Berriztagarria ez baita berez energia garbia

Berriztagarria ez baita berez energia garbia

E. Elizondo – M. A. Txoperena

Erregai fosilak bazter uztea gero eta premiazkoagoa dela: mezu hori da egungo klima aldaketaren jokalekuan nagusitu dena. Energia berriztagarrien aldeko apustua, baina, ez da arazo korapilatsu eta konplexu baterako konponbide magikoa: berriztagarria ez baita berez garbia. “Gu ez gara energia berriztagarrien aurka; baina denak ez du balio horren izenean”, nabarmendu du Nerea Maia lesakarrak. Herri horretako Auzoberriko Endara Bizirik plataformako kidea da; Nordex Energy enpresak inguru horretan eraiki nahi duen parke eolikoaren kontra sortu dute kolektiboa.

Auzoberrin jaioa da Nerea Maia; txikitan, Miren ahizpa eta bera ziren auzoko haur bakarretakoak. Baina azken urteotan biziberritu egin da, eta, auzoan gelditu diren gazteei eta kanpotik etorri eta etxeak berritu dituzten bizilagunei esker, komunitate bilakatu da Auzoberri, hogei baserri baino gehiagorekin. “Hori dena arriskuan da orain, parke eolikoa eta gure auzoa ez baitira bateragarriak. Egiten badute, auzoa gure belaunaldiarekin edo lehenago galduko da”, azaldu du, argi eta garbi, Agoitz Irazoki plataformako gazteak.

Lesaka eta Bera artean kokatuko litzateke Nordex enpresak egin nahi duen parke eolikoa, eta 11 haize errota izanen lituzke; Auzoberriri ez ezik, inguruko bertze hainbat auzori ere eraginen lioke: bertzeak bertze, Alkaiagari eta Zalain Zokori. Auzo horietako bizilagunekin bilerak egiten hasi dira Endara Bizirik plataformako kideak jada, informazioa zabaltzeko asmoz. Izan ere, Auzoberriko kideek hilaren hasieran izan zuten parkea eraikitzeko proiektuaren berri, tokiko prentsaren bidez. “Informazio gutxi eta kezka handia bada herritarren artean”, erran du Maiak.

Kezka horrek eragin du Lesakako herritarrak azkar mobilizatzea, hain zuzen ere. Proiektua egin nahi zutela jakin bezain pronto, lehendabiziko bilera egin eta plataforma osatzea erabaki zuten Auzoberriko bizilagunek. Lesakako Udalarekin egin zuten aurreneko batzarretako bat: herriko agintariek babes osoa eman diote sortu berri den kolektiboari, eta argi eta garbi hartu dute eraiki nahi duten parke eolikoaren aurkako jarrera. “Hagitz inportantea da hori guretzat; agian udalak kontra egiteak ez du proiektua geldiaraziko, baina udalaren babesa gabe, akabo; ezin izanen genuen deus egin”, nabarmendu du Irazokik.

Endarakoa ez da egun mahai gainean dagoen proiektu bakarra: Iruñerriko iparraldean, adibidez, bertze bost parke eoliko egin nahi ditu Sacyr enpresak. Denera, 56 haize errota jarri nahi dituzte, bakoitza lau megawatteko potentziarekin. “Antza, herrialdearen hegoaldean jar zitezkeen parke guztiak jarri dituzte jada, eta orain iparralderantz zabaldu nahi dituzte proiektuak”, nabarmendu du Sustrai Erakuntza fundazioko presidente Mikel Saralegik.

Kontsumoa murriztu

1994. urtean inauguratu zuten Nafarroako lehendabiziko parke eolikoa, Erreniegan Espainiako Estatuko zaharrena ere bada. Geroztik, bertze berrogei baino gehiago egin dituzte, eta, Nafarroako Gobernuan aurkeztutako proiektuak kontuan hartuta, ematen du joera dela bide beretik jarraitzea.

Egoera horrek agerian uzten du erdigunean dagoen arazo nagusietako bat, Saralegik argi eta garbi salatu duenez: “Ataka txarrean gara klima aldaketaren aurkako borrokan, energia berriztagarriek arazo anitz dituztelako erregai fosilen kontsumoa modu nabarmen batean murrizteko”, erran du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Izan ere, energia eolikoaren aldeko apustuak ez du ekarri erregai fosilak bazter uztea.

