Edurne Elizondo
Aspaldiko aldarrikapen bati erantzuna eman dio NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak, azkenean: Erizaintzako gradua euskalduntzeko bidean urrats bat aurrera eginen du datorren ikasturtetik aurrera, eta, ondorioz, ikasleek euskaraz egin ahal izanen dituzte lehen mailako aurreneko seihilekoko ikasgai guztiak.
NUPeko Ikasketetarako Errektoreordetzako arduradunek eman diote asmo horren berri Administrazioan Euskaraz Taldeari, elkarte horretako kideek urtarrilean egindako eskaeraren haritik. Unibertsitateko agintariek erantsi dute urrats gehiago egiten jarraitu nahi dutela, eta helburua dela Erizaintzako gradu osoa euskaraz eskaintzea.
Euskalgintzako taldeek eta NUPeko bertako ikasleek behin eta berriz salatu dute euskararen egoera unibertsitatean. Izan ere, gaur egun, Irakasletzako gradua da euskaraz egin daitekeen bakarra. Erizaintzako ikasleen artean are ozenagoa izan da hizkuntzari buruzko kexa, ikasleen erdiak euskaldunak baitira. Egun, ordea, lehen mailako aurreneko seihilekoko hiru ikusgai baino ez dituzte euskaraz.
Osasungintzaren esparrutik ere askotan eskatu dute Erizaintza euskaraz ikasi ahal izatea, ikasleek horretarako eskubidea izateaz gain, herritar guztiek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea ere jokoan dagoelako. NUPen trebatuko diren profesionalak euskalduntzea urrats hagitz garrantzitsua da osasungintza bera euskaldundu ahal izateko.
NUPeko Euskara Taldeak ontzat jo du unibertsitateak orain egindako urratsa. “Asko poztu gaitu”, erran dute ikasleek. Halere, argi utzi dute “lan handia” badela egiteko oraindik ere. “Urrats bat gehiago izanen da”.
NUPeko Euskara Taldeko eta Osasun Fakultateko Euskara Taldeko kideek kanpaina bat hasi zuten, euskararen alde, egungo osasun krisiak eztanda egin aurretik. Batetik, sinadurak biltzen aritu ziren, eta, bertzetik, manifestazio batera deitu zuten apirilaren 2rako, baina ezin izan zuten egin.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku