Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoa hil da, 96 urterekin

Iñigo Astiz-Berria

Sartagudako Memoriaren Parkean dagoen eskultura da seguruenik Joxe Ulibarrenaren lanik ezagunen eta ikusiena (Azkoien, Nafarroa, 1924- Iruñea, 2020), eta ez da kasualitatea. Hiru giza figura irudikatzen ditu altzairuzko pieza monumental horrek, elkarri besarkatuta, tiro zuloak diruditen hutsunez josita. 11 urte zituela hil zioten aita artistari 1936ko gerran altxatutakoek, eta bere ibilbidean oso lotuta joan dira beti memoria historikoa eta sorkuntza. Nafarroako erresumaren historia eta etnografia izan dira bere beste motor nagusietako bi, eta horrek eraman zuen Artetan (Nafarroa) 10.000 pieza baino gehiago biltzen dituen etnografia museoa irekitzera. 96 urterekin hil da.

Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan abiatu zituen arte ikasketak, zurgindegi batean lan egiten zuen bitartean. Han ikasi zuen zura lantzen. Gero, Burgosen (Espainia) aritu zen Valeriano Martinez eta Eulogio Valladolidekin batera lanean, erlijiozko irudigintza eginez. Atzerrian ikasteko Nafarroako Diputazioak emandako lehenbiziko beka berak lortu zuen, eta Parisera abiatu zen Arte Ederrak ikastera, eta garai hartan bi erakusketa ireki zituen. Frankismoko giroak itota, ordea, Euskal Herritik Venezuelara joan zen gero zazpi urtez, eta Caracasko euskal etxeko kultur sustatzaile lanetan aritu zen han. Euskara ere han ikasi zuen.

“Artearen aurkako atentatua”

Coromoto Ama Birjinaren irudia egiteko eskaria jaso zuen Venezuelan zela, eta haren nortasunaren erakusgarri izan daiteke harekin gertatutakoa. Egin ere, ia sei metroko figura egin zuen eskultoreak, eta lurralde hartako jatorrizko biztanleen begi eta itxurarekin irudikatu zion aurpegia. Eta hor heldu zen zalaparta. «Artearen aurkako atentatua» zela ere esan zuten figura hari buruz, baina eskultoreak beti defendatu zuen bere lana, argudiatuz, birjina zuri eta begi urdin irudikatzea konbentzio bat zen neurrian, bazegoela hura bestela irudikatzerik ere, lekuan lekuko ezaugarrien arabera.

Osasunak iraun zion bitartean jardun zen lanean, eta, bere kontaketaren arabera, 90 urte bete zituen sasoian, 800 eskulturatik gora zeramatzan eginak. Neurri handiko lanak dira haietako asko. Gehienetan giza figurak irudikatzen dituztenak. Hori da, adibidez, Noaingo batailari eskainitako eskulturaren kasua. Gudari moduko figura bat irudikatzen du lanak, inguruan duen paisaia zaintzen. Baina pieza monumental horiez aparte, hamaika irudi ere sortu zituen Nafarroako ermitetarako.

Oteiza, gertu eta distantzian

Ulibarrenak gertutik ezagutu zituen Jorge Oteiza, Eduardo Txillida eta Nestor Basterretxea artistak, adibidez, baina, hedabideei eskaintzen zizkien elkarrizketetan, maite zuen haiekiko distantzia erakustea ere. Aho bilorik gabe aritu zitzaion Reyes Ilintxeta kazetariari Argia aldizkarian, esaterako. «Nik asko ezagutu nuen Oteiza. Berriobeitiko etxean egon zen askotan. ‘Zer interes itxia duzun eskulturarako’ esaten zidan. Eta nik erantzuten nion: ‘Begira, Jorge. Nik estimu handian zaitut, baina zuk badakizu zer den eskultura? Jakinen bazenu, egiten duzuna ez zenuke eginen. Klarionekin egiten duzuna, adibidez. Hori ez da eskultura, hori burutazio bat baino ez da. Hori bururatzen zaio beste ezer bururatzen ez zaion norbaiti. Malabarismoa, zirkuan bezala».

Bere haurtzaroko oroitzapenak ere kontatu zizkion kazetariari. «Nik 11 urte nituen nire aita gure etxean hil zutenean eta Iruñeko Gaztelu Gibelean hiru gazte –bi mutil eta neska bat– nola fusilatu zituzten ikusi nuenean. Besarkaturik erori ziren lurrera».

“Tontoak ez zirela frogatzeko”

Herri xehearen jakintza aldarrikatzen zuen, bestalde, eta horrek eraman zuen museo etnografikoa sortzera. Saiatu zen Nafarroako Gobernuaren babespean aritzen, baina hura lortzea zail ikusi zuenean, bere kasa sortu zuen museoa, eta aurrekonturik gabe eutsi diote egitasmoari 2009an Nafarroako Museoen Sarea erabat birmoldatu zutenetik hona. Lehenik, Berriobeitin (Nafarroa) izan zuen egoitza museoak, baina, 1986az geroztik, Artetan (Nafarroa) ezarri, eta han dago geroztik. Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoa ditu izen-abizen zehatzak proiektuak, eta horrek ere erakusten du eskultoreak historiari buruz zuen kezka. Azken urteetan, Elur Ulibarrena alabak hartu izan du haren ardura, eta hark azaldu zion Nafarroako Hitza aldizkariari sorburua. «Nire aitak beti esaten du piezak biltzen hasi zela gure arbasoak tontoak ez zirela frogatzeko».

Angel Sanchez Garrok dokumentala sortu zuen haren lana eta izaera erakusteko, 2011n. Nafarroa Oinez festaren inguruan antolatu ohi den Artea Oinez ekinbideak omenaldia egin zion urte berean, Manuel Irujo saria ere jaso zuen 2012an, eta omenaldia egin zioten iaz museoan.

Irudia: Angel Sanchez Garro.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude