“Eragozpen anitz izan ditugu gertatu dena dokumentatzeko”

“Eragozpen anitz izan ditugu gertatu dena dokumentatzeko”

Edurne Elizondo

Eskarmentu handiko profesionala da Villar Lopez argazkilaria (Iruñea, 1971). Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteko kidea da, eta karrikan eman ditu azken hilabeteak, kamerarekin, osasun krisian gertatutakoa jasotzen. Duela hemezortzi urte hasi zuen bere bidea, eta pandemiak hutsik utzitako karriketako isiltasunak beldurtu egin duela aitortu du. Badu zer kontatu, bai eta zer salatu ere, bere ogibideaz.

Elkarretaratzea egin duzue, Taxoaren. Zer duzue salatzeko?

Batez ere, Espainiako Ligaren jarrera salatu nahi izan dugu, erakunde horrek erabaki duelako guk lana egiteko dugun eskubidea galaraztea: ez digute uzten futbol zelaietan eta entrenamendurako espazioetan sartzen. Berriemaile grafikook lanean jarraitzeko dugun eskubidea aldarrikatu dugu. Segurtasun neurri guztiak betetzeko prest gara, noski. Ezarri diguten protokoloa betetzen dugu lanean ari garen toki guztietan.

Zein da zuek zelaietatik kanpo uzteko arrazoia, zuen ustez?

Lehendabiziko arrazoia ekonomikoa da: Espainiako Ligak behar du lehiaketa amaitu, nahi eta nahi ez; diru anitz mugitzen du futbolak telebistekin dituen kontratuen bidez. Noski, berriemaile grafikook ez diogu dirurik ematen Ligari, eta, gainera, neurri batean ezerosoak gara erakundearentzat, zabaltzerik nahi ez duten argazkiak egin ditzakegulako, adibidez. Ligak informazio eskubidea utzi du bazter, eta ematen du ez dela deus pasatzen. Ezin dugu hori onartu, egoera horrek hurrengo urrats batera eramaten gaituelako: zentsurara, alegia. Iragazitako informazioa ez da informazioa.

Oraingo debekuek izan dezakete eragina osasun krisia pasatu eta geroko egunerokoan?

Uste dugu Ligaren asmoa dela bere kontrola ezartzea. Une honetan, halere, niri iruditzen zait auzi nagusia dirua dela, lehiaketa nola edo hala bukatu nahi dutela, alegia, telebistekin dituzten kontratuak bete ahal izateko. Guk traba egiten ahal diegu, eta horregatik uzten gaituzte kanpo.

Nolakoak ziren zuen lana egiteko baldintzak, osasun krisiak eztanda egin baino lehen?

Ez genuen arazo handirik. Baina egia da urtetik urtera mugitzeko genuen esparrua murriztu egin digutela. Gero eta gehiago mugatu dute zelaiko toki batetik bertzera mugitzeko genuen askatasuna. ez bakarrik gurea; irratiei ere gero eta eragozpen gehiago jarri dizkiete beren lana egiteko. Pentsa, ordaindu egin behar izan dute partida baten kontakizuna egiteko zelaian sartu ahal izateko! Ordaindu egin behar dute lan egiteko. Sinestezina da. Eta kontua da inork ez duela deus erran. Diru anitz dago jokoan; hori da kontua. Profesionalok atzera egiten joan gara, baina une honetan aski dela bertzerik ezin dugu aldarrikatu.

Marra gorri bat zeharkatu dute?

Kontua da jende anitzen lana ere badagoela jokoan. Badira beren kabuz ari diren profesional asko, enpresa baten babesa ez dutenak, eta horiei argazki bakoitzeko ordaintzen diete. Horretaz bizi den jendea bada, eta, zelaietatik kanpo gelditzen badira, lana galtzen dute. Hagitz larria da.

Lehen ere salatu izan duzue gero eta zailagoa zaizuela, anitzetan, lan egitea, eta erakundeek utzitako argazkiak erabiltzen direla gero eta gehiago; Ligaren erabakia bertzerik ez zenuten behar?

