Ziva eta Melba hartz emeak eta Iosu Anton Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko basozaina garai berean iritsi ziren Pirinioetara, 1990eko hamarkadan. Frantziako Gobernuak Eslovenian harrapatu zituen hartz arreok, Pirinioetako populazioa sendotzeko asmoz. Urte haietan, kinka larrian ziren hartzak mendiotan, bospasei bertzerik ez baitziren gelditzen. Ziva eta Melba 1996an askatu zituzten, eta, handik urtebetera, Pyros arra. Anton 1996an hasi zen Pirinioetan lanean, eta, handik urtebetera, Camille hartza iritsi zen Biarnotik (Okzitania) Erronkaribarrera. Basozainak hartzekin lotu duen bide bat hasi zuen orduan.
30 urte joan dira lehenbizikoz Esloveniako hartzak Pirinioetan askatu zituztenetik, eta populazioaren egoera erabat irauli da geroztik: egun 108 hartz daude, azken datuen arabera. Espeziea ez da salbatu oraindik, baina animalion etorkizuna ez da 1990eko hamarkadan bezain iluna: populazioa urtean %11 inguru handitzen ari da.
2018an askatutako Claverina hartzaren oinatza. IOSU ANTON
Ziva, Melba eta Pyros izan ziren lehenak, baina gerora bertze hainbat hartz askatu zituen Frantziako Gobernuak Pirinioetan: Palouma, Sarousse, Hvala, Franska eta Balou 2006an, eta Claverina eta Sorita 2018ko udazkenean. Azken bi emeok mendebaldeko gunean askatu zituzten. Soritaren hiru kume dira Nafarroako Pirinioetako basoetatik gehien pasatu direnak —Larry eta Beroi, biak 2021ean jaioak, Biousekin batera, eta Rey, 2023an jaioa, Arriurekin batera—, eta, aurretik, baita Camille eta Nere ere.
«Ziur dakigu Larry, Beroi eta Rey Nafarroan izan direla azken urteotan, azterketa genetikoek hala baieztatu baitute». Iosu Anton basozainak lantoki dituen mendietan erran ditu hitzok, maiatzeko goiz argi eta epel batean. Hartzek erabilitako bidexkatik gora, bezperako ekaitzek sortutako putzuen ondoko lokatzari so egin dio, oinatzen bila. Orkatzarena eta basurdearena agertu dira; hartzaren arrastorik ez, ordea.
Basozain bat ardiak babesteko hesi elektriko bat jartzen, Erronkaribarren. NAFARROAKO HITZA
Antonek hamabost basozainez osatutako talde bat zuzentzen du Pirinioetan; Zaraitzun, Erronkaribarren eta Iratiko basoan aritzen dira lanean. Anton eta bertze hiru basozain Izabako artzain batentzat hesi elektriko bat jartzeko elkartu dira mendian. «Hartza inguruan badabil, ardiak han sartzea eta babestea da kontua», azaldu du basozainak. Nabarmendu du iaz eraso bakar bat ere ez zela izan, hartza Nafarroan egon arren: hemeretzi lorratz aurkitu zituzten.
Camille Nafarroara iritsi zeneko garaia oroitu du Antonek; hartzak 1997an egin zuen Nafarroarako bidea, baina hurrengo urtean egindako erasoek piztu zuten animaliaren inguruko zalaparta. 1982tik hartzik ez zen Nafarroan, eta Camille Erronkaribarren agertzeak hankaz gora jarri zituen abeltzainen errutinak.
Basozainenak ere bai, animalion urratsei jarraitzen hasi behar izan baitzuten. «1996an, Oso Pardo fundazioak antolatutako ikastaro bat egin genuen. Aragoiko [Espainia] basozainentzat egin behar zuten; Aragoikoek abisua eman ziguten, eta departamentuko arduradunei azaldu genien guk ere egin nahi genuela. Baiezkoa eman ziguten, eta Palentziako Mendialdera [Espainia] joan ginen ikastaro hura egitera. Anitz ikasi genuen», kontatu du Antonek.
Azterketa genetikoak
Hartzen populazioaren egoera anitz aldatu da Pirinioetan, eta animalion urratsei jarraitzeko moduak, bertze horrenbertze. «Hasieran, oinatzak erabiltzen genituen lorratz nagusi gisa», erran du Antonek. Hartzak identifikatzeko modu horrek, baina, huts egiten zuen tarteka, eta gertatu zen hartz berari bi izen egokitzea, hau da, Pirinioetako alde bateko eta bertzeko basozainentzat bi hartz zirenak animalia bera izatea.
Hartzei jarraitzeko moduak garatuz joan dira, eta, horri esker, basozainek gero eta zorrotzago egin ahal izan dute lan. Egun, hartzen ileen eta gorotzen bidezko azterketa genetikoak dira animalion inguruko informazioa jasotzeko bide nagusia. Basozainek eskularruak eta maskarak erabiltzen dituzte arrastoak jasotzeko, eta autoan poltsa bat izaten dute beti, lorratz oro hartzeko materiala biltzen duena.
