“Euskaldunek elkarren berri izan dezatela da gure lana”

“Euskaldunek elkarren berri izan dezatela da gure lana”

Edurne Elizondo

Alarma egoerak bertan behera utzi zituen martxoan Karrikirik prest zituen ekinaldi guztiak. Iruñeko elkartean lanean jarraitzen dute, halere, ohiko zerbitzuak eskaintzen, sare sozialak indartzen eta lan egiteko molde berria pentsatzen. Horretan ari da Izaskun Barber dinamizatzailea (Iruñea, 1989).

Osasun krisiak eragindako alarma egoeraren hasierarekin batera ekin zenion lanari Karrikirin; zer moduz?

Martxoaren 16an hasi nintzen lanean, hain justu, konfinamenduaren lehendabiziko astelehenean, eta itxialdiak eragindako egoera horrekin guztiarekin egin nuen topo. Lehen astean bulegora joan nintzen, martxa hartzeko; behar nituen gauzak bildu, eta bigarren astetik aurrera telelana egiten hasi nintzen.

Denda zabalik duzue jada?

Tira, goizez lanean ari gara, eta, norbait etortzen bada, artatzen dugu. Baina jendeak telefonoz edo posta elektronikoz egin dezake bat gurekin dendako kontuengatik.

Karrikiriko dinamizatzailea zara, zehazki, martxotik; zein da zure lana?

Karrikirin ditugun zerbitzu guztiak kudeatzea da nire ardura, eta, aldi berean, jarduera berriak sortzea edo proposatzea. Komunikazioaren arloko lana ere nik egiten dut, eta sare sozialak kudeatzeaz arduratzen naiz.

Ezagutzen zenuen lehendik elkartea?

Bai. Ni aritu izan naiz ikus-entzunezko teknikari gisa lanean beti; kamerari izan nintzen, hasieran, eta produkzioaren arloan aritu nintzen gero, hainbat hedabidetan. Karrikiri ezagutzen nuen, baina bertze edozein erabiltzailek bezala. Euskalerria Irratian ikusi nuen dinamizatzaile bila zirela, aurkeztu, eta hemen nago.

Orain barrutik ezagutzen duzu proiektua. Zein da edo izan beharko luke Karririkiren gisako elkarte baten funtzio nagusia?

Uste dut orain arte lan ona egin duela elkarteak, eta, oraingo testuinguruan, egungo beharretara egokitu beharko dugula. Horrek ekartzen du aukera berriak sortzea, aldi berean, eta aukera berri horiek sortzeko egin behar dugu lan. Jendea guregana dator euskaraz ditugun zerbitzuak jasotzera; eskaintzen ez dugun zerbait eskatzen digutenean ere ahalegina egin behar dugu sortzeko eta egokitzeko. Orain, hori egiten ari gara, egungo egoerak hori eskatzen digulako. Egokitzeko behar dugun gaitasuna badugu.

Egokitzeak erran nahi du, bertzeak bertze, sareen bidezko lana edo esparru digitala gehiago garatzea?

Hori da adibide bat. Esparru digitalean sakondu behar dugula argi dugu. Sare sozialena oso elementu indartsua da orain guretzat. Online denda ireki dugu, adibidez, eta, egia esan, harrituta gaude izan duen harrerarekin, eskari asko jaso baitugu jada. Oso pozik gaude. Aldi berean, badakigu badugula lan asko egiteko. Eskaini nahiko genuke gero eta gehiago, eta horretarako ari gara lanean.

Itxialdiak eragin dio dendako jarduerari; elkartekoari ere bai?

Bai. Prestatuak genituen ekinaldi guztiak bertan behera utzi behar izan genituen, alarma egoera ezarri zutenean. Ez gara geldirik egon, eta gauza berriak martxan jartzeko gogoz gaude, baina behar dugu jakin zer-nolakoa izanen den hemendik aurrerako egoera. Ziurgabetasuna handia da, eta zaila da, ondorioz, hemendik aurrerako bidea zehaztea. Ideia asko ditugu, eta poliki-poliki emanen dugu haien berri sare sozialen bidez.

Orain arteko zerbitzuei, halere, eutsi diezue, ezta?

Bai. Martxan jarraitzen dute gure pisukide edo lan poltsa zerbitzuek, bai eta itzulpengintza zerbitzuak ere. Oso harrera ona dute zerbitzuok, eta jarraituko dugu.

Kontzertuak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta bertze ere egiten ohi dituzue; horiek moldatu beharko dituzuela uste duzu?

Bai. Hori da kontua. Oraingoz ideiak proposatzen eta garatzen ari gara. Agian, oso formatu txikiko kontzertuak egitea izan daiteke bide bat. Goiz da zehazteko, oraindik ere.

Erran izan duzu zure erronketako bat dela jende gazte gehiago erakartzea Karrikirira. Zaila da?

Pisukide zerbitzuan, adibidez, gazteak dira erabiltzaile nagusiak, eta antzerki tailerretara edo karrikadantzara ere asko etortzen dira. Duela bi urte sortutako Iruinkokoan ere gazteak dira gehienak, eta hori oso polita eta positiboa da. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, beste hainbat esparrutan; dendako erabiltzaile gehienak adin batekoak dira, adibidez, agian gazteek online erosteko ohitura gehiago dutelako. Bazkideen artean ere helduak dira nagusi.

Bazkide gazteak lortzeko lana da aurrera begirako erronketako bat?

Bai, hori da landu beharreko auzietako bat. Gure zerbitzuak sendotzen jarraitu behar dugu, halaber, eta merkataritzaren esparruan, gurekin lan egiten duten dendari txiki eta euskaldunen bozgorailu izaten segitu nahi dugu. Sare sozialak ere indartu nahi ditugu, jende gehiagok ezagut gaitzan.

Oraindik bada elkar ezagutzeko eta saretzeko beharra?

Bada gure zerbitzu jakin bat ezagutzen duen jendea, baina proiektu osoaren berri ez duena. Euskaldun berriei ere eman behar diegu egiten dugunaren berri.

Euskaldun berrientzat topagune bat da Karrikiri?

Euskaldunek elkarren berri izan dezatela da gure lana; horretarako egiten ditugu kontzertuak, aurkezpenak eta beste. Jendea euskal giro horretara biltzeko.