nabarmendu dute Hasta aquí llegó la penúltima riada. Las enseñanzas del Zidacos (Honaino iritsi zen azken-aurreko uholdea. Zidakosen irakaspena) liburua idatzi duten egileek. Altaffayllak eman du argitara. “Auzolanean” prestatutako obra da, halere: hamazazpi adituren hitzak jaso ditu, iazko uztailaren 8ko uholdeek Tafallan eta inguruko bertze hainbat herritan eragindako hondamendiari buruz herritarrek egindako argazkiekin batera.

Hitzen eta irudien bidez, egileek gogoetara deitu nahi dute, hain zuzen ere. Haien hitzak ere Tafallan gertatutakoaren inguruan gogoeta egin eta gerokoak dira. Joan den uztailaren 8ko uholdeek ezustean harrapatu zituzten herri horretako bizilagunak. Sei orduan, uraren maila 0,10 metrotik 5,75 metrora igo zen Zidakos ibaian. Ur emari handiena gauerdian izan zuen. Ordurako, alarma guztiak piztuta zeuden, eta agintariek etxean gelditzeko eskatu zioten jendeari. Ur emariaren bat-bateko igoera handi horrek anitz erraten du Tafallan eta inguruko herrietan gertatu zenari buruz, Camino Jaso adituaren ustez. “Biescasen gertatutako uholdearen gisakoa izan da”, erran zuen hondamendia gertatu eta astebetera.

Ibaien leheneratzean aditua da Jaso, bai eta Altaffayllak argitaratutako liburuan parte hartu duten egileetako bat. Jasoren testuarekin batera, Marina Aoiz, Belen Ausejo eta Luis Miguel Escudero kazetarienak ere irakur daitezke uholdeen inguruko liburuan, bai eta Antonio Aretxabala geologoarena, Jesus Cabrejas ingeniariarena, Julia Ibarra biologoarena, Uñaki Urkia arkitektoarena eta Javier Zabalza historialariarena ere. Egileen zerrenda osatzen dute Julen Rekondo ingurumen teknikariak, Juan Jesus Corcin Erriberriko zinegotzi ohiak, Beireko, Pitillasko eta Leozko alkate Ainara Gonzalezek, Pedro Jose Labarik eta Amaia Ruizek, Txalapartako editore ohi Jose Mari Esparzak, Tafallako zinegotzi ohi Juan Jose Irigaraik, eta Beñat Sorli Cañadak.

“Zeru Cañadaren anaia da Beñat Sorli. Ezporogi ondoan zendu zen 25 urteko gaztea, urak autoan harrapatuta, uztailaren 8ko uholdearen ondorioz. Gaztearen familiak haren omenezko testu bat idatzi du, “uholdeek eragindako kalterik latzena” sufritu eta gero.

Hirigintza planak

Altaffayllako liburuaren egileek denboran atzera egin dute, Zidakos ibaiak gainezka egin zueneko bertze aldi batzuen berri emateko. 1935. urteko edo 1943. urteko uholdeak jaso dituzte, bertzeak bertze. Egileek nabarmendu dute, halere, Tafalla jatorrian ez zutela ibaiaren ondoan eraiki, ezta Erriberri ere. Hiriok, baina, hedatuz joan dira denborak aurrera egin ahala, ibaiak berezkoak dituen espazioak hartu arte. Tafallan 1990eko hamarkadan eraikuntzaren esparruan gertatu zen gorakada aipatu dute, bereziki, orduan eraikitako etxebizitza anitzek mugatu egin dutelako ibaiaren berezko bidea.

Auzi hori aztertu du liburuan Tafallako zinegotzi ohi Juan Jose Irigaraik. Kontatu du 1980ko hamarkadaren bukaeran prestatutako hirigintza proiektuaren asmoa zela Tafallako Alde Zaharra zaharberritzea. Asmo hori, baina, “kamustuz” joan ziren udaletxean; 1994. urtean onartutako hirigintza planak hutsean utzi zuen, eta “guztiz bertzelakoa zen filosofia bat” jarri zuen martxan. Hiriak, finean, ibaiaren tokia hartu zuen. “Zidakosek erruz ordainarazi digu orain”, nabarmendu du Irigaraik, bere testuan.

Etxebizitzak ez dira Zidakos ibaiak bere bidean aurkitu dituen azpiegitura bakarrak. Uztaileko uholdeak gertatu eta gero, autobideak Zidakosen ezker magaleko sakan guztiak buxatu zituela ohartarazi zuen Camino Jaso adituak: “Ezker magal horretan egin zuen euri gehien, gainera; gure esku ditugun datuen arabera, ematen du zerbaitek atxiki zuela ura, ez bakarrik Zidakosen ibilguan, akaso bertze erreka batzuen ibilguetan ere bai”.

Liburuan Jesus Cabrejas bide ingeniariak jorratu du gai hori. “Egia da uztailaren 8ko ekaitza fenomeno erabat ezohikoa izan zela; halere, autobidean neurriak hartu beharko lituzkete, halakorik berriz gerta ez dadin”, erran du, argi eta garbi.

Inork ez du zalantzarik uztailaren 8an gertatu zena “erabat ezohikoa” izan zela. Ebroko Ur Konfederazioak berak bostehun urtean behingotzat jo du egun horretan Zidakosek Tafallan izan zuen emaria. Egungo klima aldaketaren testuinguruan, baina, joera da ezohiko fenomenoak maizago gertatzea, eta hori ere kontuan hartu behar dela azaldu nahi izan dute liburuaren egileek.

Beren asmoa izan da gertatutakoa aztertzea, batez ere, berriz ere gerta ez dadin. Liburua 15 euroan jarri dute salgai, eta irabaziak uholdeek kalte egindako herritarrentzat izanen dira. Tafallan bakarrik, 22 milioi euroren galerak izan zirela zehaztu zuten herriko udaleko arduradunek, uholdeak gertatu eta hilabetera. Laurehun auto baino gehiago hondatu zituen urak.