Artea, karrika hartzeko gogoz

Artea, karrika hartzeko gogoz

Edurne Elizondo

Munduari egin nahi diote so Tuterako paretek. Aurten, inoiz baino gehiago. Zazpigarrenez antolatu du hiriko udalak Avant Garde muralismo jaialdia, baina, aurreko aldietan ez bezala, nazioartean oihartzun zabalagoa lortzeko asmoz eta gogoz dira aurtengo erakustaldiko arduradunak. Ekainaren 8tik 14ra eginen dute, eta Vanessa Alice Miss Van, Mina Hamada eta Jeff McCreight Ro8icon artistek parte hartuko dute.

2010ean lehen aldiz egin zutenetik, nazioarteko eta sona handiko artistak aritu dira Tuterako espazio publikoa itxuraldatzen, eta horrek erreferente bilakatu du jaialdia, hasieratik. Hamar urtez egindako lan hori mundura begira jarri nahi izan dute orain antolatzaileek, aurtengo jaialdi berrituaren eskutik.

Berriak, baina, orain arte egindakoa du oinarri; egindako bideak emandako irakaspena; eta, batez ere, Jorge Rodriguez-Gerada artistaren esperientzia. Jaialdiko komisarioa da lehen urtetik, baina ez hori bakarrik: “Jorge da Avant Garde”, nabarmendu du Tuterako Udaleko kultura zinegotzi Merche Añonek, esker onez.

New Yorketik kontatu du Rodriguez-Geradak aurtengo Avant Garde hasteko “irrikan” dela. AEBetako hiri horretan aritu da lanean azken asteotan. Mural handi bat egin du Queensen, Corona Parkeko aparkalekuko lurrean, COVID-19ak jo dituenen omenez eta, bereziki, Ydelfonso Decoo pediatra gogoratzeko.

Birusaren eraginez hiri horretan hildako lehen osasun langileetako bat izan da Decoo. Artistak bere aurpegia margotu du, pandemiaren biktima ikusezin guztiak erdigunean jartzeko: “Jende anitz hil da AEBetan birusaren ondorioz, eta gehienak dira Latinoamerikakoak eta afro-amerikarrak. Autobus eta tren gidariak, garbitzaileak, erizainak… Arriskuko lanetan ari direnak omendu nahi izan ditut, batez ere arrazakeriak gora egin duen honetan”.

“Toki magikoa”

Kuban jaioa (1966) eta AEBetan hazia da Rodriguez-Gerada. New Yorketik Tuterarako bidean, Frankfurteko aireportuan gelditu da hainbat orduz, eta han gogoratu du Avant Garde jaialdiak herri horretako Munster hiriko Documenta arte garaikideko jaialdian duela jatorria. “Jaialdi horrek erakutsi zidan halako jarduerak ez direla zertan hiri handietan egin, eta Tutera toki aproposa izan zitekeela bururatu zitzaidan”.

Erriberako hiria ongi ezagutzen du Rodriguez-Geradak, Tuteran bizi izan baita. Muralismoaren esparruan esperientzia eta izen handiko artista da, eta hiriko karrikak jarduera horrekin uztartu nahi izan ditu. “Tutera toki magikoa da; jaialdian parte hartu duten artista guztiek nabarmendu dute berezia izan dela Tuteran lanean aritzea”. Hiriak ere Avant Garde jaialdia bere egin duela argi du Rodriguez-Geradak: “Herritarrek estimatzen dute; udal talde ezberdinak izan dira urteotan, baina denek eman diote babesa jaialdiari”.

“Kaleko artea espazio publikoa eraldatzeko erreminta indartsu bat da”, erran du Merche Añon egungo udal gobernuko zinegotziak. Are gehiago, gizartea eraldatzeko tresna bat da. Artea, finean. 2010ean egin zuten Avant Garde lehenengoz, eta 2016tik biurteko bilakatu da jaialdia. Urteotan guztietan egindako lanek Tuteran beren tokia hartu dutela argi du Añonek, eta aurtengo jaialdia baliatu nahi dute muralismoak hirian duen espazioari balioa emateko. “Obra batzuk desagertu dira, baina hogeita bat daude hiriko karriketan bisitariek ikusteko zain”.