Bai; gero eta gehiago, joera da kazetariek lana eginda jasotzea; eta iragazitako informazioa, berriz diot, ez da informazioa. Egia da Ligak negoziatzen hastea erabaki behar izan duela, baina uste dut auziak dituen eta ikusten ez diren alderdi batzuk ahazten ari zaizkigula. Pentsa zelaietara sartzeko eskatzen digutela test azkarrak egiteko. Enpresa batek egin dezake, baina argazkilari autonomo batek, adibidez, ez. Azkenean, ezartzen duten iragazki bat da. Ez dakigu zer erabakiko duten azkenean, baina adi egon beharko dugu.

Karrikara atera zarete egoera salatzera; kazetarien eta gainerako lankideen babesa sentitu duzue?

Argi dugu, poliki-poliki, gisako neurriak ezarriko dizkietela irratiko edo prentsako kazetariei ere. Ez gara bakarrik sentitu, baina egia da oraingoz gu atera garela karrikara. Gure kabuz ere egiten dugu lan anitzetan. Lehen urratsa izan da, eta, segur aski, arazoak bere horretan segitzen badu, jende gehiago batuko da. Ziur naiz lankideek gurekin eginen dutela bat, informazio eskubidea dagoelako jokoan, eta horrek denoi eragiten digu.

Azken urteotan bultzada eman diozue Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteari. Laguntzen du batasunak?

Bai, indar handiagoa ematen digu. Denok batera gehiago lor dezakegu. Gure gremioak anitz sufritu du: sufritu du krisi ekonomikoagatik, krisi teknologikoagatik, bai eta intrusismoagatik ere. Bat egin bertze erremediorik ez dugu, aurrera egiteko.

Futbolaren auzia bazter utzita, nolakoa izan da zuen lana konfinamenduan?

Zaila izan da, egia erran. Eragozpen anitz izan ditugu azken hilabeteotan gertatu dena dokumentatu ahal izateko. Hasieratik nabarmendu dut egungo pandemiak hamaika aurpegi dituela, eta horietako anitz jaso gabe gelditzen ari dira, trabak jartzen dizkigutelako.

Non jarri dizuete traba gehien?

Zainketa intentsiboetako unitateetan, adibidez, hagitz gutxi sartu gara, eta, gehienetan, klinika pribatuetan. Osasunbidean bakarrik sartu dira Nafarroako Gobernuko eta Diario de Navarra-ko argazkilariak, eta utzi dieten tokiraino. Informazioa anitz kontrolatu dutela iruditzen zait, kritikaren beldur direlako. Bertze toki anitzetan dokumentazio lan hagitz onak egin dira. Horretaz ari gara, pandemia dokumentatzeaz, ez morboa sortzeaz. Profesionalak gara; badakigu gure lana egiten. Argi dut erakunde batzuk damutuko direla orain hartutako erabakiez, konturatuko direlako dokumentazioan hutsune handiak daudela.

Zer arlo falta dira?

Zahar etxeak falta dira, adibidez. Ulertzen dut egoera zaila izan dela, eta segurtasun protokoloak betetzea funtsezkoa dela, baina uste dut bazela eman digutena baino tarte handiagoa lan egiteko. Etxean egon diren gaixoen esperientzia dokumentatzeko ere ez dugu aukera anitz izan; ezta beilatokietan eta hilerrietan ere. Irudi asko falta dira. Berretsi nahi dut beti errespetuz egiten dugula gure lana; gertatzen ari dena kontatu bertzerik ez dugu nahi.

Nolakoa izan da krisiaren hasierako karrika hutsetan aritzea?

Interes handiko egoera baten erdigunean egon gara; mundu mailako gertakari baten erdigunean. Film bateko protagonista nintzen sentsazioa izan dut; hiriko isiltasunak beldurtu egin nau tarteka.

Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteak Patxi Calleja kidea galdu berri du, Iruñeko argazkilari ezaguna.

Pena handia dugu ezin izan diogulako merezi zuen agurra egin. Hirian denok maite eta errespetatzen genuen Patxi. Besarkada handia helarazi nahi diogu Carlos Calleja anaiari. Bi argazkilariak dira hiriko historiaren parte.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku