Edurne Elizondo
Lehendabiziko lana da beretzat, eta sumatzen zaio esperientziak bete egin duela. Eman dizkion aukerekin, bai eta bidean aurkitutako zailtasunekin ere. “Oso bide aberasgarria izan da”, kontatu du Eloy Orzaiz musikariak, Pau Casals: miralls- reflets aurkeztu berri duen diskoari buruz. Piano jotzailea da Orzaiz, eta Naaman Sluchin biolinistarekin batera grabatu du Casals biolontxelo jotzaile kataluniarra omendu nahi duen lana. Bien artean pentsatu eta prestatutako disko bat da, eta diru bilketa publiko bat egin eta gero gauzatu ahal izan dute.
Beren diskoa grabatzeko, 5.000 euroko diru bilketa publikoa jarri zuten martxan Orzaizek eta Sluchinek; jaso dute hurbilekoen laguntza, espero bezala, baina Orzaizek atseginez nabarmendu du Casalsen omenezko lanak piztu duela bertze jende anitzen interesa ere. Egileen interesaren lehen txinparta, berriz, Casalsen partitura jakin batek piztu zuen: musikariaren biolin eta piano sonatak. Lan horrek ekarri du disko batekin burutu den prozesua.
Iruindarra da Orzaiz, eta, Iruñean eta Donostiako Musikenen ikasketak egin eta gero, Herbehereetarako bidea hartu zuen lehendabizi, eta Suitzarakoa gero. Zortzi urte eman ditu nafarrak Basilea hirian, hain zuzen, eta handik Iruñera itzuli da orain, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko klabezin irakasle aritzera.
“Basilean ezagutu nuen Naaman [Sluchin]; hasieratik izan genuen harreman ona, baina gauza bat da lagunak izatea, eta beste bat elkarrekin jotzeko bat egitea eta gustura aritzea”. Musikariek lortu dute, eta, horregatik, Orzaizek jakin zuenean Sluchinek Casalsen lan baten partitura bat bazuela, mamitzen hasi ziren lan horren inguruan disko bat egiteko proiektua. Sluchinek Pradako Pablo Casals jaialdian jaso zuen konpositorearen partitura. “Casalsen erbesteko sonata da”, azaldu du Orzaizek.
Izan ere, Francoren diktadurari ihes egin, eta Roselloko Pradan (Herrialde Katalanak) bilatu behar izan zuen aterpe Casalsek. Frankismoaren aurka egin zuen beti, gogor. San Juanen (Puerto Rico) zendu zen, 1973. urtean. “30 urteko erbestean izan zuen pieza hori bidelagun. Apenas dagoen lan horren grabaziorik, eta musika klasikoaren munduan ia ezezaguna da”, kontatu du piano jotzaileak.
Casals, Gaubert eta Manen
Casalsen sonatarekin batera, bertze bi pieza jaso dituzte Orzaizek eta Sluchinek aurkeztu berri duten diskoan: batetik, Philippe Gauberten biolin eta piano sonata; eta, bertzetik, Joan Manenen Kapritxo katalana. Bi musikariok lagun izan zituen Casalsek; Parisen ezagutu zuen Gaubert; hiri horretako Ecole Normaleko irakasle izan zen, kataluniarrarekin batera. Manen, berriz, herrikide izan zuen Casalsek, eta lagun minak izan ziren biak. Musikaren esparruan ere anitzetan aritu ziren elkarlanean.
Casals eta haren lana dagokien testuinguruan jarri nahi izan dituzte Orzaizek eta Sluchinek egin duten diskoaren bidez. Horregatik, hain zuzen ere, xehetasunak zaindu nahi izan dituzte, lanak bere zentzu osoa lor dezan. Horren adierazgarri da diskoa grabatzeko aukeratutako tokia: “Casalsen sorterrian grabatu genuen, El Vendrellen”. Tarragonako herri horretan jaio zen Casals, 1876. urtean, eta haren izena duen auditoriuma aukeratu zuten Orzaizek eta Sluchinek diskoa prestatzeko.
La Ma de Guido etxearekin plazaratu dute diskoa musikariek. “Lau egunez aritu ginen grabatzen; hamar edo hamabi orduko saioak egiten genituen. Dena grabatzen zen, eta, une oro, hamaika mikrofonok inguratuta geunden. Ez zen lan erraza izan, baina esperientziak merezi izan zuen”, gogoratu du Orzaizek.
Diru bilketan parte hartu zutenak hasiak dira Casalsen omenezko diskoak jasotzen. Lanaren berri emateko antolatutako kontzertuak, baina, bertan behera gelditu dira koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz. “Kataluniako hainbat auditoriumetan jo behar genuen, baina krisiak betean harrapatu gaitu. El Vendrellen egin behar genuen kontzertua hurrengo urtean eginen dugu; gainerakoak bertan behera gelditu dira”, erran du Eloy Orzaizek, triste samar.
Izan ere, diskoaren eta musikarien helburu nagusia jotzea da, eta beren emanaldien bidez Casalsen eta gainerako musikarien lanak ezagutaraztea eta zabaltzea. Kontzertuak egiteko aukera berrien zain, diskoa dute Orzaizek eta Sluchinek hori egiteko. Kontent dira emaitzarekin, eta, batez ere, Casals omentzeko pentsatu, prestatu eta gauzatutako beren proiektua burutu ahal izan dutelako.