Hiru artista, hiru estilo

Muralismoak Mexikon du jatorria, 1920ko hamarkadan. Iraultzaren ondorioz, margolari talde bat horma zuriak erabiltzen hasi zen, margoen bidez, irakurtzen ez zekien gizartearen gehiengoari mezu politiko eta sozialak helarazteko. Egun, harago doa, eta arte mota desberdin bat da. Kaleko hormek hartu dute oihal zurien tokia, eta eraikinak arterako espazio eta artearen bozgorailu bilakatu dira.

Muralismoa garatuz joan da, baina astintzeko eta eraldatzeko asmo hori galdu gabe. Rodriguez-Geradaren lanak dira horren adibide, eta Avant Gardera urteotan guztietan ekarri dituen artisten eskutik ere helburu bera izan du. Gainera, egiteko modu ezberdinak zabaltzeko asmoz aritu da, eta aurtengo jaialdiak ere ezaugarri hori izanen du: “Askotarikoa izanen da”.

Parte hartuko duten hiru artisten bidea eta lana nabarmendu ditu komisarioak, hain zuzen. Mina Hamada kolorearekin lotu du, batez ere. “Nire ustez, egun gris samarra den espazio bati emanen dio kolorea Mina Hamadak”. 2009tik, Bartzelonan bizi da artista, eta mundu osoko hainbat hiritan egin ditu forma askez eta kolorez betetako muralak.

Miss Vanek, berriz, mural gutxi egiten du, eta Tuteran artista hori horma irudi bat egiten izatea “gauza handia” izanen dela nabarmendu du, ondorioz, Rodriguez-Geradak. “Zorionekoak gu! Miss Vanek, gainera, estilo berezko eta propioa du, eta merezi du bere lan prozesuari so egitea”, erantsi du komisarioak.

Miss Van 1993. urtean hasi zen margotzen; hogei urte zituen orduan. Bide bat egin du ordutik, eta lanak hiri batetik bertzera eraman du. Emakumeen irudiak bilakatu dira bere obren ezaugarri nagusi, eta argi eta garbi erran du: “Nire margoekin batera garatzen eta hazten naiz. Ezin da bertzela izan, emozioak eta sentimenduak erabiltzen dituzunean margotzeko. Nire buruarekin zintzo jokatzen saiatzen naiz beti”.

Hirugarren eta azken artista Ru8icon da. Tuteran eginen duen lanak “hirira sartzera” deituko ditu bisitariak, Jorge Rodriguez-Geradak erran duenez: “Ru8iconen lanak dibertitzera erakarriko du jendea Tuterara”. AEBetan jaioa da Ru8icon, baina Bartzelona du etxe 2014tik.

Datorren astean, Tuterak emanen die aterpe hiru artistoi, eta herritarrek aukera izanen dute haien lan egiteko prozesua zuzenean ikusteko. Avant Garde jaialdiarekin, gainera, kulturaren konfinamendua amaituko da Tuteran, horixe izanen baita osasun krisia hasi zenetik eginen duten lehendabiziko jarduera. Egungo egoerak, halere, ez dio gehiegi eraginen jaialdiari, komisarioak azaldu duenez. “Aste osoan ariko dira artistak lanean; gurea ez da jendetza batzen duen jarduera bat”.

Lanak, baina, karrikan geldituko dira, amaiera datarik gabeko erakusketa bat osatuz, aurretik egindako muralekin batera. Behin-behinekotasuna berezkoa du muralismoak, zenbaiten ustez, baina Rodriguez-Geradak ez du hori uste: “Pareta ongi prestatuz gero, betiko izan ditzakegu”. Horretan saiatuko dira Tuteran: muralismoa zaintzen eta zabaltzen.