Iritzia: %10

Lohizune Amatria

Txikiak ginenean hasi ginen gertatzen ari dena ulertzen. Nahiz eta inork literalki azaldu ez. Harmailak beteta gogoratzen ditut; baina, zelaigunean, baloirik ez. Hitzekin aritu ziren jolasean. Oholtza handi bat eta kanta oroitzen ditut: “Bai euskarari, bai eutsi / eutsi goian euskarari / Bai euskarari eutsiz goiari / goian eutsi euskarari”. Horrela ezagutu nuen gorritxoen gotorlekua. Ez da batere modu txarra, egia esan.

Kaleko mobilizazio zenbait ere gogoratzen ditut. Baina hainbestetan eta hainbeste gai salatu ditugu, ez naizela gai bata bestetik ezberdintzeko. Nire kamisetan azaltzen ziren manifestariekin, berriz, ez naiz ahaztu. Urdinak ziren elastiko gehienak, baina nirea zuria zen. Egunkaria babesten azaltzen ziren hamarnaka lagun, irribarre bat zutela aurpegian. Hala egoten saiatzen nintzen ni ere kalera atera behar izaten genuenean (ateratzen gintuztenean), baina beti uniformedunetatik urrun. Badaezpada.

Gerora iritsi ziren gainontzeko mobiliziazio, protesta, ospakizun eta horien aurretik beti izaten diren kolpe, mehatxu, irain eta eraso guztiak. Horiei esker ikasi dugu nafar eskuin espainolista elebakarrak digun gorrotoa zenbaterainokoa den, noraino iristeko gai diren.

Egoera berezian da aurten sektore politiko hori. Inori konturik eskatu gabe aritu da urte luzez UPN aginte makilari eragiten; orain, ordea, bere iritzi guztiekin bat ez datozen koalizioko kide zenbait ditu alboan. Ez al zenuke begiratuko, aukera bazenu, zulotxo batetik haien barne bileraren bat? Ederra litzatake jakitea zeinek duen benetan erabakiak hartzeko boterea, Madrilen edo Nafarroan dagoen koroa, soka nork tenkatu duen gehien.

Ezin ahaztu, gainera, alderdiak ez duela erabateko aginterik lortu. Hainbat udaletan, bai, nahi bezala ari da agintzen; baina Nafarroako Gobernua ez izateak min egiten diela nabari da. Dena den, aurkitu dute, posible duten tokietan, min egiteko bidea. Begia begi truk, edo.

Euskara jarri dute berriro ikusmiran, eta tiro egin dute. Eztabaida luzea izan da azken urteetan lehiaketa eta eskaintza publikoetan hizkuntza irizpidea txertatzearekin. Euskara ez dakitenentzat kaltegarri dela eta ez dela, diskriminatzailea dela… Norentzat, baina?

Hizkuntza irizpideak ez gehitzeak euskararen normalizaziorako dakarren kaltearen adibide garbia jarri digu Iruñeko Udalak, beste behin. Euskara zokoratzeko beste modu gaizto bat aurkitu dute. Entzulego potentzial osoa beharko lukete izan euskaraz aritzen diren hedabideek udalaren publizitatea esleitzeko lizitazioan parte hartu ahal izateko. Argi dago, hizkuntza gutxiagotuez ari garenean, baldintza berdintasunak ez dakar eskubideetan parekotasunik.

Hau izan dugu aste honetan Euskalerria Irratiko kazetariok kalera ateratzeko arrazoia. Oztopoen gainetik, gure lana balioan jartzen eta gure eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugu, euskaratik eta euskararentzat. Eta bidean ez gaude bakarrik; gero eta gehiago gara. Batek daki, agian, zu ere bazkide zara. Hala bada, eutsi goiari!

Irudia: Iñigo Uriz / Foku