Begirada ez apartatzera deitu du NIFF Nafarroako Nazioarteko Zinema Jaialdiak. «Krisiari» zuzen begiratzea nahi dute batik bat, eta zinema da horretarako eskainiko duten bidea, ezinbestean. Zehatzago: film laburrak emanen dizkiete herritarrei eskura horretarako. Datorren astelehenean hasi eta hilaren 11ra bitarte eginen dute jaialdiaren zortzigarren aldia Iruñean, XXI. mendeko krisia lelopean preseski, eta, hain justu ere, iraupenari buruzko ezaugarri bat dute komunean aurten festibalean lehian aritzeko hautatu dituzten lan guztiek: 65 dira, eta film laburrak dira den-denak.
Atzera ere, Iruñeko Iturrama auzoko Civivox aretoa izanen du egoitza nagusia NIFF jaialdiak, eta han bertan eman dituzte argitara aurtengo programazioari buruzko xehetasun guztiak ere, hura abiatzeko atzera kontaketa betean. Filmen emanaldiak ez ezik, jaialdiaren gerizpean egitekoak diren bestelako jarduerak batzuk ere izan dituzte hizpide orduan, hala nola mahai inguruak, eta NIFFek munduko estreinaldi bat hartuko duela ere ekarri dute gogora, harro: Andres Salaberri Pueyo zuzendari iruindarraren El Orfeón dokumentalarena.
Izatez, Salaberriren film horrexek zabalduko du zinema jaialdiko programazioa, astelehenean, 17:30ean. Iruñeko Orfeoiaren 160. urteurrenaren harira ondutako lana da hori, eta Sail Ofizialean lehiatuko da Iruñean.
Euskarazko bi
38 film bildu dituzte Sail Ofizialean, zehazki. El Orfeón-ez gain, talde horretan lehiatuko dira, besteak beste, Nas ondas do Tempo (Adrian Porima), Ingrid (Raquel Colera), La creación (Maria Alejandra Vargas), El Fantasma de la Quinta (James A. Castillo), Montecarlo 67 (Ruben Guindo) eta Gitano (Cristian Serrano Gimenez) ere.
Sail Ofizialetik kanpo ere bada lehiarik NIFFen. Kasurako, Nazioarteko Sail Ofiziala deituriko atala ere programatu du jaialdiak aurten, eta 11 lan kabiarazi dituzte zerrenda horretan oraingoan, hala nola Carla Scolariren Todos los nombres empiezan con M eta Marnie Bloken Beyond Silence.
New Generation eta CortoJoven sailak ere programatu dituzte atzera, belaunaldi gazteen lanei «aparteko erakusleihoak» eskaintzeko, batetik, eta proposamen «freskoak» bistaratzeko, bestetik.
Eta haietako batean atzeman daitezke salbuespenezko bi adibide, hain justu. NIFF festibalak lehiarako hautatu dituen 65 filmetatik bi baizik ez baitira euskarazkoak, eta, New Generation sailean daude biak.
Laura Barquin eta Danel Garairen Azpian fikziozko lana da haietako bat. Laku batean bainatzen diren bi ahizparen istorioa du ardatz filmak, eta terrorezko zinemaren berezko elementu batzuk txertatuaz osatu dute lana zuzendariek. Bestetik, Elene Mengyu Larrinaga Bilbao zinemagilearen Hogeitabat filma ere emanen du jaialdiak sail berean —lehian ere ariko da—.
Aitortzak eta sariak
Larunbat iluntzean, hilaren 12an eta 20:00etan hasita eginen dute sari banaketa ekitaldia aurten, Civivoxen. Hogei sari emanen dituzte osotara, baina, iragarria denez, denak ez daude lehiaren menpe.
Kasurako, NIFFek Carlos Saura zinemagile espainiarra omenduko du, eta hil ondoko saria emanen diote, besteak beste. Bezperan, ostiralean, zuzendariaren alaba Anna Saurak aitari eskainitako film bat proiektatuko dute, gainera: Carlos Saura: Ese niño de la fotografía.
Gente Maja izeneko saria, aldiz, Itziar Garcia Zubiri ekoizleak jasoko du, eta Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos filma ere sarituko dute, Balio Sozialak izeneko garaikurrarekin.