Eta kontsumoa da gako nagusietako bat, hain zuzen ere; edo, hobeki erranda, kontsumoa murrizteko beharra. Horretarako, Sustrai Erakuntza fundazioak argi du ezinbertzekoa dela eredu ekonomikoa “erabat aldatzea”. “Guztiz beharrezkoa da energia kontsumoa murriztea. Behar ditugu energia berriztagarria hobeki aprobetxatuko duten sistemak eta antolatzeko moduak”.

Bertzela, ondorio nagusia da gaur egun gertatzen ari dena: “Ez dugu anitzez ere energia berriztagarri gehiago kontsumitzeko aukerarik, baina, bitartean, enpresen helburua da produkzioak gora eta gora egitea, diru gehiago lortzeko”. Parke eolikoak “espekulaziorako tresna” bilakatzen dira, ingurumenaren bizkar.

Azken 25 urteotan, Nafarroako Erdialdean eta Erriberan eraiki dituzte, batez ere, alde bateko eta bertzeko gobernuek sustatutako parke eolikoak. Apustu hori ez da doakoa izan, ordea. “Ingurumenari kalte handia egin diote azpiegitura horiek”. Egindako parke horiek, gainera, ez dute lortu bertze gisa bateko erregaiak bazter utzaraztea. Castejongo zentral termikoek, errate baterako, martxan jarraitzen dute, kontrako hamaika sententzia jaso arren.

“Arazoa ez da Nafarroak ez duela behar duen energia berriztagarria ekoizteko ahalmena; arazoa da Nafarroan ditugun parkeek jada ekoizten dutela herrialdean erabil daitekeen baino energia gehiago, zenbait egunetan”, azaldu dute Sustrai Erakuntza fundazioko kideek. Ondorioz, energia eolikoa sortzeko ahalmenak gora eginen balu, haizea dagoen egunetan elektrizitate soberakina izanen litzateke, eta ekoizten duten enpresek Nafarroatik kanpo saldu beharko lukete. Haizerik gabeko egunetan, berriz, energia berriztagarrien hornidura apala izanen litzateke aurrerantzean ere.

Alternatibak

“Jokaleku horretan, 2030erako energia plana aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, eta bide beretik jarraitzen du: energia ekoizteko egungo ahalmena handitzea du helburu”, salatu du Sustrai Erakuntza fundazioak. Erakunde horren apustua bertzelakoa da: energia berriztagarria hobeki erabiltzeko sistemak eta moduak sustatzearekin batera, egina dagoena baliatzea proposatu dute, kontsumo guneetatik hurbil egonen diren azpiegiturak bultzatzeko. “Hurbiltasunak eta deszentralizazioak izan behar dute ardatz”.

Lesakako Auzoberrin egin nahi duten proiektuari buruz, herritarrek eta udalak bezala, jarrera kritikoa agertu du Sustrai Erakuntza fundazioak ere. “Anitz eskertzen dugu erakunde horren babesa. Auzoan izan dira, parkeak inguruan zer eraginen lukeen gertutik ikusten”, azaldu du Nerea Maiak.

Oraingoz, Nordex Energy enpresak aurkeztutako aurreproiektua dago Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunen mahaiaren gainean. Iradokizunak jasotzeko epea zabalik du gobernuak; bertzeak bertze, Lesakako eta Berako udalen iritzia eskatu du Ingurumen Departamentuak, bai eta hainbat talde ekologistarena ere.

Iradokizun horiek enpresak jasoko ditu, eta hurrengo urratsa izanen da egin nahi duten proiektuak ingurumenean eraginen lituzkeen kalteen inguruko txostena aurkeztea. Nafarroako Gobernuak aldeko edo kontrako iritzia eman beharko dio aurkeztutako txosten horri. Gobernuak ontzat jotzen badu, proiektu zehatza prestatu eta aurkeztuko luke enpresak. “Une horretan, jendaurrean erakusteko epe bat izanen litzateke, eta alegazioak egin ahal izanen genituzke”, azaldu du Maiak.

Nordex enpresaren egitasmoak zer bide eginen duen zain dira Endara Bizirik plataformako kideak. Horrek ez du erran nahi, halere, geldirik direnik. “Gure asmoa da Bortzirietako herritarren eta erakundeen babesa jasotzea, denen artean indar handiagoa egiteko”, azaldu du Nerea Maia kideak.

Hasi duten borrokan, hain zuzen, auzoa dute irabazteko. Ez hori bakarrik: auzoko bizimodua, ingurua eta etxe bilakatu duten lurraren alde egin duten hautua ere bai. Irazokik berretsi du: “Parkea eta gu ez gara bateragarriak”.