Camille hartza; 1997an agertu zen Erronkaribarren. NAFARROAKO GOBERNUA
Hartzek baliatzen dituzten bidexketan jarritako argazki eta bideo kamerak ere informazio iturri inportantea dira. Antonek gogoratu du garai batean tuperretan sartzen zituztela basozainek eskuz moldatutako kamerak: «Hartzak zapaldu behar zituen plakak erabiltzen genituen hasierako garai haietan; oraingo kamerak edozein mugimendu sumatzeko gai dira, eta badira egindako argazkiak sakelakora bidaltzen dituztenak ere», erantsi du.
Pirinioetako hartzen populazioak ukitzen dituen administrazio guztiek erreparatzen diete animalioi. «Nork bere lana egiten du, eta nork bere datuak jaso; informazio guztia Biodibertsitatearen Frantziako Bulegora helarazten dugu, eta erakunde horrek osatzen du denek elkarrekin adostutako urteroko txostena», esplikatu du Antonek. «Elkarlanean aritzen gara».
Camille, aurrez aurre
Administrazio bateko eta bertzeko basozainek badute elkarri zer irakatsi. Nafarroan orain hasi dira, Frantzian, Katalunian eta Espainian egin bezala, hartzak hartzen duen lurraldea laukitan banatzen. «Frantziak, adibidez, 4x4ko eta 8x8ko laukiak egin ditu; hartza ugaltzen den eremukoak 4x4koak dira. Horietan, ibilbide bat zehaztu dute, eta hartzen ileak harrapatzeko hainbat tranpa eta kamera bat jarri. «Hemen gisa berean lan egiten hasi gara aurten, 2018tik jasotako arrastoak oinarri hartuta».
«Ziur dakigu Larry, Beroi eta Rey Nafarroan izan direla azken urteotan, azterketa genetikoek hala baieztatu baitute»
IOSU ANTON Nafarroako Gobernuko basozaina
2018. urtea, hain zuzen, giltzarri izan da Pirinioetako mendebaldeko hartzentzat, Sorita eta Claverina ailegatu arte emerik ez baitzen gune horretan. Ehiztari batek akabatu zuen azkena, Canelle, 2004. urtean. Handik urte batzuetara hil omen zen Camille, 2010ekoak baitira haren azken arrastoak. Antonek bitan topo egin zuen Camillerekin, aurrez aurre. «Bietan, nigandik zazpi urratsera egon zen». Eta bietan «lasai» alde egin zuen hartzak, basozainak nabarmendu duenez.
Camilleren garaitik gauzak «anitz» aldatu direla berretsi du. Antonek azpimarratu du prebentzioa hartu dutela ardatz, eta 2018tik Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak sustatuko neurriek helburu horixe izan dutela: «GPSak jarri dituzte artaldeentzat, mastinak ardiak zaintzeko, eta hesi elektrikoak; gainera, diru laguntzak eman dituzte artzainak kontratatzeko». Informazioa ere hartzaren inguruko lana egiteko tresna bilakatu dute, erasoei aurrea hartzea baitute helburu.
Beroi hartza, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko basozainek jarritako kamera batek harrapatuta. NAFARROAKO GOBERNUA
Nafarroako Gobernuak, hain zuzen, Ososennavarra.es webgunea prestatu du, eta hartzaren arrastoren bat aurkitzen dutenean edo hartzen bat argazki edo kameraren batean ateratzen denean, horren berri jartzen dute web orrian. «Hori egin baino lehen, informazio hori Erronkaribarko abeltzainekin eta agintariekin dugun Whatsapp taldean jartzen dugu, zehatzago. Hartza artzain jakin baten ardien eremutik gertu badago, gainera, zuzenean deitzen diogu, bertze deus baino lehen, horren berri emateko. Gardentasuna da nagusi».
Camillek eta Nerek noizbait erabilitako bidexkan gora, gailupa eme baten hegaldiak atentzioa eman dio Antoni. Litekeena da arra hurbil egotea, baina basozainak ez du haren arrastorik ikusi. Hartzaren lorratzik ere ez, oraingoan. Basozainek hesi elektrikoa jartzeko lanak amaituta utziko dute mendia. Han geldituko dira hartzen ileak eta irudiak harrapatzeko tranpak eta kamerak. Basoko egunerokoaren lekuko isilak.
Hartzek zenbat eraso egin zituzten 2024an. Hartzek hamahiru eraso egin zituzten 2024. urtean Erronkaribarko mendietan, eta denera hogei ardi hil. Urte osoan animalion hirurogei arrasto baino gehiago aurkitu zituzten.
Hartzen zenbat arrasto aurkitu zituzten iaz. Hartzen 3.200 lorratz baino gehiago aurkitu zituzten iaz Pirinioetan, Biodibertsitatearen Frantziako Bulegoak zabaldutako azken datuen arabera.
