Maeztutar feminista

Maeztutar feminista

Edurne Elizondo

Gustavo eta Ramiro Maezturen arreba baino anitzez ere gehiago izan zen, baina neben itzalpean egon da Maria Maeztu, halere, neurri handi batean. Lizarran, 1991. urtean sortu zuten Gustavo Maeztu museoa, margolariaren lanekin. 1997tik, berriz, Maria Maeztu literatur lehiaketa antolatzen du Lizarrako Emakumeen Batzarrak, udaleko Berdintasun sailaren laguntzarekin. “Merezi duen tokian jarri nahi dugu”, erran du batzarreko kide Maria Jose Agirre Pascualek.

Maria Maeztuk kulturaren, hezkuntzaren eta feminismoaren arloan egindako ekarpena nabarmentzea du helburu lehiaketak, batetik; eta emakumeak idaztera animatzea, bertzetik. 16 urte baino gehiagoko emakumeek parte hartzen ahal dute, gaztelaniaz eta euskaraz. Uztailaren 20ra bitarte dago zabalik lanak aurkezteko epea, eta sariak urriaren 23an banatuko dituzte, Lizarrako kultur etxean. 1.200 euroren saria jasoko dute bi hizkuntzetako irabazleek.

“Luxu bat da Lizarran horrelako lehiaketa bat antolatu ahal izatea; Lizarrako Emakumeen Batzarrak egindako lana ezinbertzekoa da, eta, ezinbertzekoa da, halaber, udalaren babesa”, erran du Lizarrako berdintasun teknikari Tere Saezek. Aurten, hirugarrenez, hitzarmena sinatu dute emakumeen batzarrak eta udalak, lehiaketa antolatzeko. Gainera, literatur astea ospatzeko asmoa badute bi erakundeok elkarlanean, baina datarik ez dute zehaztu, oraindik ere.

“Feminista naiz; lotsatuko ninduke feminista ez izateak”. Horixe erran zuen Maria Maeztuk, 1917. urtean idatzitako artikulu batean. 1881. urtean jaio zen, Gasteizen, eta pedagogo eta humanista handia izan zen. 1915etik 1936ra, Andereñoen Egoitza izenekoa bultzatu eta zuzendu zuen, emakumeen unibertsitateko formakuntza sustatzeko. 1936ko gerrak erbestera eraman zuen, Argentinara, eta han hil zen 1948. urteko urtarrilean. Lizarran dago Maria Maezturen gorpua lurperatuta, halere. Familiak harreman handia izan zuen herriarekin, eta, oraindik ere, han bizi dira hainbat senide.

Euskaraz, oraindik “gutxi”

2015. urtean, hilerrian egin zion omenaldi bero bat Gasteizko Maria Maeztu Forum Feministak pedagogoari. Elkarte horrekin ere badu harremana Lizarrako Emakumeen Batzarrak. 1990eko hamarkadan sortu zuten elkartea, eta ia hasieratik egin du apustu Maria Maezturen figuraren berri emateko lehiaketaren alde.

Batzarreko kide da hasieratik Maria Jose Agirre Pascual, eta ekinaldiak urteotan guztietan izan duen arrakasta nabarmendu du. Izan ere, mundu osoko emakumeek idatzitako lanak jasotzen dituzte Lizarran, urte oro. “Latinoamerikatik anitz bidaltzen dizkigute; eta jaso izan ditugu Australiatik eta Frantziatik ere”, azaldu du.

Ehundik gora lan izaten dira, urte oro, lehian. Agirre Pascualek onartu du, halere, euskarazkoak “gutxi” izaten direla, oraindik ere, eta emakume euskaldunak deitu nahi izan ditu, bereziki, aurtengo lehiaketan parte hartzera. Euskaraz zein gaztelaniaz, idazlanek nahi duten gaia jorratzen ahal dute; argitaratu gabeak behar dute izan, eta, gehienez ere, hamar orrialde luze.

Maria Maeztuk emakumeekin eta emakumeentzat lan egin zuela gogoratu du Lizarrako Emakumeen Batzarreko kideak, eta haiek ere helburu hori dutela erantsi du. “Horregatik da gure literatur lehiaketa emakumeentzat; uste dugu espazio seguru eta eroso bat izan daitekeela bertzela parte hartzeko urratsa eginen ez luketen emakumeentzat”, nabarmendu du.

Batzarra osatzen duen talde nagusian dozena bat emakume direla aipatu du Agirre Pascualek, baina anitzez ere gehiago direla inguruan dituztenak. Maria Maeztu lehiaketaz gain, bertze hamaika ekinaldi antolatzen dituzte batzarreko emakumeek Lizarran. Herriko mugimendu feministari egin dioten ekarpena nabarmendu du, gainera. “Hasieran, nolabaiteko erreferente bilakatu ginen”, erran du Maria Jose Agirre Pascualek.

Argi du haiek erein duten haziak lagundu duela Lizarrako feminismoaren esparruan sortu diren bertze hainbat proiektu loratzen. “Tximeleta taldea sortu zuten emakume gazteek, duela hainbat urte; duela gutxira arte, berriz, Patriahorkado taldea egon da martxan”. Bi elkarteok eten egin dute jada beren jarduera, baina feminismoaren esparruan murgilduta jarraitzen dute Lizarrako emakume gazteek, Agirre Pascualek nabarmendu duenez. “Badago kezka”, erran du. Bai eta lan egiteko gogoa ere.

Irudia: Gustavo Maeztu Museoa.